Isidro Esnaola

Zurikeria

Aurreko asteko ostegunean, Errusiako diplomaziak Europa ekialdeko segurtasunari buruz Washingtonek egindako kontraproposamenari erantzun zion. Ziur aski, inork gutxik eduki du horren berri, dokumentuak neurri «tekniko-militarrei» buruz egiten duen aipamenaz gain. Agiri horrek, nahiz eta publikoa izan, ez du zabalpenik eduki; izan ere, ez zen jasotzaileen gustukoa izan. Europako eta AEBetako gobernuek bide diplomatikoari eman dioten balioaren erakusgarri ezin hobea da. Erantzuna gustukoa izan ala ez, negoziazioaren oinarria da beti.

Errusiaren proposamena isilarazteaz gain, NATOko kideek zarata maila handitu zuten. Alde batetik, eta argudio sendorik ezean, AEBek Joe Biden atera zuten berehalako inbasioaren mehatxua errepikatzera; eta bestetik, Donbasseko liskarrak asko gogortu ziren, eta tokiko agintariek biztanleria zibila ebakuatzea erabaki zuten. Zarata handiarekin AEBek, EBk eta NATOk ezkutatu nahi izan dute bide diplomatikoa sustatzeko zuten borondate eskasa. Azkenean, eskalada ikusita, Errusiak Donetsk eta Luhanskeko errepublikak aintzat hartzea erabaki zuen astelehenean, eta bertako biztanleek pozarren hartu zuten albistea. Horrela, Moskuk agerian utzi zuen bide diplomatikoaren beste elementuaren porrota: Minskeko Akordioak. Sinatu eta zortzi urtera, Kievek ez du bere konpromisoetako bat bera ere bete, besteak beste, inork ez diolako ezer aurpegiratu, Moskuk izan ezik.

Moskurentzat eta, dudarik gabe, Europarentzat, Minskeko Akordioak ziren irtenbiderik onena. Horiekin, Ukraina herrialde desmilitarizatu eta neutrala bihur zitekeen. Lurralde autonomia zabalekin, herritar guztiak eroso bizi zitezkeen. Ez Errusiarentzat, ez Europarentzat, ez luke inolako eragozpenik edo arriskurik izango horrelako irtenbide batek. Gogoratu behar da Ukrainak, herrialde baltikoek ez bezala, 40 milioi biztanle baino gehiago dituela eta Frantziako Estatuarena baino azalera handiagoa. NATOn sartzeak Europa ekialdeko indar harremana erabat ezegonkortzea ekarriko luke. Ez hori bakarrik. Egunotan, hainbat hedabidetan –Putinek astelehenean ere azpimarratu zuen–, Ukraina arma nuklearrekin berrarmatzeaz hitz egiten ari dira. Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoa nonbait zalantzan dago guztion aurkako joko honetan.

Errusiako zentzuzko proposamen hori gutxietsi egin dute NATOk, AEBek eta Europar Batasunak. Ez da lehen aldia, ezta bakarra ere, errusiarrek segurtasunari buruz dituzten kezkak aintzat hartzen ez direla. Gerra Hotzeko garaileei ez zien soilik garaipenak balio, garaitua umiliatzen jarraitu behar zuten. Badirudi Europak ere ez duela ezer ikasi aurreko gerra handietatik. Eta umiliatua, azkenean, zutik jarri da eta Ukraina indarrez desmilitarizatzea erabaki du. Oso erabaki zalantzagarria, dudarik gabe, baina Mendebaldeko estatuek ez dute ezertxo ere egin aukera hori desaktibatzeko. Eta orain bakezale moduan agertzea zurikeria nazkagarria besterik ez da.

Egun hauetan komeni da gogoratzea 1999an NATOk Serbia hiru hilabetez bonbardatu zuela; aldebakarreko erabakia izan zen eta Nazio Batuen baimenik gabe egin zen. Agian ahaztu egin zaigu; serbiarrak ziren, eta, beraz, gaiztoak, baina egungo errusiar buruzagiei hura garunean iltzatuta geratu zitzaien eta orduan erabaki zuten hori Errusian ez zela gertatuko. •