GAUR8 - mila leiho zabalik

Guraize efektua


Orain dela denbora gutxi entzun nuen lehen aldiz “guraize efektua”-ri buruz hitz egiten. Dirudienez, lehen maila akademikoetan emakumeen presentzia handia da, baina karrera akademikoan gora egin ahala, emakumeen kopurua nabarmen jaisten da. Hala, ohikoa da giza zientzien ikasketetan neska gazte asko aurkitzea, portzentualki mutilak baino gehiago; aldiz, gutxi iristen dira doktoretza egitera, eta askoz gutxiagok garatzen dute ikerketa karrera luzea. Gauza bera gertatzen da unibertsitatean, emakumezko ikasle ugari aurkituko ditugu, eta gero eta gizonezko irakasle titular gehiago egonen dira. Katedradun gizonen eta emakumezko katedradunen arteko proportzioari dagokionez, desberdintasuna askoz handiagoa da. Laburbilduz, “guraize efektuak” adierazten du unibertsitateko karreraren lehen etapetan emakume gehiago daudela, eta erantzukizunetan eta karguetan gora egin ahala, gizonen kopuruak gora egiten duela.

Horrela, botere posizio horietatik beraiek aukeratzen dituzte ikerketa gaiak, argitaratuko diren artikulu eta liburuak, eta noski, ikerketa horiek burutuko dituztenen izenak ere boterean dauden gizon hauek aukeratuko dituzte. Ikerketa mundua eta akademia mundua endogamikoa eta androzentrikoa da zalantza izpirik gabe. Honek, noski, ezagutza eremu guztietan eragiten du. Nire kasuan, ezagutzen dudana izateagatik, argi dago historiografia tradizionala guztiz androzentrikoa dela. Historiografia horrek interes handiagoa izan du gizonak aktore nagusi izan diren gaietan, emakumeak itzalean protagonista izan diren espazioak bilatzen baino; horren erakusgarri ona da historiografiaren barruan historia instituzionalak edo militarrak duen nagusitasuna, errege eta erreginen bizitzengatik, kanpaina militarrengatik edo erresumen bilakaera politikoagatik kezkatuta dagoenak. Gerda Lernerrek “Patriarkatuaren sorrera” lanean (Katakrak) adierazten duen bezala, «emakumeek historian izan duten presentzia alde batera uztea edo gutxiestea genero indarkeriako beste modu bat baino ez da». Beste era batera esanda, emakumeen historia ezinbestekoa eta oinarrizkoa da gaur egun emakumeen emantzipazioa lortzeko.

Horregatik aurre egin behar diogu “guraize efektu” horri, emakumezkoen presentzia botere esparruetan handiagoa izatea lortuz. Horrek ez du noski ziurtatzen historia bezalako eremuetan landuko den historiografiak genero perspektiba zainduko duenik –jakin badakigu genero perspektiba txertatzea ez dela emakumeak boterean egotea, baizik hor daudenen ikuspegia aldatzea–, baina aurrerapauso bat izan daiteke bide horretan. Beste modu batean esanda, gure historia kontatzeko moduan ere ez dugu eraginen eta gure emakume arbasoen memoria kolektiboa berreskuratzeko ahalegina egin gabe geldituko gara.

Izan ere, gure iraganaren kontzientziarekin eta memoriarekin bakarrik jar daiteke gure oraina balioan. Emakumeen, langile klaseko gizonen, disidente sexualen edo pertsona arrazializatuen iragana berreskuratzeak –oro har historian garrantzitsutzat jo den horretan presentziarik izan ez dutenak aintzat hartzeak– gure oraina pertzibitzeko moduan eragina izan dezake. •