GAUR8 - mila leiho zabalik

LAKARRATARRAK, XISTERAGILEAK, 1890EAN


Antonio Peña eta Goñik 1892an argitaratutako “Pilota eta pilotariak” liburuan, ahozko lekukotasun batzuen bidez, xisteraren jatorriari buruz idatzi zuen. Ganich Halsouetek, Senpereko basozainak, “Gure Herria” aldizkariaren 1926ko abenduko alean idatzi zuen xistera Jean Dithurbidek asmatu zuela 1857an. Bere herri Senperen Dithurbide «Gantchiki errementaria» izenez ezagunagoa zen. Ganichek kontatu zuenez, Dithurbide, haurra zelarik, bere adineko beste batzuekin elkartzen zen pilotan aritzeko eta baserrian besteak beste babarrunak biltzeko erabiltzen ziren zenbait ontzi erabiltzen zituzten. Hortik sortu zen pilota jokorako zerbait arinagoa egiteko beharra, gaur egun xistera izenez ezagutzen duguna, hain zuzen. Xistera jokoari buruzko testigantzak, halaber, Blazy abadeak jaso zituen Baionan 1929an argitaratutako euskal pilotari buruzko liburuan. Argazkian, 1890ean argazkilariaren aurrean paratu zen Azkaineko Lakarra familia ageri da, xisterak fabrikatzen zituena.