GAUR8 - mila leiho zabalik

Kazetari kazetari (II)


Eta ez da soilik Kazetaritzako lizentzia dugunok ezin dugula eskolarik eman Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Ez da hor gelditzen gurekiko bazterkeria. Gure unibertsitate sisteman, lau urteko karrerak bi ziklotan banatuta egoten dira: lehenengo eta bigarren mailek lehen zikloa osatzen dute eta hirugarren eta laugarren mailek bigarren zikloa. Lehena bukatzen duzunean, askotan beste karrera batera salto egin dezakezu zuzenean bigarren zikloan sartuta. Bada, Kazetaritzarekin ezin da hori egin. Adibide praktiko bat: Kazetaritzako lehen zikloarekin ezin duzu irakasle ikasketen bigarren ziklora salto egin, baina alderantziz bai.

Bi unibertsitate karrera hauek jartzen ditut adibidetzat, nik 18 urte nituela, eta aukeraketa egin behar izan nuenean, bi hauek ikasketa “erraztzat” jotzen zirelako. Ez zen notarik behar sartzeko eta “tontoen” karrerak ziren. Tira, ba ni bi aldiz “tonto” izan nintzen sentsazioarekin bizi naiz, gaur baita eguna irakasle ikasketak aukeratu zituztenek kazetariok baina baldintza hobeak dituztena dudarik gabe: oporrak, ekonomikoak, ordutegi aldetik zeresanik ez…

Nik bokazioz aukeratu nuen Kazetaritza, eta horrela izaten jarraitzen du hogei urte geroago ere. Baina gaur egun iruditzen zait mugikor bat izatearekin soilik edozein dela kazetari, edo sare sozialak kudeatzen dakienak bidea egina duela. Guk besteen lanetan ezin dugu sartu, baina edonork sartu ahal du gurean. Laburbilduz, gauza gutxirako balio duela lizentzia honek eta agintariek, gutxinaka-gutxinaka hiltzen utzi duten unibertsitate karrera bat dela. Desagertzeraino.

Oraindik zalantzan bazaude, ez izan tuntuna, egin ezazu euskal filo! •