Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Nirea da

Propietate pribatuaren ezarketak lurraldearen irakurketa errotik aldatu zuen; segur aski orduantxe hasi zen lurraldearekiko begirada antropizatzailea. Jabetza indibidualaren ikuspegiak lurraren eta espazioaren ekonomia bat sortzen du, lurraldearen zatiketa eta presentzia hesitu bat ekartzen du, eta paisaiaren mosaiko bat, paisaiak berezko duen morfologia eta funtzionamenduarekin bat etortzen ez dena gehienetan. Zenbat gatazka sortu dituzten lurzorua banatzen duten mugarriek, lurzoruaren mugaketa konpartitzen dutenen artean. Zenbat biolentzia egoera gertatu diren lurzoruak konkistatzeko ideiaren atzetik. Zatiketaren ikuspegiak zera dakar lurraldera: zurea edo nirea dela, eta zatiren bat denona izan daitekeela. Lurraren jabetza mankomunalaren ikuspegia hein handi batean galdu egin dugu, eta ederra zen. “Gurea da” kontzeptupean jaioa izateagatik, komunitate eraikitzailea zelako.

Haur baten ahotan entzuten dugunean «hau nirea da», oso ohikoa da guraso baten zuzenketa etortzea esanez konpartitu dezala berea den hori, une batez «hau gurea da» esperimenta dezan, ekintza hezitzaile gisa planteaturik. Egoera hauetan ezinbestekoa iruditzen zaigu haurrei ikusaraztea lagunarekin elkarbanatzearen garrantzia eta amankomunaren balioarekin hezteko beharra.

Denona den horretan elkarbizitzarako arauak ezartzea beharrezkoa ikusi ohi dugu, eta arauak betetzea denon onurarako denez gero, ulergarria egiten zaigu. Baina zer gertatzen da nirea den horretan, nahi dudan horretan, mugak edo baldintzak jartzen badizkidate? Jabetza eta askatasuna nahasten hasiko naizela, nirea bada nahi dudana egiteko eskubidea eskatuz.

Nire jabetza pribatua den zoru batean ezin dut nahi dudana landatu edo eraiki, eta egitekotan, ezin dut edozein lekutan egin, hirigintza arautegia bete behar dut.

Nire jabegoa den etxean, ezin dut edozein neurritako logelarik egin, eraikuntza ordenantzak bete behar ditut. Nire jabegoa den lokalean, ezin dut taberna bat ireki gutxieneko aireztapen eskakizuna bete gabe. Gainera, lurzoru legeak dio, jabeak eskubide eta betebehar batzuk bete behar dituela. Jabegoan dudana beste egoera batzuen parte denez, nirea den horrek beste bati kalteak eragiteko arriskuaren aurrean erantzule bilakatzen nau. Jabegoan dudanak zaintza lanak eskatzen ditu eta zaintzarik ezak ekar ditzakeen ondorioen erantzukizuna hartu behar dut, hura ustiatzearen eta disfrutatzearen truke.

Hirigintza arautegia, eraikuntzako kode teknikoa eta bizigarritasun ordenantzak egokiak ote diren kuestionatzea ondo egon eta beharrezkoa den arren –botere tresna izateko arrisku handia dagoelako–, batzuetan zailtasuna ez dago arauaren definizioan, jabego pribatua ulertzeko moduan baizik. Izan ere, nirea den espazio zatia lurralde zabalago baten parte delako, natura eta gizarte ekosistemaren parte delako, ezin dut nire gogoa ezarri txertatua nagoen sistema orokorreko eragina kontuan hartu gabe. Deserosoa izan daitekeen ariketa da hau, eta nire buruari tranpa egingo nioke esanez nirea den honetan nahi dudana egiteak ez diola orokortasunari eragingo. Jabego pribatua onartzen badugu, talde handiago batean integraturik eta harremanean dagoela onartu behar dugu, nirea dena, gurea ere badela ulertuz. •