26 MAR. 2022 ALTXORRA BUNKERREAN Gerra Hotzaren garaian 15.000 milioi marko balio zuen bunkerra Gerra Hotzaren garaian dibisa paralelo bat sortu zuen Bundesbankek, diru faltsua hedatuko zuen eraso baten beldurrez. Hogei urtez baino gehiago txanpon horretan jaulkitako 15.000 milioik bunker sekretu batean jarraitu zuten Cochem herrian, biztanleek espioien eleberri batekoa dirudien agertoki batean bizi zirela jakin gabe. GAUR8 Cochem herrixkako biztanleek ez zuten susmatu ere egiten euren oinen azpian aspaldi lurperatutako altxor bat zutela. Alemaniak erabateko sekretupean gorde zuen, sobietarrak jabetu ez zitezen, Gerra Hotzaren garaian lagungarri gerta zitekeen diruaren sorrera. Operazioaren kodea: BBK II. Alemaniako Errepublika Federaleko (BRD) banku zentralak, Mendebaldeko Alemaniak, txanpon berri horretan milioika billete jaulki eta aterpe antinuklear batean gorde zituen. Petra Reuterren begiek dir-dir egiten dute espioien eleberri baten istorioa ematen duena kontatzean: «Diru kopuru itzela sortu zen hemen, 15.000 milioi marko», 1964 eta 1988 artean. Hirurogei urteko emakumea da gaur egun 1.500 metro karratuko lurpeko bunkerraren jabea. Garai hartako Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko tentsio geopolitikoa paroxismora iristen zen. Zer gertatuko litzateke Alemaniaren diru sistemari eraso egingo baliote? BBK II erreskate dibisa jokoan sartu behar zen. «Alemaniarren ekonomia kaltetzeko asmoz Altzairuzko Oihaletik diru faltsua sartuko ote zen beldurrak» operazio zoro hau suspertu zuen seguruenik, Bernd Kalthenhäuserrek, Sarre eta Renania-Palatinatuko (Cochem eskualde horretan dago) Bundesbankeko bulegoko presidenteak, azaldu duenez. Espioiek susmorik ez Halako erasorik gertatuz gero, banku zentralak «bi astean ordezko serieak Errepublikako txoko guztietan banatzeko prest egon nahi zuen», Reuterrek dioenez. Berak eta senarrak 2016an erosi zuten bunkerra, museo bat egiteko asmoz, eta ez zuten uste gaurkotasunak horrela harrapatuko zituenik. Errusia eta Ukraina arteko gerraz geroztik, «gure inguruko jendeak bunkerrean larrialdietarako lekurik ba ote den galdetzen digu», dio Reuterrek. Hirurogei urte atzera jauzi egitea iruditzen zaio: hirugarren mundu gerraren mamua, arrisku nuklearra... «Beldurrak berdinak dira». Burdinazko ate astunaren atzean, L formako aterpe paramilitarra dago. Pasabide luzeekin, deskontaminazio ganberekin, telegrafoz hornitutako bulegoekin eta disko birakaria duten telefonoekin, Gerra Hotzeko giroa gogorarazten die bisitariei. Areto nagusiak hamabi gelaxka burdinaztatu ditu, eta 25 urtez bertan gorde dituzte sabairaino pilatuta ia 18.300 kutxatan bildutako milioiak, 10, 20, 50 eta 100 billeteetan. Billete paraleloen aurrealdeak orduan zirkulazioan ziren markoen antza zuen; atzealdea oso desberdina zen. Cochemeko bunkerreko txanpon ekoizpenak urteetan iraun zuen, ehunka kamioiren joan-etorriak gorabehera, inork ezer sumatu gabe, ez biztanleek ez Ekialdeko Alemaniako Stasiko espioiek. «Bernard» operazioa Esan beharra dago Alemaniako Banku Federalak estaldura ezin hobea zuela: bunkerra zegoen eraikina ofizialki bere langileentzako prestakuntza eta atsedenerako barne zentro bat zen, eta herriko bizitegi gune batean zegoen. Cochem, Belgikako eta Luxenburgoko mugetatik ehun kilometrora kokatua, Altzairuzko Oihala urrun izateagatik aukeratu zuten. Inbasioa gertatuz gero, ez zegoen Errusiako tankeen eskura. Magal batean eraikita dagoenez, «eraso nuklearrik izanez gero, haranaren gainetik igaroko zen talka-uhina, eta alde horretatik erresistentzia hobea zuelako baliatu zuten egitura», Petra Reuterren esanetan. «Herritarrak harriturik geratu ziren altxor hau aurkitzean, euren etxeen azpian hainbat denboraz ezkutatuta egon dela jakitean», adierazi du Wolfgang Lambertzek, Renania-Palatinatuko 5.000 biztanleko herriko alkate ohiak. Historiako ikasgaiek ere, zalantzarik gabe, garrantzia izan zuten proiektuaren diseinuan: Naziek Bigarren Mundu Gerran «Bernhard» operazioa sustatu eta kontzentrazio esparruetako presoak libera esterlina faltsuak egitera behartu zituzten, Ingalaterra gainezkatzeko helburuarekin. Hortik eskarmentua hartuko zuten alemaniarrek operazio hau abiatzeko. Frankfurteko Bundesbankeko kutxetan gordeta dauden erreserbak ere kontuan hartuz, guztira moneta paralelo honetako 25.000 milioi inprimatu ziren. Gutxi gorabehera 1963an zirkulazioan zeuden billeteen kopuru bera. Azkenean, txatal guztiak biltegitik atera zituzten, birringailutik pasarazi, eta, ondoren, geratu ziren haritxoak 1988-1989 aldian erre zituzten, Berlingo Harresia erori zen urtean. Gaur egun horrelako proiektu bat egitea baztertzen du Bundesbankeko arduradunak. «Larrialdietarako dibisa sortu gaur? Ez luke zentzurik izango: diru faltsu gutxiago dago zirkulazioan –azpimarratu du Kaltenhaüserrek–, imitazioak asko zaildu dira eta eskudirutan egiten diren ordainketak ez dira hain ugariak». «Alemaniarren ekonomia kaltetzeko asmoz Altzairuzko Oihaletik diru faltsua sartuko ote zen beldurrak» bultzatu zuen seguruenik operazio zoro hau Hirurogei urte atzera jauzi egitea iruditzen zaio egungo jabea den Petra Reuterri: hirugarren mundu gerraren mamua, arrisku nuklearra... «beldurrak berdinak dira»