Joana Garmendia

Nola egin (kartzelan) itzulpen bat Gramscirena

Antonio Gramsci XX. mendeko pentsalari marxista handienetakoa izan zen. Kartzelan idatzi zituen bere lanik ezagunenak, “Quaderni del carcere” liburuan bilduak. Kartzelan eman zituen urteetan, gutun asko ere idatzi zituen: etxekoei, semeei, emazteari, koinatari. Gutun horietan, Gramscik hitz egiten du politikaz, literaturaz, historiaz. Baina, horretaz gain, kartzelako egunerokotasunari buruzko kontakizun xehea ere egiten du. Kartzelako otorduez, ordutegiez, mugez eta arauez, ohiturez, osasun-arazoez, animaliez eta piztiez ari zaigu Gramsci bere gutunetan. Oso kontakizun humanoa da; bere hitzetan suma dezakegu zer atsekabe eragiten dion seme txikiak hazten ikusi ezin izateak, edo nola arduratzen duen amaren osasunak, edo zer erresumin duen emaztearen egoeraz egia osoa ez diotela esaten susmatzen duelako.

Gutun horiek euskarara ekarri ditu Ekaitz Sirventek, Katakrakek argitaratu duen “Kartzelako gutunak” liburuan. Mont-de-Marsango kartzelan itzuli ditu: ziegako mahaian eseri, betaurrekoak jantzi, eta kartzelako minez eta ezinez ari diren gutunak itzuli. Kartzela kartzelaren barruan, edo kartzela ber bi.

Itzultzea lan nekeza da, eta are da nekezagoa kartzelan itzultzea. Itzultzaileak jakin nahi du nola erabili duen hitz hau euskaraz beste autore batek, nola esan zaion kontzeptu horri beste hizkuntzetan, Euskaltzaindiak zein erabaki hartu duen Europako errege-erreginen izenei buruz, edo galdetu nahi dio lagunari esapide hau bere etxean nola esaten den. Horretarako, itzultzaileak behar ditu liburuak, sareko baliabideak, eta behar du jendea. Eta kartzelan ez dago hiru horietako bakarra ere.

Itzultzea lan nekeza da, eta ez dira beti kontzepturik korapilatsuenak itzultzen zailenak. Gramscik besarkadak bidaltzen dizkie etxekoei gutun bakoitzaren amaieran, baina ez beti berdin eta ez beti hitz berekin. Nola itzultzen dira kartzelatik bidalitako besarkadak? Nola besarkatuko genuke euskaraz inoiz ezagutuko ez dugun seme txikia? Gutunak zerbait oso pribatua dira, eta itzultzaileak badu irudipena biren arteko bakardade intimoan ari dela sartzen arkatza.

Itzultzea lan nekeza da, eta itzultzaileak maiz nahi luke idazlearen buru-barrenetan sartu. Izan ere, askotan ez da soilik zer esaten den, baizik eta nola esaten den, eta berariaz esan ote den horrela. Testu batek, edukiaz gain, forma ere baduelako, eta idazle bakoitzak duelako bere moldea, bere estiloa, hitzen kadentzia norberarena. Irakurle gisara, ez diegu forma horiei arretarik jartzen, horrelaxe gozatzen baititugu ondoen. Baina itzultzaileak ekarri nahi ditu formak ere itzulpenera, eta horretarako ikusi egin behar ditu, atzeman, igarri. “Piztiez” dioenean, animaliez ari al da? Bi hitz horiek, ausaz egiten al dute errima? Zergatik hasi ditu paragrafo guztiak esaldi berberaz? Izenburu aldrebes horrek, zeri egiten dio oihartzun? Detektibe-lanak egin behar ditu itzultzaileak eta, hala eta guztiz ere, seguru ihes egiten diola arrasto ezkutukoren batek: idazleak, pasarte batean, erabiliko zuen esapideren bat beste denentzat ezer ez eta norbait bakarrarentzat asko esan nahi duena. Harri eta gatz.

Itzultzea lan nekeza da, eta, halere, batek baino gehiagok pentsatuko du kartzela leku aproposa izango dela gisa honetako lan bat egiteko. Denbora soberan, patxada, distrakziorik ez: lan intelektualerako oasi txiki bat. Ba ez. Kartzelan eguneroko bizitza oztopatzen duten traba guztiek oztopatzen dute lanerako ganora ere. Gramscik oso ondo kontatzen du hori gutunetan. Hasieran eskatzen ditu aldizkariak, artikuluak, liburuak: Gramscik jarraitu nahi du idazten, jarraitu nahi du pentsatzen, jarraitu nahi du bizitzen. Agudo ohartuko da ez dela hura leku ona horretarako.

Kartzela oso presente dago Gramsciren gutunetan. Ekaitz ezagutzen dugunok oso presente izango dugu bere ziegako mahaira eserita ekarri dizkigula hark ere Gramsciren hitzak. Liburu hau, guretzat ere, badelako kartzela kartzelaren barruan, edo kartzela ber bi. •