Koldo Sagasti

Oso erresuma lurtarra

Erakunde pribatu bateko ordezkaria agertu da jabetza erregistroan ordura arte jaberik ez zuen orube edo ondasun higiezin bat bere izenean inskribatzeko. Izapidearen kostua ordainduta, 30 euroren bueltan, bere izenean jarri du eraikin, lursail, etxebizitza edo baseliza bat, magia trikimailua bailitzan. Jokaldi honek izen xelebrea dauka egilea Eliza katoliko sakrosantua denean: immatrikulazioa. 1998an Jose Maria Aznarrek frankismo garaietatik berreskuratu eta legeztatu zuen jardunbide hori baliatuta ez dira gutxi Elizak bere izenean erregistratu dituen ondasunak, zehatzago, 35.000 inguru espainiar estatuan, 3.000 Nafarroan eta 530 EAEn. Aberastasuna metatzeko lasterketa zoro horretan behinola udalenak edo, besterik gabe, herri ekimenarenak ziren mota guztietako onibarren jabetza bereganatu dute isilean, mahastietatik hasita Oiz mendiko tontorrera, Donostiako edo Tuterako katedraletatik pasatuta. Egia da, halaber, Gobernuarekin adostutako akordio baten ondorioz, erakunde katolikoak damua agertu, ondasun horietako gutxi batzuen egoera irregularra aitortu, eta administrazio publikoari bueltatzeko prestasuna agertu duela. Baina bueltatutakoa ez da iritsiko, nonbait, bereganatutakoaren %2ra ere. Negozio borobila.

Bitxia da beren erresuma zerutarra dela eta bizitzaz haragoko munduan gozatuko dutela aldarrikatzen duten horiek hainbesteko grina izatea ondasun materialak bizitza honetan pilatzeko. Ez dakit nik, baina esango nuke istorio honetan zerbaitek kale egiten duela.

Ez dakit betiereko bizitzaren promesa egiten digutenean edo ondare komuna lapurtzen digutenean, baina batean edo bestean iruzur egiten digutelakoan nago. Edo batek daki, akaso bietan. •