GAUR8 - mila leiho zabalik

Hoa Munilla, hoa!


Ez dakizue, baina bai, “monagillo” izan nintzen 10 urterekin Usurbilgo Salbatore elizan, kuadrillako beste dozena erdi gazte inozente bezalaxe. Mezak laguntzen nituen albotik, gona gorri eta blusa zuritan txintxo. Eta hileta elizkizunetan gorpua elizatik hilerrira gidatzen genuen itzain egurrezko gurutze beltz galanta eskuetan. Ondoren apaiza eta atzetik senideak eta herritarrak.

Tarteka mezarako koroan abestu, tarteka binajeratarako ardo goxoa eta ostiak lapurtu. Inozentzia garaia zen, begiak irekitzen hastekoa. Bizitzaz ez genekien ezer, baina zeinen argi genuen “JulianTxiki” eta Benantxio apaiz oso jatorrak zirela eta, aitzitik, beldurgarriak zitzaizkigula Don Julian erretore erraldoia, bere txapel eta guzti, eta Don Francisco “Zubietako apaiza”, frankista.

Lehenak, kale jantzian, oso hurbilekoak alaiak eta goxoak ziren. Beste biak aldiz, lurrerainoko sotana beltzean bilduta, kopetilun eta serio-demonio egiten ziguten errieta. Francoren garaia zuri-beltzekora lotu nahi gintuzten, “Nodo”-an bezala. Iskin egiten genien eta betirako joan zirenean poztu egin ginen, ezin ukatu.

Munilla ikusten dudanero haurtxo haren begitxo dardartiak sentitzen ditut, eta horietatik argi dut ikusten beldurra sorrarazten duen horietakoa dela. Don Franciscok bezala gizartea atzera eraman nahi izan duela hamabi urte luze hauetan, txuri-beltzera. Eskerrak ez dakit nori, azken meza pasa den igandean eman ondoren, badoa Gipuzkoako gotzain Munilla jauna, eta gipuzkoar gehienak, baita kristauak ez garenak ere, poztu egiten gara, ezin ukatu.

Hoa Munilla. Hoa! Urrun eta betiko. Amen. •