Juantxo EGAÑA

ATANO III.-A ETA HARANBILLET txapeldunak

1944ko irailaren 16an Munduko Pilota Txapelketako finala jokatu zen Donostiako Gros pilotalekuan, Mariano Juaristi «Atano III.a» eskuz eskuko txapeldun azkoitiarraren (1904-2001) eta Jean Baptiste Harambillet halaber txapeldun ezpeletarraren (1917-1997) artean. Gipuzkoako prentsak Atano III.aren nagusitasunaren berri eman zuen, azkoitiarrak jantzi baitzuen txapela. 1945eko urtarrilaren hasieran, Bordelen argitaratutako “L’Athlète” kirol egunkariak, bere azalean, protagonista berberak zituen trinketeko Munduko Pilota Txapelketaren finalaren berri eman zuen. Kasu honetan, Ipar Euskal Herriko hedabideek lapurtar pilotariaren nagusitasunaren berri eman zuten, gipuzkoarraren aurka txapela jantzi baitzuen, eta titularretan zera esan zuten: «J.B. Harambillet txapeldun handiak Atano III.a suntsitu egin du». Artikulua ilustratzen duen irudian Jean Baptiste Harambillet eta Mariano Juaristi «Atano III.a» pilotariak ageri dira 1944ko irailaren 16an Gros frontoiko kantxan sartzen, Isidro Ansorena eta Secundino Martinez de Lecea txistulariekin batera.