GAUR8 - mila leiho zabalik

Benny Wenda lehendakaria


Benny Wenda, Mendebaldeko Papuako behin-behineko lehendakaria, ezagutzeko aukera izan dut. Indonesiako kartzela batetik ihes egitea lortu zuen eta geroztik Erresuma Batuan bizi da, exilioan, errefuxiatu politiko estatusarekin. Mendebaldeko Papuako tribu eta alderdi ezberdinak lehenengoz batzea lortu zuen liderrak melanesiar herri honen aldarria ordezkatu eta defendatzen du munduan zehar, lau haizeetara. Euskal Herrira iritsi zaigu horretarako ere.

Ezin da ulertu Mendebaldeko Papuak egun bizi duen egoera, urteetako politika koloniala kontuan hartu gabe. Ezin ulertu Indonesiaren jarrera bidegabea, Papuak dauzkan baliabide naturalak (urrea, gasa eta petrolioa, besteak beste) ezagutu gabe. Nazio Batuek Mendebaldeko Papua deskolonizatu beharreko herrien zerrendatik atera izanak ez dauka ez hanka ez bururik; ezin da ulertu nazioarteko politikan estatu boteretsuek erabiltzen duten indarra ulertu gabe.

Indonesiak ez die nazioarteko kazetariei eta nazioarteko giza eskubideen erakundeei Papuan sartzen uzten. Isolamendua erabatekoa da. Sistema guztiz arrazista ezarria dago Papuan, bertoko biztanleak erabat baztertzen dituen apartheid sistema bat. Egun hauetan Wenda lehendakariari entzundako datu adierazgarri bat aipatu nahi nuke. 70eko hamarkadan Papua Ginea Berriak eta Mendebaldeko Papuak jatorrizko populazio oso antzekoa zeukaten. Egun, bien arteko diferentzia izugarria da. Benny Wendak aipaturiko datuen arabera, Mendebaldeko Papuan bi milioi eta erdi papuar bizi dira eta Papua Ginea Berrian, zazpi milioi eta erdi. Atera kontuak. Horregatik ere, nazioartean Wenda lehendakariak egiten duen lanak are garrantzia handiagoa dauka.

Papuar Nazioa Askatzeko Mugimenduak estrategia argia dauka. Giza eskubideen urratzeen salaketak nazioartean lau haizeetara zabaltzea eta Nazio Batuek Mendebaldeko Papua deskolonizatu beharreko herrien zerrendara bueltatzea. Bide horretan, Melanesian Spearhead Group (MSG) taldeak jokatzen duen papera bereziki garrantzitsua da. Eta zer da MSG deritzon hori? Melanesiar estatu independenteak biltzen dituen Europar Batasun moduko bat. Vanuatu, Fiji, Papua Ginea Berria eta Salomon Uharteak dira MSG taldean dauden estatuak. Horraino, dena normal, baina Kanakyko FLNKS nazio askapen mugimendua ere eskubide osoko kide gisa onartua dute eta Mendebaldeko Papuar Nazioa Askatzeko Mugimendua begirale gisa ere bai. Goraipatzekoa da melanesiar estatu independenteek, MSG deritzon taldeak, nazioarteko politikan, estaturik gabeko melanesiar herriekiko jokatzen duen ezohiko papera. Nazioarteko politikan ez da ohikoa printzipioak interesen aurretik jartzea. Nik antzeko kasu bakarra ezagutzen dut. Nordic Council (Iparraldeko Kontseilua), Faroe uharteei eta Groenlandiari (Danimarkaren baimenarekin, noski) aitortza onartzen diena. MSG-k egiten duena gurera ekarriz, norbaitek imajinatzen du Europar Batasunak, Nazio Batuek edo antzeko nazioarteko estatuarteko instituzio batek Euskal Herria kide edo begirale gisa onartzea inoiz?

Benny Wenda lehendakaria gizon apala da, melanesiar kultura eta izaera baketsu eta lasaien ordezkari aparta. Aztarna uzten duen horietakoa. Estatistika eta probabilitatearen arau guztien arabera, hilik behar zuen, baina bizirik eta borrokarako grinaz jarraitzen du. Melanesiar herriak borrokatzen ohituta daude; pixkanaka eskuratzen joan diren askatasuna ez die inork oparitu. Datozen urteetan, Kanakyk, Bougainvillek eta Mendebaldeko Papuak, horrenbeste urteko borrokaren ostean, independentzia eskuratzeko aukera izan dezakete. Euskal Herritik horren urruti eta era berean horren gertu. •