GAUR8 - mila leiho zabalik

«Hementxe dala hementxe dala...»


Aurten gozatu ditugu pixka bat inauteriak. Gogoan dut duela bi urte inauteri ondoren hasi zela amesgaiztoa. Gogoratzen naiz astelehen karnabalean kaletik mozorroturik gindoazela nola ikusi genuen tipo bat koronabirusez jantzita. Denok barre egin genion, hau burutazioa! Jakin izan bagenu orduan zer etorriko zitzaigun…

Bi urte geroago, kontentu ibili gara etxekoak azken orduan txikiteo eleganteko trajeak prestatzen, mozorroak garaiz ezin amaituta ilusioz beteta! Gazteak eta helduak, haur eta nerabe, denak ilusio handiarekin, musika entzun, dantza egin eta mozorroak baimentzen digun askatasun hori baliatu dugu egun batzuez lotsagabe eta ausartago bihurtzeko.

Eta inauterien ondoren, martxoa, udaberri hasiera, zuhaitzak loratzen, eguzkiaren goxoa eta euriaren hotsa. Martxoan, aipatu nahiko nituzkeen bi data. Bata, martxoaren 26an, lagun arteko bazkaria.

Badira hilabete batzuk gure lagun Artola hil zela, eta haren omenez egingo dugu bazkaria. Artola denon laguna izan zen, lagunartea berarentzat garrantzitsua zen oso, berdin ibili zitekeen gazteekin edo helduekin. Xabier Artola lagunen lagun, politikoki eta sozialki herrian lan handia egindakoa, autonomo-antikapitalista mugimenduan ibilia, gaztetxeko laguna, gaztaroko bidelaguna… Pasaiako Badian 1984ko martxoaren 22an Espainiako segurtasun indarrek erail zituzten lau gazteen aldeko omenaldiak antolatzen igaro zuen bere bizitza, injustiziak salatzen beti.

Berarekin ezagutu genituen afari-meriendak, karajilloak, baita Euskal Herriko pertsona eta leku mordoa ere. Beti lanerako prest zegoen, hango manifestazio eta hemengo asanbladak prestatzen. Bere irribarrearekin gogoratzen naiz, Erdi Kalean edo plazan oraindik berarekin topatuko naizela ematen du, bere «ze moruz, Anita» alai hori entzuteko prest… Gure Artola maittea!

Baina, egun batzuk lehenago, martxoaren 19an, San Jose egunean, Donostian erronka berri bati heltzera goaz: Harremanak Osasun Zentro berriaren irekiera. Haurdunaldi luze baten ondoren, hementxe dala hementxe dala, gure osasun zentro berria. Gogoz gaude, lantaldea osatua, eta orain aurretikoak prestatzen ilusioz beterik: webguneko berrikuntzak, lokaleko obrak, altzariak… Zenbat denbora egitasmoa sortu, lokalak bilatu, diseinua prestatu eta den-dena behar den moduan abiarazteko.

Gure erronka da klinika arloan zerbitzu integrala euskaraz eskaintzea Donostian. Gros auzoan, besteak beste, helduen terapiak, haur terapiak, talde terapiak, psikomotrizitate saioak, hitzaldiak eta ikastaroak izango dira.

Egun bizitzen ari garen garai konplexuetan eskaintza zabal batekin goaz Donostiara. Udaberria, bai, loraldi garaia, norbere barrutik atera eta kanpora begira jartzeko garaia.

Neguan kozinatutako egitasmoei leihoak ireki eta gauzatzen hasteko garaia da, egindako lanaren lore distiratsuak ikusteko garaia. •