Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Sorgin ehiza

Ohitura dut sukaldean nagoenean podcastak jartzea. Oso ondo pasatzen dut eta asko ikasten dut, adibidez, Isa Calderon eta Lucia Lijtmaer entzuten. Kasualitatez, aurrekoan, azkenaldian lantzen ari naizen gai bati buruz aritu ziren, Martxoaren 8aren inguruko asteetan bereziki gai interesgarria dena: XVI. eta XVII. mendeetan egin zen sorgin ehiza.

Bidenabar, aipatu nahiko nuke ez dela batere ezaguna martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Egun izendatzea Errusiako Iraultzaren ondorio dela. Izan ere, egun horretan hasi zuten emakumeek greba, Errusiako tsarraren abdikaziora eraman zuena 1917ko otsaileko iraultzan. Lehenago, emakume langilearen egunak ez zuen data zehatzik, otsailean ospatzen zen eta, irakurleak entzunda edukiko duenez, 1918ko otsailera arte Errusian egutegi juliotarra erabiltzen zuten. Horregatik gertatu zen otsaileko iraultza gure martxoan eta urriko iraultza azaroan. Errusiako Iraultzaren abiapuntua eta emakumeek hasitako greba, beraz, elkarrekin doaz eta horren memoria ere bada Martxoaren 8ko eguna.

Esaten nuenez, sorgin ehiza gutxi ezagutua den fenomenoa da, nahiz eta dimentsio izugarriak izan zituen feminizidioa izan zen, urte askotan luzatu zena. Lehenago ere balizko sorginen aurkako epaiketak egon ziren arren, XVI. eta XVII. mendeetan proportzio beldurgarria hartu zuten. Ezagutzen dugunaren arabera, 50.000-100.000 emakume artean exekutatu zituzten Europan, sorginkeria leporatuta (baita zenbait gizon ere, esaterako, hirurogeita hamabost emakumerekin batera Lapurdin exekutatu zituzten bost apaizak).

Ehiza eta histeria kolektibo horren testuingurua Errenazimentuan eta erlijio erreformen garaian indartu ziren genero rolak izan ziren. Humanisten arteko emakumeen izatearen inguruko eztabaida intelektualean, emakumezkoak gutxiago zirela defendatzen zutenek izan zuten arrakasta, zenbaitek kontrakoa defendatu arren. Besteak beste Amaia Nausiak azaltzen duen bezala, erlijio gatazkek emakumearen aurkako diskurtsoa indartu zuten: protestanteek ezkontza eta senarraren/aitaren autoritatea indartu zituzten eta katolikoek zelibatua azpimarratu zuten, emakumeek elizgizonak kutsatzen zituztela adierazten zuena modu inplizituan.

Errenazimentuaren testuinguruan, nahiz eta jendartean garai hari buruz dugun irudia bestelakoa den, jazarpena eta norbanakoen kontrola areagotu ziren. Emakumezkoen kasuan, zenbait neurri ekonomikoz gain (adibidez gremioetatik kanporatu zituzten) aipatu eskala handiko hilketak egon ziren. Batez ere emakume txiroak zigortu zituzten, hau da, defendatzeko eta kontaktu egokiak edukitzeko aukerarik ez zutenak. Sorginen aurkako ehizak lortu zuena, funtsean, emakumeak gizarte misogino batera bortxaz egokitzea izan zen. Belaunaldiz belaunaldi hedatutako beldurrak emakumeen artean izaera eta praktika sumisoak eta mendekoak indartu zituen. Izan ere, oso presente zegoen sorgina izateaz akusatua izateko arriskua.

Beraz, emakumeen mendekotasuna ez dugu tradizio sekular bezala ulertu behar, edo aspaldiko gizarte atzeratuen ezaugarri bezala. Emakumeen zapalketaren atzean benetako mugimendu errepresiboak gertatu ziren eta horiek ezagutu eta ulertzeak gaur egun emakumeen askapenerako aliantzak errazten lagun dezake agian. •