GAUR8 - mila leiho zabalik

Obama, Otegi eta Gates: ironia kontu serioa da


Ironiak harreman estua du umorearekin, baina ironia ez da txantxetako kontua. Ironiko izateak badu arriskurik; ironia kontu serioa da. Esan ohi da ez erabiltzeko ironiarik ezin badiozu entzuleari begietara begiratu: ez izan ironiko komunikabideetan, ezagutzen ez duzun jendearekin, ulertuko ez dizunarekin.

2008ko uztailaren 21ean “The New Yorker” aldizkariaren azalean “Beldurraren politika” izeneko marrazkia argitaratu zuten. Barack eta Michelle Obama agertzen dira marrazkian, ukabila ukabilari joz. Michelle Obama ile afroz ageri da, janzkera militarrez eta AK-47 bat sorbaldan zintzilik; bere gizona, berriz, tunikaz eta turbantez dago jantzia, musulmanen estilora. Bien atzean, Osama bin Ladenen argazkia dago markoan sartuta, paretan, handi-handi; haren azpian, tximiniaren sutan, Estatu Batuetako bandera kiskaltzen ari da. Hauteskunde-kanpaina betean ziren egun haietan estatubatuarrak, eta denetarik esana zen Obama senar-emazteei buruz ordurako: musulman erradikalak zirela, Estatu Batuen aurkako kanpaina baten parte zirela, terroristen lagunak, edo are Michelle Obama Pantera Beltzen oinordeko zela.

Erreakzioak berehalakoak izan ziren: aldizkariaren harpidetza etetearekin mehatxu egin zuten askok, obamatarren aurkako eraso bortitz eta gustu txarrekotzat hartu baitzuten marrazkia. Han erakusten zirenak, gainera, gezur biribilak ziren, eta ez zen serioa aldizkari batek gezur horiek azalera eramatea. “The New Yorker”-ek honela erantzun zuen: jakina ez zela serioa. Jakina gezur biribilak zirela. Hain biribilak eta hain begien bistakoak zirenez, irakurleek ulertu behar lukete aldizkariaren intentzioa satira egitea zela: obamatarrei buruz esan ziren gezur guztiak marrazki batean bilduta erakutsiz horixe erakutsi nahi izan zuten, zentzugabeak zirela, gezur hutsak, serio ez hartzeko modukoak.

Ironiak badu alderdi paradoxiko bat: ezin da oso nabarmena izan, inplizitu izatea baita bere funtsa, baina, era berean, izan behar du hartzaileak ulertzeko modukoa, bestela ez baitu nahi duena komunikatzea lortuko. Ilunbistan lan egiten du beti ironiak.

Gurean duela gutxi izan dugu antzeko kasu oso desberdin bat. “H28” aldizkariak Internet sarean argitaratu berri duen marrazki batean, Arnaldo Otegi eta Bill Gates ageri dira. Otegik txerto-ziurtagiria erakusten du, eta Gatesek bizkarrean ematen dio, tap-tap, ederki ari dela esanaz bezala. Marrazkiaren azpian argibideak ematen dizkigu autoreak: Otegi borrokalari iraultzaile birgizarteratua omen da; Gates, aldiz, eugenista deklaratua, Pfizerren akziodun nagusia ere bai, eta munduko populazioa %10 edo %15 murriztu nahi omen du. Obamatarren marrazkiarekin antzekotasun handia du Patxi Gallegorenak: horiek guztiak esan izan dira lehenago ere gatestarrei buruz eta, obamatarrei buruzkoak bezala, hauek ere faltsuak dira denak.

Desberdintasun handi bat ere bada, ordea: badirudi Gallegok ez ziela horrelako gauzak esan dituztenei egin nahi barre, ezpada Otegiri eta Gatesi (edo txertoaren aldekoei eta ezker abertzaleari? Denei, akaso).

Iritzi askatasuna eta informazio zuzena

Eztabaida piztu zen sarean marrazki honekin ere. Eztabaidaren gakoan zera jarri zen, ea zilegi den horrelako gauza faltsuak esatea, publikoki, aldizkari batean. Iritzi-askatasuna eta informazio zuzena jasotzeko eskubidea, biak parez pare, aspaldi honetan gehiegitan ikusi ditugun gisan. Beste elementu bat ere bada oraingoan tartean, ordea: aldizkari satiriko bateko marrazki bati buruz ari gara. Alegia, marrazkiak umorezko kutsu nabarmena du, eta ezin omen zaio umoreari mugarik ipini. Tira, ez diot horri kontra egingo: egin dezakegu barre edozeri edo edonori buruz, gehiago edo gutxiago gustatu. Baina eztabaidagaia ez zen ea barre egin daitekeen Otegiri edo Gatesi edo txertoei buruz; eztabaidan zegoena zera da, ea zilegi den umorearen aitzakian gauza faltsuak adieraztea. Eta, hara, horrekin ez daukat zalantza handiegirik: umoreak ez du gezurretan ari dena kulpaz garbitzen. Umorearen bidez, satirikoki, ironikoki edo txantxetan adierazten diren gezurrak ere, gezurrak dira. •