GAUR8 - mila leiho zabalik

Internazionalismoaz


Herri, borroka, bide bakoitza bakarra da, eta ondorioz, ez dago besteengandik hartu eta erabat berdintsu inplementatu daitekeen esperientzia edo irakaspenik. Badira, baina, norbere biderako interesgarriak, garrantzitsuak, izan daitezkeen besteen esperientzia ugari. Egoera, helburu, eztabaida, arazo, mehatxu, aukera berdintsuak eman dira munduko hainbat tokitan. Egoera, helburu, eztabaida, arazo, mehatxu, aukera berdintsuei aurre egin behar izan diete munduko hainbat talde, nazio askapen mugimendu, alderdi, kolektibok. Pilatutako esperientzia, jakinduria hori guztia nola jaso eta beste batzuen esku nola jarri asmatzea zaila da. Nazioarteko harremanen helburuetako bat hori da, hain zuzen. Beste hamaika borroka eta bizipenen ezagutza zure borrokaren esku jartzea. Hezkuntza sistemaz ari bagara, jakin dezagun Finlandiako eragile ezkertiarren esperientzia nolakoa den. Gatazken konponbide demokratikoaz ari bagara, begira diezaiogun Irlandako Sinn Feini edo Hegoafrikako alderdi komunistari. Eta beste hamaika adibide.

Guevarismoaren oinarria: borroka lokala eta globala uztartu egin behar dira, mundu justuago bat eraikitzeko bidean euskaldunak egin dezakegun ekarpen garrantzitsuena Euskal Herri libre eta justuago bat eraikitzea baita.

Gure ezberdintasunen inguruan eztabaidatu beharrean, gure adostasunen arabera elkarrekin lanean hasiko bagina, bizi osoa eman genezake elkarrekin borrokan. Hori edo antzeko zeozer zioen Raul Sendic handiak Uruguaiko Fronte Zabalaren filosofiaren inguruan hitz egiterakoan. Munduko txoko askotan gertatutakoaren kontra, Uruguain ezkerrak jakin izan du batuketa eta batasunean oinarrituriko prozesua garatzen. Hiru milioi biztanleko herrialdean (Euskal Herriaren parekoa), alderdi, sektore, eragile eta pertsona ugarik osatzen dute Fronte Zabala; tupamaroak, Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista edo alderdi kristau-demokrata, eta horiekin batera beste asko. Oposizioan, Gobernuan eta oposizioan berriz ere, baina barne batasuna mantenduz. Beharrezkoak diren aldaketa estrukturalak burutzeko beharrezkoa da gehiago izatea, gero eta gehiago, gero eta handiago izaten jarraitzea. E egunik egongo ez den perspektibatik, begiradatik gaur irabazitakoa bihar gal zenezake. Prozesu ikuspegitik, amaierarik ez duen begiradatik barne ariketa bikoitza egin behar da etengabe: etxekoak zaindu eta etxe handiagoa eraiki, biak aldi berean, batera, bata edo bestea sekula deskuidatu gabe. Bata ezin daiteke bestea ez egiteko arrazoi izan. Errazagoa da gauden tokian jarraitzea, kontraesanik gabeko bidea ibiltzea, iraultza egin beharrean iraultzaile bezala bizitzea (Sarri dixit). Hori ere erakutsi digute gure lagun tupamaroek. Bizitza bezala, borroka ere konplexua da.

Montevideon egon naiz duela gutxi eta aspaldiko partez. Plazera da beti. Hitzez azaltzea zaila bada ere, herrialdea bisitatu dutenek badakite zertaz ari naizen. Uruguaira doan euskalduna etxean sentitzen da maiz. Filtroko operazioa azalean tatuatua geratu zaigu, benetako elkartasuna zer den ikasi genuen eta ez dugu geroztik ahaztu. Kide eta lagun askorekin egon naiz, ohi bezala. Euskal Herrira bueltatu eta berri latzak gogor kolpatu nau. Omar Alaniz “Murmullo” hil egin dela dioen mezua jaso dut. Azken bidaia honetan bere etxean bisitatu nuen eta berarekin eztabaidatu eta konspiratu ere bai. Munduko toki askotan borrokan aritutako kidea, euskaldunen laguna, etxekoa. Umila eta, ezizenak ondo adierazten duen bezala, hitz gutxikoa, hitz apalekoa. Bagara Euskal Herrian gogoratuko zaitugunak. Egun handira arte! •