Joxean Agirre

Zarautz Whatsappez

Zarauzko Munoan nengoen emaztearen zain tarteka itsasoari begira eta tarteka bertan paseatzen zebilen jendeari erreparatuz, gizonezko gazte bat pausoa luzatuz presaka etortzen ikusi nuenean. Mugikor handia zekarren eskuan eta mugikorraren pantailan neska gazte baten aurpegia sumatu nion, burua zapi beltzez estalita zuela. Balaustradara iristean, mugikorra altxatu eta Getariako San Antondik Mollarriko kargalekura doan paisaia ikusgarria erakutsi zion gizonak behin eta berriz. Neska berarekin bizitzera etor zedin konbentzitzen arituko zela pentsatu nuen eta bere helburua aise lortuko zuela, neskaren komentarioak entusiasmo handikoak baitziruditen. Beharbada kostaldekoa zen eta gure hondartzari Asilah-koaren antza hartzen ziola esan ziezaiokeen edo mendialdekoa zen eta itsasorik ezagutzen ez bazuen, “zeru urdin eta zikin” bat zirudiela, edo bere lurraldeko poetaren baten esaldiren bat, poetak edonon jaiotzen baitira, baita belarrik jaiotzen ez den lekuetan ere.

Pare bat minutu egin zituzten itsasoaren eta malekoiaren kontenplazioan eta etorri zen bidetik desagertu zen gizona berriro, pausoa luzatuz eta presaka, beharbada herriko bi plazak erakustera, musikarena eta foruena, bi plazako herria baita hau. Une horretan bertan beharbada Ukrainatik etorritako iheslariak ere Whatsapp piztuta beren familiakoei gure herriko bazterrak erakusten arituko zirela pentsatu nuen. Oñatira etorri direnek, esaterako, herriko plaza, Araozko Aitzulo edo Arantzazuko irudiak bidal zitzaketen edo Getxora etorritakoek Ereagako hondartza, Aixerrota eta Galeako labarrak.

Emazteak etorri gabe jarraitzen zuen eta Whatsappen kamerari sakatuta deitu nion. Luzerako zeukala esan zidan. Ea itsasoa ikusi nahi zuen galdetu nion eta hasi nintzaion Getariako San Antondik Mollarrira bitarteko joan-etorriak egiten. Berak poesia irakurtzen du eta ozeanoari begira beharbada ahapaldi ederren batekin gogoratuko zela pentsatzen nuen. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Ernegaturik begiratu zidan pantailatik. «Hobe zenuke txorakeriak utzi, etxera joan eta afaria prestatzen hasiko bazina», esan eta moztu zuen. •