Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezkuntza sistema estatala

Haserre dago ama, sinetsi ezinik. Euskal Herriko mapa ekarri dio eskolatik 10 urteko alabak, «ez beso eta ez hanka ez duen mapa zulatua». Neskatilak Donostiako D ereduko eskola publiko batean ikasten du: Donostian eta D ereduan, atera kontuak!

Adituen arabera, «kezkagarria da ikasle gehienek eskolan jasotzen duten Euskal Herriaren gaineko jakintza mugatua: ez dira modu sistematikoan erakusten edukiak» (“Euskal Herria testuliburuetan” mahai-ingurua “Berria”-n); «Euskal Herriko ikasle askok eta askok egunero ikusten eta ikasten dute zatitutako Euskal Herria testuliburuetan, gehien-gehienek ez baitute bere osotasunean lantzen. Eragina nabarmena da», ( Jose Maria Pastor, EHU); «Euskal Herria, bere horretan, errealitate soziokultural bat den heinean, hizkuntzarekin eta literaturarekin loturik lantzen da, baina ez historia edo geografiarekin. Horixe egiten dute argitaletxe gehienek», (Gurutze Ezkurdia, Begoña Bilbao eta Karmele Perez, Bilboko Hezkuntza fakultatea).

Mapen kontua ez da beti horrela izan, ordea, atzerako bilakaeran dago. Ezkurdia, Bilbao eta Perezek 1875-2010 aldiko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasliburuak aztertu zituzten: «XX. mende hasieran, Euskal Herriko mapa lantzen zen eskoletan; mende amaieran mapa autonomikoak ere bai; XXI. mendean joerak egonkortu eta ikuspegi autonomikoa nagusitu da». Ez al da segregazioa Nafarroaz, Lapurdiz eta Zuberoaz ez aritzea Euskal Herriaz ari garenean?

Ezkurdiak dio estatuko hizkuntzaren eta kulturaren erreprodukzioa bermatuta dagoela; ez, ordea, Euskal Herrikoa, errealitate soziokulturala den heinean. Curriculuma oso modu unibertsalean dago, eta bertako ezagutzei oso leku txikia uzten zaie. Ondorioa? “Ez dena ezagutzen ez da existitzen!”.

Bestalde, 2019an egindako ikerketek berretsi dute testuliburuen ekoizpen eta erabakigunea estatu mailako argitaletxeen esku dagoela: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako eskoletan curriculum espainiarra da zabalduena. Denak bat datoz: kulturaren erreprodukzioa nekez burutzen da hezkuntza sistemaren bidez. Identitate kulturalaren ezaugarriak mantendu nahi baditugu, Euskal Herriaren izaera soziokulturalean oinarritutako ezagutza bultzatu beharko dugu.

Euskal Herria osorik ardatz hartu eta irudikatzen duen argitaletxe bakarra dugu, Ikaselkar hezkuntza argitaletxea. Ikastolek eta zenbait eskola publikok eta gizarte ekimenek erabiltzen dute. Gure ikasleen gehiengoa, baina, ez da euskal curriculumaren erabiltzaile. Beraz, ikasleak espainoldu eta frantsesten dituzten hezkuntza sistema estatalak ditugu nagusi.

Sistema estatal honek ez ditu ikasle guztiak euskalduntzen derrigorrezko eskolaldiaren amaieran, eta, gainera, Euskal Herriaren ezagutza eskasa eskaintzen die gehienei. Funtsezko gai horiek bihurtzen dute urgente Euskal Hezkuntza Sistema bultzatzea.

Euskal Herria 21.000 kilometro koadroko orubea eta 3.000.000 pasa biztanle dituen lurraldea da. Harro nengoke gure heziguneetan lurralde horren mapak eta euskal dimentsioa bagenitu. Harro, eskolan euskaldunak aipatzean nafarrez, zuberotarrez eta lapurtarrez ere hitz egiteaz. Guztiak, euskaldun guztiak, munduko mapan kokatzen gaituen eskolaz harro nengoke. •