Joana Garmendia

Martxoaren 8ko lokatzak

Banatzaile bat etorri zitzaion etxera atzo. Liburu-paketea hartu zuen, sinatu zuen agiria, eta eguraldi petralari buruz esan zion zerbait. Helbide bati buruz galdetu zion banatzaileak; ahalik eta ondoen azaldu zion non zen. Azken banaketa hura besterik ez zitzaiola falta; berandu samar zela, baina berdin zitzaiola: bikotekiderik ez zeukala eta etxerako presarik ere ez. Eta bai ondo bera giro harekin etxean bakarrik. Bera etxean bakarrik eta banatzailea bere atean, berandu samar. Korapiloa egin zitzaion barrenean eta lehor itxi zion atea, agur.

Lagun bati kontatu zion gertatutakoa. Lagun mutil bati. Seguru asko ez zela ezer izango, baina estutu egin zuela egoerak. Lagunak erantzun zion ez zitzaiola beste munduko ezer iruditzen. Ez emateko bueltarik, ez zuela garrantzirik.

Arrazoi zuen: ez zen beste munduko ezer. Baina ahaztua zuen hari bati tira egin zion banatzailearekin gertatutakoak. Hiru bat hilabete zeramatzan Oxforden, eta autobusaren zain zegoen kalean, iluntzean, euritan eta hotzak. Mutil bat etorri zitzaion ondora. Artean 23 urte izango zituen berak; 10-15 gehiago mutilak. Etxera al zihoan, eta baietz. Ez al zuen aurrena berarekin zerbait hartu nahi, eta ezetz. Pena zela; goizean merkatuan ikusi zuela eta orduz gero ari zela berarekin hitz egin nahian. Goizean merkatuan ikusi zuen, eta bere ondoan zegoen iluntzean, auzokoek soilik hartu ohi zuten autobusaren zain? Ez dakit zer esan zion. Ezer ez, seguru asko. Bazetorren autobusa, aldirietara eramango zuena, etxetik kilometro erdira utziko zuena, argi gutxi eta jenderik gabeko auzoan. Autobusaren aurrealdean eseri zen, gidaritik gertu. Bi-hiru ilara atzerago eseri zen mutila. Ez zen ia beste inor barruan. Leihoaren islan ikusten zuen berari begira. Bere geralekura iritsi zirenean gidariaren ondoko atetik atera zen, eta korrika txikian egin zuen etxerainokoa, aterkirik zabaldu gabe. Ez dakit mutila ere han jaitsi ote zen, ez zuen atzera begiratzekorik egin. Eta ez, orduan ere ez zen beste munduko ezer gertatu. Izatez, oso mundu honetakoa den zerbait gertatu zen.

Hariz inguratua dauka gorputza. Beste mundukoa ez den zerbait gertatu zaion bakoitzean, hari zatia lotu zaio aurreko hari zatiek osatzen duten sokari. Eta zatia zatiari korapilo, buelta eta buelta egin dio sokak gorputzean. Eta, halako batean, beste mundukoa ez den zerbaitek tira egiten dio mutur bati, eta bere luzean estutzen dio sokak arnasa. Banatzaile bat berandu samar eta ni bakarrik.

Hariena eta korapiloena azaltzen saiatu zen batean, zera esan zion behin lagun batek, lagun mutil batek: ulertzen zuela hori dena, baina askotan jada ez zekiela oso ondo nola jokatu neskekin, bazirudiela kuidado handiz ibili behar zuela, eta nahi gabe ere sartuko zuela hanka. Bai, betikoa: hitz egin dezagun egoera honek gizonei sortzen dizkien buruhausteez. Saia gaitezen hau beraientzat zein zaila den ulertzen. En fin. Ez, ez da portzelanazkoa. Ez da nahi gabe hautsiko. Eta gai da, tartean-tartean, bere gorputza astindu eta hariak hegan bidaltzekoa, lokatzetatik atera den animaliak bere burua astintzen duen gisan. Ez da harizko panpina; lokaztutako animalia da.

Joan den martxoaren 8an pankartak jarri zituzten campusean: feminismoak ez zaitu askatuko. Ez zen Oxford eta ez zuen euririk ari; Donostia zen, 2022an. Azkenaldian irudipena daukat ez ote garen atzerapausoak egiten ari, ez ote garen irabazia uste genuen terrenoa galtzen ari. Pankarta horiek jarri zituztenak ez dira akaso asko izango; baina pankartetan esaten zena pentsatzen dutenak ez ote diren gehiegi. Oraindik ez dute esplizituki eta publikoki ozenegi esaten, baina, zaudete.

Ez dakit egin daitekeen iraultzarik cabernet sauvignonik gabe, dantza egin eta maitatu gabe. Baina badakit feminismoaren aldarriak bere diskurtsoan artikulatzen ez dituen borroka batek ez nauela askatuko, ez dizkidala lokatz hauek astinduko. •