19 FEB. 2022 Mamua haragitzen hasi aurretik Ramon Sola Ez diegu kasu handirik egin Gaztela-Leongo hauteskundeei, ez eta gogorik ere, Euskal Herriko hegoaldeko mugetan –eta barneko bi udalerritan– gertatu diren arren. Emaitzei kasu egitea komeni da, ordea. PPren garaipena ez da albiste –ondo dakite hori Trebiñu aldean–, baina bai sei boto-emailetatik batek Voxen papera sartu duela ontzian (%17,64a). Torrubia herrian, Soriako probintzian, erdiek baino gehiagok egin dute hori. Ablitasetik 75 kilometrora dago Torrubia. Faxismoaren piztia hortxe, Ebroren beste ertzean, Pancorbotik kontrako maldan puzten. Voxen hazkundearen aldagaiak berriro zerrendatzea luzea bezain alferrikakoa da honezkero. Ondorio nagusia berrestea aski da; mamua baino ez zena gorpuzten ari da denon begien aurrean, eta ez dago moda iragankorra dela esateko zantzurik. Mundu mailako joera orokorraren espainiar adierazpena da, ez besterik. Voxen hazkundeak voxizazioa dakar berarekin. PPrekin gobernatzeko aukera gero eta agerikoagoa da. Edo PPren zati batekin, Casado eta Ayusoren arteko talka nola amaituko ez dakigulako. Inplosioa gertatzen bada ere, voxizazioa bizirik irtengo da. Batzuen ustez, PSOE zein UPren kide izan litezkeen Soria Ya eta Union del Pueblo Leones bertsio erregionalista ezberdinen ordezkariei entzunda, etekin handiagoa ikusten dute eskuinera begiratuta, ezkerrera baino. Vox baztertzeko «gerrikoaren» aipamenik ez da azkenaldion entzuten. 1996. urteko ziklo aldaketarekin uztar daiteke oraingoa; Pablo Casadok erreferentzia hori du behintzat. Euskal Herriko ikuspuntutik gogora dezagun. Lehenengoz hartzen zuen PPk Gobernu espainolaren ardura, Jose Maria Aznar gogortasunaren ikur zelarik. Ezker abertzaleko zenbait kidek adierazi zutenez, hemendik saihetsezina zen irauliak Espainia eta Euskal Herriaren arteko talka larriagotu eta azkartuko zuen agian. Ez zebiltzan oker analisian, hurrengo urteetako astinduak gogoratzen baditugu: urtebete geroago gertatu zen Miguel Angel Blancorena, baita HBko Mahai Nazional osoaren espetxeratzea ere; beste urtebete geroago, Lizarra-Garaziko prozesua, EAJk espainiar otsoari belarriak tentetzen zitzaizkiola antzeman ondoren; bi urte eskas geroago, ETAren erasoaldi gogorra; hortik gutxira, gaurdaino kartzeletan giltzarrapoa luzerako jartzen duen 7/2003 legea, eta epilogoan, Madrilgo sarraski jihadistak ETAri leporatzen saiatzeko erokeria. Polarizazioa ekarri zuen, dudarik gabe, Aznarraldi hark. Baina borroka armatuaren eskutik etorri zela bistan da, ETAren jardunak dena baldintzatzen zuelako. Mende laurdena igarota, Espainia aldean piztia berriz puztuta ageri da, eta ez orduan baino askoz lasaiago, aste honetan bertan Auzitegi Nazionalak euskal presoen aurka emandako kolpeak oroitarazi digunez. 25 urteotan Euskal Herrian den-dena aldatu da, baina Espainian ezer gutxi. «Zenbat eta okerrago hobeto», 1996ko axioma hark, itzulpen zaila du 2021. honetan, eta horregatik etor daitekeenaren aurrean gutxienez galdera batzuk egiten hastea komeni da. Esaterako, nola dauden egun errepresioaren aurkako babes sareak Euskal Herrian, nolatan berma daitezkeen zenbait eskubide, nola osa daitekeen faxismoaren aurkako fronte sendoa, noraino dituen ultraeskuinak oinak sarturik Euskal Herrian, zenbateraino errazten dion bidea hedabide nagusien eguneroko gai agendak, norainoko kontraeraso politikorako gaitasuna dagoen.... Piztia irudikatu, mamua gorpuzten hasi aurretik. • En estos 25 años en el País Vasco... todo ha cambiado, pero en España poco. Y «cuanto peor mejor», aquel axioma de 1996,... lo tiene difícil en 2021