GAUR8
TXAKURREN LUXUA

Hegoafrikan, pobreziaren artean, eliteen txakurrek luxuzko bizitza dute

Etxegabeentzako ostatu baten aurrean eta izugarrizko ezberdintasun soziala duen herrialdean, Hegoafrikako biztanle arrunt askorentzat pentsaezinak diren luxuez gozatzen dute eliteen txakurrek: kalitate handiko altzariak dituzten gela pribatuak, edari bereziak edo ekialdeko terapiak.

Koktelak, kuxinak eta marko urreztatuak. Luxuzko gelak dira, Lurmutur Hiriko etxegabeentzako ostatu gune baten aurrean dagoen hotel batean, jabeen oporraldian zainketa txikiak jasotzeko langile bati lagatako zakurrentzat.

Hegoafrikan, munduan ezberdintasun sozial handienetakoak dituen eta covid-19aren pandemiak pobrezia are gehiago areagotu duen herrialdean, txakurrak ez daude nahitaez eskala sozialaren behealdean eta ez dira beti okerren bizi direnak.

SuperWoofenean hiru teckel nagi daude ohe handi batean, gurutzatu batek zaunka egiten du etengabe eta schnauzer nano batek gelan zabaltzen den Bob Marleyren musika jarraitzen du adi-adi.

Txakur bakoitzaren izena apaletan idatzita dago, eta bertan kontu handiz pilatzen dira bakoitzaren gauzak.

Geroxeago, animaliek ilunabarraz gozatu nahi badute, aldi berean ChamPaws botila bat edan ahal izango dute, hau da, ura, arrosa petaloak eta rooibos –Hegoafrikan ezaguna den sasi hosto gorri baten infusioa– biltzen dituen koktela.

Eta hau ez da mota honetako establezimendu bakarra. Handik hamar bat minutura, Bo-Kaap auzoko etxe koloretsuetan, AtFrits izeneko beste ostatu batek hartzen ditu txakurrak.

Higiezinen agentea da Tilana Kruger, 35 urte ditu eta hantxe utzi du «Beagle» kuttuna. Modako tabernen, arte galerien eta sushi tabernen artean kokatua, bere txakurrarentzat «beste etxe bat» dela esan du. «Ezin du itxaron, hara joateko autotik salto egiten du irrika biziarekin», gaineratu du.

«Suite presidentziala»

Baina txakurren erreinuan ere ezberdintasunak daude. Atal merkean, animaliak espazio komun batean edukitzen dituzte, eta sofa batzuen gainean jartzen dituzte Animal Planet telebista kate espezializatua aurrean dutela.

Elite kaninoak, aldiz, «suite presidentzial» pribatua erreserba dezake: argimutil barrokoak, paper margotu bikainak eta hormetan erretratuak.

Suit horietako bati “K9 Nkandla” izena jarri zioten, Jacob Zuma presidente ohiaren luxuzko etxearen izena. Hain zuzen, diru publikoa erabilita milioika dolarrekin berritu zuen, eta bere agintaldian pilatu ziren ustelkeria eskandaluetako bat izan zen.

Hurrengo garestienak 535 rand balio du, 30 euro egunean. Konparazio gisa, herrialdeko pobreziaren atalasea hilean 890 rand da (50 euro).

Animalientzako gehiegizko luxu honek –poliziek txakurrak apartheidaren aurkako manifestazioak erreprimitzeko askotan erabiltzen dituzten herrialdean– polemikoa izaten jarraitzen du, eta sarritan kritikak jasotzen ditu.

Yanic Klue AtFritsen jabeak kritika hauei erantzun die: «37 langile ditut, eta soldata ordaintzen diet». Bestalde, bere irabazien %10 kaleko txakurren alde ematen duela nabarmendu du, bereziki esterilizatzeko. Proiektu sozial bat ere zuzentzen du, townshipetako (inguru pobretuak) emakumeei txakurrentzako arropak josten irakasteko. Gero, hoteleko dendan saltzen ditu.

«Norbaitek bere txakurra baldintza hauetan mantentzeko ahalmena badu, hori bere esku dago», adierazi du Hassan Khan etxegabeentzako zentroko langileak.

Jabearengandik urrun egoteagatik antsietatea duten txakurrentzat, hotelek terapia sorta zabala eskaintzen dute, hala nola: kristalen bidezko zainketa eta reiki japoniar metodoa. Txakurrek ere «txakrak dituzte eta blokeoak dituzte», dio Kluek.

Eta jabeen antsietatea baretzeko, geletan jarritako kamerek urrunetik ikusteko aukera ematen diete: «Petflix».