Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ategorrietan

Ategorrietan gertatu da. Eta gertatu da Santutxun eta Salburuan ere. Pareko balkoiko bizilaguna izan zitekeen, astearte iluntzeko hego-haize harroak pintza ahul batekin eutsita zeukan galtzerdia ostu ziona. Han ibili zen galtzerdi galdua kaleetan barna, hautsak eta keak jana. Galtzerdi horren jabea izan zitekeen. Demagun bera bizi zen apartamentua, hileroko alokairuaren truke bere bizitokitzat zeukana, funts putre batek erosi duela.

Nik ez dakit “funts putre” kontzeptuak zer esan nahi duen zehazki, baina putreek ez daukatela fama onik, hori umetan ikasi nuen, taldetik banandu eta mendian hildako ganaduaren sarraski-janean ikusi nituenean.

Funts putre abstraktu horrek izen zehatzago bat eduki dezake, “Azora” adibidez. Zahartzen ari naizen seinale, hitzaren musikak mende hasierako doinu bat ekarri dit burura: Azoreetako bilera famatu hartako kantua, AEBetako, Erresuma Batuko eta Espainiako presidenteek kantatu zutena, Iraken suntsimen handiko armak omen zeudela zioena, alegia, eta suntsimen handiko arma haiek suntsimen ez txikiagoko armaz suntsitu behar zirela. Eta behin suntsitzen hasita, zergatik ez suntsitu Siria, Libia, Yemen, edo munduaren geografia erlatiboan gugandik urrun sentitzen dugun beste edozein herri. Azoreak. Azora.

Demagun Azorak suntsimen handiko beste arma bat daukala esku artean: pareko bizilagunaren etxearen alokairuaren prezioa nahieran puztea. Eta pareko bizilagunak ez daukala ia bizitza osoan bizi izan den etxea uztea beste erremediorik.

Ategorrietan gertatu da. Ez Kieven, Odesan edo Mariupolen. Gure etxe parean. “Gure komunikabideetan” ia doministiku baten iraupena eskaini badiote ere. “Gure poliziak” joan behar izan du laguntzera, azaldu dutenez: «Istiluak izan dira eta Ertzaintzak esku hartu behar izan du». Halaxe kontatu dute. Medikuak zirujau-hizkera berarekin kontatu zigun aitonaren aspaldiko operazioarena ere: «Arteriak itxita zeuzkan eta bypass bat egin behar izan diogu». Udaberria iritsi da eta azkura duzu sudur-mintzetan. Kausa eta efektua. Horrelakoak dira gauzak mundua mundu denetik.

Mapak hartu eta geopolitikaren inguruko lezioak ematen dizkiogu parean tokatzen zaigunari eta, hala ere, gure etxe parean gertatzen ari dena ulertu ez. Lagunak “periferiara” joaten hasi ziren aspaldi. “Periferietako auzoetara” lehendabizi, “periferiako herrietara” gero eta “periferiaren periferiara” azkenean. Hiri setiatuez hitz egiten digu telebistak. Eta gure etxe parean, gure hiriak dira garbigailuan buelta emandako galtzerdien gisa barrutik kanpora iraultzen ari direnak. Prezioak gora. Pertsiana itxiak leihoetan. Arroparik ez balkoietan.

Ategorrietan gertatu da. Ez dakit ateak zer koloretakoak ziren, baina kaleak gorriak direla diote ezagutzen dituztenek. •