Mikel Zubimendi Berastegi
SARI BAT BAINO GEHIAGO

Aitzindaria eta proiekzio handikoa den Laida Lertxundi artistaren obra aitortuz

Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriari eskainitako bizitza osoko lanari aitormena egiten dio. Baina euskal artistak sustatzeko ekimen bat ere bada. Aurtengoan, Laida Lertxundiren «Landscape Plus» pieza hautatu dute, arte kontzeptuala eta zinema estrukturala ikuspegi feminista erradikal eta haragituarekin lotzen dituen lana.

Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakari Iratxe Esnaolak, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinak eta Monzon-Ganuza saria hautatzeko adituen taldeko kide Jesus Mari Lazkano margolariak agerraldi batean aurkeztu dute aurtengo Monzon-Ganuza saria. Zeini emango zaion bagenekien: Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute, «Euskal Herriari eskainitako bizitza osoko lanari» aitormena eginez. Zein artistaren pieza izango zen jakiteke zegoen. Bada, Laida Lertxundi artista bilbotarraren “Landscape Plus” grabatua izango da.

Iratxe Esnaola Arribillagak esan zuenez, «saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiltzen da. Urtero artista berri bati eskaintzen zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera, eta horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtzen da, eta modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi da». Alegia, sariak sari bat baino gehiago izan nahi duela: euskal artistentzat aukera bat, arte klasikoaren habia eta gordelekua izan zen Olaso Dorrea abangoardiazko arte garaikidearekin lotzeko nodo bat, konexio eta elkarkidetzarako esparru bat. Anbizio handiko ekimen xumea, artea bultzatzeko beste tranpolin bat.

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposatzeko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte elkarteko kidea), Jesus Mari Lazkano (margolaria) eta Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa). Haiek hautatu dute Laida Lertxundi, aurtengo sariaren egilea. Nor da, baina, Laida Lertxundi? Artearen munduan sartuak daudenentzat ezaguna da, publiko orokorrarentzat ez hainbeste. Jakin-minak Wikipediara eramaten bazaitu, AEBetan instalatua dagoen euskal artista batez hitz egingo dizu, Roberto Lertxundi ginekologo ospetsu eta PSEko politikari ohiaren alaba dela aipatuko dizu, mundu osoan erakusketak egin dituela, zinema estrukturalaren ikonoa dela. Baina hori baino gehiago da.

Hizkuntza berria

Jesus Mari Lazkanorengana jo dugu aurrena Lertxundiren artean nabarmendu beharrekoak ezagutzeko: «Artea aspaldi urrundu da teknika eta genero tradizionalen muga estankoetatik. Eta forma ezagun horiek adierazpen tresna baliagarriak izaten jarraitzen duten arren, gaur egun ikuspegi berriak gehitzen dira, lan artistikoari beste modu batera heltzen diotenak. Ideia eta jarrera desberdinak, hala nola mestizoa, diziplinartekoa, transmedia, collagea, zatikatua, testuingurutik ateratzea, prozesua, disruptiboa, sarean lan egitea eta, batez ere, mugimenduan dagoen irudia, ikus-entzunezkoa eta zinematografikoa, artearen errepertorioaren parte dira». Hau da, Laida Lertxundirena arte garaikidean gero eta ohikoagoak egiten ari diren hizkuntza berrien erakusle bat dela. Betiko espresioek –pintura, marrazkia, eskultura...– mantendu eta hor segituko duten arren, eta hizkuntza berriak bezain baliagarriak izaten jarraitzen duten arren.

Laida Lertxundik egoera berri horri erantzuten diola gehitu du Lazkanok, «etengabe mugitzen ari den obra eskaintzen digu, oso bisuala dena, ikusizko kodeak trukatuz, non prozesuak garrantzia hartzen duen, oreka bizian eta amaierarik gabe. Kontzeptuzko mugarik gabeko eraikuntza artistikoa da, baina berezko zigiluarekin, ikuspegi ireki eta nahasi bat birdefinituz, ikuspegi pertsonal batetik. Belaunaldien proposamen berri horrek ezarritakoaren paradigma aldatzera behartzen gaitu, ezagututakoaren baretasunaren, espero zenaren erosotasunaren eta ezezagunaren aurrean jartzen gaituena».

«Niretzat politena da –dio Lazkanok– ikustea nola kode horiek, hitz egiten dugunean edo pentsatzen dugunean, buruan erabiltzen ditugun arketipo horiek, kode jakin batzuetara eramaten zaituzten, gauza batzuez hitz egiteko kode zehatz batzuetara. ‘Landscape Plus’ pieza horretan nahasketa hori dago: alde batetik paisaia dago, gainera zeharo aldatuta, basamortuko paisaia bat da, baina dena urdinez, eta badirudi Artikoan zaudela, baina ez, Kaliforniako basamortua da; eta gero zuri-beltzean Yoko Onoren pelikula bateko fotograma azaltzen da. Hor mugitzen da».

Yoko Ono eta Jasper Johns

Laida Lertxundiri eskatu eta eman dizkigu bere piezaren eta sortze prozesuaren inguruko xehetasunak. «Deitu, ‘Landscape Plus’ deitzen da pieza (‘Paisaia eta gehiago’). Paisaia gorputzarekin harremanetan jartzeko modu bat da. Argazki analogikoa atera nuen Chocolate Peak mendi tontorretik, Kaliforniako basamortuan. Gero argazki horretatik fotograbatu bat egin nuen, irudi honetan urdina agertzen dena. Eta beste alde batetik, Yoko Onoren ‘Fly’ filmeko fotograma batekin beste geruza bat gehitu nion, chine-collé teknikarekin. Tintaz egindako beheko marra gorria Jasper Johnsen lanari egindako keinu bat da, berak lerro hauek erabiltzen zituen konposizioak borobiltzeko».

Zergatik Yoko Ono? Zergatik Jasper Johns? Nondik etorri dira, nola, Olaso Dorrearen unibertsora? «Fotograma bat erabiltzea zinemari erreferentzia egiteko modu bat da eta bera, Yoko Ono, oinarrizko figura bat da. Performancean eta soinuan bide esperimental batzuk ireki zituen, niri interesatzen zaizkidanak».

Pelikula ezberdina zen hura, gidoirik gabekoa, asko kontatzen zuena. Zinema esperimentala, estrukturala, kontatzeko eta adierazteko beste zinema bat, Laida Lertxundiren zineman, bere artean, azterna utzi duena, arrasto bat. “Fly” pelikulan kamerak emakume biluzi baten gorputzean ibiltzen ari den euli bati jarraitzen dio, euli hori da Yoko Onoren alter ego-a, detailezko planoetan hartuta dagoen intsektua. Yoko Onoren musikarekin lagunduta datorren ospakizun bat da, gorpuzkeraren, gizakiaren irudiaren ospakizun bat da pelikula.

Horretan badute antza Laida Lertxundik eta Yoko Onok. Biak maiteminduta daudelako artearen espektroko parte esperimentalenarekin. Beraientzako prozesua oso inportantea da. Galderak egitea eta ez hainbeste erantzunak ematea. Ez da bakarrik zer lortuko duten azkenean, baizik eta nola iritsiko diren horraino. Eta prozesu horretan hausnarketa bizi eta handi bat egiten dute beren pelikuletan, eta pelikula egitearen prozesua ez dute ezkutatzen, erakutsi egiten dute.

Esan bezala, Jasper Johns artista estatubatuarrari egindako keinu bat ere badago, tintaz egindako marra gorria. Jasper Johns pintorea da, eta eskultorea, eta artista grafikoa, oso garrantzitsua izan da XX. mendearen erdialdeko AEBetako artearen garapenean. 1954an nagusi zen espresionismo abstraktua alde batera utzita, guztiz bestelako eran hasi zen pintatzen. Dianak, AEBetako bandera, zenbakiak, alfabetoko letrak... ziren margolanen gaiak. Margolana bera objektu bilakatu zuen, gauza ezagunen erreprodukzio huts izan beharrean. «Objektu den artea» kontzeptuak eragin handia izan zuen handik aurrera, bai eskulturan eta baita pinturan ere. Pop artearen aurrekaria ezarri eta benetako aitzindaria izan zen.

Barrutik kanporako begirada

Laida Lertxundi artista euskalduna da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea. Bere praktika artistikoa New Yorken eta Los Angelesen garatu ondoren, eta mundu osoan erakutsi ondoren, egun, Euskal Herrian bizi da eta bertan lan egiten du. Artean espezialistek diotenez, zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatzen du. Eskuz egindako zinema egiten du, besterik behar ez duena: erlaxatu eta gidoia non dagoen ez galdetu. Artisauaren, artistaren, autorearen zinema da, fikzionatu eta digitalizatu gabea, enkoadraketaren eta begirada ernearen zinema. Barrutik kanporako begirada bat konpartitzen du Lertxundik, eskuz egindakoa den eta beste hizkuntza bat duen zinema, egun Santimamiñekoak diruditen 16 mm-ko kamerekin grabatu izan baitu.

Lertxundiren lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideietatik edaten duela esan daiteke, gorputza sortzeko eta produkziorako eremua duela, gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikal bat. Gorputzak eta paisaiak, paisaiak eta gorputzak, ohikoak, etengabekoak dira bere obran. Lekuen miaketa erakargarri eta autoflexiboak eskaintzeko pronto.

"Landscape Plus" argazki analogikoa da, fotograbatua, eta zinemaren fotograma bat, geruza ezberdinak ditu, Kaliforniako basamortua eta euliak esploratzen duen emakumearen gorputz biluzia, Yoko Ono eta Jasper Johns daude bertan, galdera pila bat eta erantzunik ez. Lurra eta gorputza daude paralelismoan, plazera eta esperientzia, egoera subjektibo eta afektiboek eraldatzen duten geografia bat.

Arte Ederretan lizentziaduna da New Yorkeko Bard Collegen, eta bere biografiak dioenez han jaso zuen Maya Deren Film Award saria graduatzean. AEBetan ikasia denez, hango prozedurak eta erreferentziak oso presente daude bere artelanetan. Gaur egun Arte Ederretako irakaslea da UPV/EHUko Masterrean eta Madrilgo Master Lav-en.

Monzon-Ganuza saria ez da aurrenekoa Laida Lertxundirentzat. Olaso Dorrearen unibertsoa, Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuyren etxea, ez dira bere lanak zintzilikatu diren lehen lekua. Gure Artea saria jaso zuen 2020an, eta Lertxundiren obra New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan –orobat MoMa deitua–, Londresko Tate Modern museo britainiarrean, edo Habanako Bienalean erakutsi da, besteak beste. Bakarkako erakusketak egin ditu Madrileko Matadero arte garaikidearen zentroan, Londreseko Luxen, Glasgowko Tramwayn, Milaneko FuturDomen, Donostiako Tabakaleran edo Bilboko Alondegian.

Aitzindari eta erreferente

Jesus Mari Lazkano pintorearen aburuz, «arte garaikidearen mailan Laida Lertxundi aitzindaria da Euskal Herrian, proiekzio oso handia daukan euskal artista bat da. AEBetako artearen erreferentzia oso inportanteak dira bere lanean. MoMan egin ditu erakusketak, San Frantziskon, Los Angelesen; guretzat inportantea da han hankak edukitzea ere, konektatuta egotea. Guretzat, euskaldun moduan, Laida Lertxundi bezalako figurak edukitzea ohore bat da. Arte mailan munduko leku inportanteenekin lotuta dago, horrek beti ekartzen du aberastasuna».

Olaso Dorreari begiratzen dio Lazkanok, eta hari beretik tiraka zera azpimarratu du: «Egungo artistek sarean egiten dute lan, erreferentziak ez dira bakoitzaren mundu partikularrekoak edo bere ingurukoak bakarrik, leku guztietan egon daitezke, denbora guztietan, maila guztietan. Horizonte sakonak dauzkate eta buruz oso zabalak dira, oso-oso zabalak».

Gorputzaren eta paisaiaren erreferentziak nabarmenak dira Laida Lertxundiren obran. Baina paisaia ez da paisaia eta gorputza ez da gorputza, ez dago alde batetik objektua eta beste aldetik kontestua, subjektua eta objektua ez dira bi eremu… Elementu horiek nahasten joan dira aspalditik eta, oso bereziki, azken hamarkadetan. Paisaia bat jada ez da paisaia objektibo bat, baizik eta nola bizitzen duen jendeak paisaia, paisaia kontzeptual bat da, eta paisaia kultural bat ere bai.

Nahasketa prozesu horretan nola ikusten dugu gaur egun paisaia? Ba begiradaren arabera, erabiltzen dituzun tresnen arabera. Laida Lertxundik erabiltzen dituen tresnak gorputza eta paisaia dira. Paisaia beste gorpuzkera bat delako, beste gorputz modu bat, aldatzen da, bizi da, bere eraldaketa prozesuak jarraitzen ditu eta Lertxundik bien arteko harreman hori fokuan jartzen du: ea, zer pasatzen da hemen? Eta bere artean garrantzitsuagoak dira egiten dituen galderak eman ditzakeen erantzunak baino.

Paisaia...

Interesantea da joera: lehen, arte mundua teknika eta prozeduren arabera banatzen zen: pintura, eskultura, grabatua… Nahikoa mugatuta zegoen dena. Gaur egun, baina, poliki-poliki muga horiek apurtu egin dira, jende gazteak hizkuntza eta tresna horiek aldatzen ditu, etengabe, edozein modutan. Pintura erabiltzen dute, eta argazkia, eta ikus-entzunezkoak, eta grabatua, ez nahastu nahasteagatik, baizik eta harreman horretan zerbait berria bilatu nahian. Gaur, zein teknika erabiltzen den ez delako inportanteena ez, baizik eta zer kontatzen den.

Lertxundik, bere lanean etengabekoak diren paisaia eta gorputzaren elementuak gogora ekarrita, plazeraren eta esperientziaren zentzu gisa interesatzen zaizkiola aipatu du. «Paisaian egoteak berak harreman bat sortzen du paisaiaren eta gorputzaren artean. Gorpuzte prozesu hauek prozesu teknikoak bilakatzen dira». ‘Landscape Plus’ izatez, ikus-entzunezko eraikinen bilduma bat da (bost film labur eta Lertxundirentzat inportanteak diren hiru zinemagileenak), esperimentaziora bideratua den zinema bat enkoadratzen duena, artearen eta zinemaren formarekin begirada erne bat erdian jartzen duena.

Eta “Landscape Plus” pieza bat ere bada, sari bat, eta sari bat baino askoz gehiago. Lertxundiren hitzetan, «bi esperientzia dira. Bat da nik mendian izan nuena, eta bestea, beste emakume batek performance batean izandakoa, eta biek iraupen bat dute. Grabatuan erabilitako teknikek ere denbora eskatzen dute, ez da bat-batekoa. Hirurak iraupen luzekoak dira».

...eta gorputza

Laida Lertxundiri gustatzen zaio emozioak adierazteko modu hori, desfigurazio puntu batekin, “Landscape Plus” lanean bezala, askotan aurpegiak ikusten ez direla. Gustatzen zaio ageriko modu batean ez interpretatzea, baizik eta elementuen konbinazio baten bitartez interpretazioa sortzea.

Funtsean, formaren eta sentimenduaren arteko gatazka bat errepresentatzen da hemen, nolabait. Desira, galera, grina daudenean sentimendua dago. Baina sentimendutik formara itzultzean galera bat ere badago, kultura batetik bestera itzultzen dugunean bezalaxe, edo esaterako, filmatzearen esperientzia batetik pantailan errepresentatzera jauzi egiten denean.

Barne munduko espazio intimoaren eta Kaliforniako paisaia zabalen magnitudearen artean dabilen pieza bat da, egoera subjektibo eta afektiboek eraldatzen duten geografia bat besarkatu nahian dabilen Lertxundirena. Zinema esperimentalean oinarri duen obra bat, paisajismoaren eta gorputzaren arteko konposizio bat.

Lertxundi ohitua dago narrazioaren forma zinematografikoa urtzera, prozesuaren eta materialtasunaren errebelazioak ordezkatzera. Denbora errealaren eta bizitako esperientziaren sentsazioa sortzen du, formaren eta forma gainditzen duen esperientziaren artean. Eta honela, bokazio estrukturalista duen bere artearen ertz formalista edo abstraktua tonu emozional batek zeharkatzen du, labankada garden bat bailitzan. Kaliforniako paisaiak gorputzarekin elkarbizitzan jartzen ditu, billarreko bolak bezala, gainontzeko elementuekin elkarrizketan eta talka eginez.

Bukatze aldera, galdera egin diogu: Zergatik aukeratu duzu pieza hau Monzon-Ganuza sarirako? «Zineman egiten dut lan, eta grabatuan, zinemari lotuta. Grabatu bat denez, egokia iruditu zitzaidan ematea. Eta gainera, eta niretzat oso inportantea, ditudanen artean gehien gustatzen zaidana da».