GAUR8 - mila leiho zabalik

Kazetari kazetari (I)


Real Decreto 860/2010» eta «Real Decreto 665/2015». Horrela idatzita askorentzako besterik gabe bi dekretu dira. Jakin nahiko zenukete zer ezkutatzen duten atzean? Lehenengotik bigarrenera ez zen ezer aldatu praktikan, bata bestearen luzapen bat besterik ez da. PSOEk gobernatzen zuen Espainian lehenengoan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea buru, eta PPko M. Rajoyk bigarrenean.

Laburbilduz, biek ala biek diotena da Kazetaritzako lizentzia dugunok ezin ditugula hezkuntzan eskolak eman. Ordura arte, 1995etik aitzina, ikasketa horiek genituenok Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan irakasle aritu gintezkeen, zehazki Gaztelania eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntzan; Euskal Herrian, baita Euskara eta Euskal Literaturan ere.

Betidanik iritsi zaizkit mezuak: «Ez dakit nongo ikastetxean Euskara irakaslea behar da» edo «ez dakit nongo ikastetxean Gaztelania eta Literatura irakaslea behar dugu berehala hasteko». Zerrendak hutsak omen daude beti eta dirudienez Euskal Filologiako (edo beste filologietako) eta Itzulpengintzako lizentziadunekin ez dira sekula eskatzen diren postuak betetzen.

Ekonomiaz pixka bat badakit eta eskaintzaren eta eskariaren legea aplikatuz, argi ikusten dut hemen konponbidea zein den. Hau da, kazetari pila bat gaude langabezian, batzuk prest hezkuntzan sartzeko. Ahalbidetu berriz kazetariok hezkuntzan sartzea eta kitto. Konponbidea badago, ez dakit zergatik sortu nahi dituzten orain beste soluzio batzuk, adibidez, edozein karrera + 4. hizkuntza eskakizuna dutenek posible dute kazetarioi kendu dizkiguten ikasgaietan aritzea eskolak ematen. Honekin ere, ez da oso aztia izan behar, ez dute eskaintza beteko; egoera hau estaltzeko adabaki bat besterik ez da.

Gobernuan zaudeten horiek, ez inbentatu soluzio berriak (eta txarrak), soluzioa (eta ona) inbentatuta dagoenean, eta itzul gaitezen 2010. urtea baino lehen zegoen egoerara. Denontzat hobeto, akabo arazoa. •