GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Telesail gehiago ikusten ditugunetik, gutxiago irakurtzen al dugu?

Zergatik esaten da azken urteotan, telesailak asko hurbiltzen ari direla, bai forma bai eduki aldetik, aitzina literaturak betetzen zuen eremura? Telesailak fikziozko literaturan betidanik dauden elementu narratiboak baliatzen dituelako agian? Ala gehiago da, lehen irakurketari eskaintzen genion denbora telesailak ikusteari eskaintzen diogulako? Telesail gehiago ikusten ditugunetik, liburu gutxiago irakurtzen al ditugu?

Telesailen garai honetan, lehen adina irakurtzen ote dugu? (GAUR8)

Galdera mamitsu horietan murgildu aurretik, literaturaren eta telesailen arteko erlazioaren gaia mahaigaineratu nahiko nuke. Telesailek literaturaren iturburu beretik edaten dutela argi dago, baina ez eleberri konkretu batean oinarritzen direlako soilik, istorioa bera eta hauek hornitzen dituzten pertsonaiak eraikitzeko orduan azaleratzen diren antzekotasunak oso nabarmenak direlako baizik. Fikzio horien guztien gidoiak literarioak izaten dira eta aipaturiko pertsonaiek sakontasun berbera izaten dute.      

Pentsa hainbat astetan zehar irakurtzen jardun dugun liburu horren protagonistak gugan izan dezakeen eragina edo zortzi denboralditan zehar ezagutu dugun pertsona horrekin “bidaiatzeak” zer-nolako enpatia maila sortzen duen gugan. Eta ez hori bakarrik, kontsumitzen ditugun moduan ere antzekotasun handiak loratzen dira. Dosi txikietan ikusi/irakurri ditzakegulako; autobusean, tren geltokian, ohean… liburuaren pasarte bat ala telesailaren atal konkretu bat ikus dezakegu, eta ordu batzuk geroago, utzi dugun puntutik inongo arazorik gabe jarraitu.

Telesailen baliabideak

Telesailek erabili ohi dituzten baliabide literario horiek zeintzuk diren ezagutzeko, onena adibide konkretuak aipatzea da. Izan ere, fikziozko literaturan betidanik dauden elementu narratiboak baliatzen ditu telesailak. Hasieran esan dudan moduan, istorioak kontatzeko makina perfektua bilakatu direla esan daiteke. Literatura zatikatuaren ezaugarri asko ditu, adibidez, estruktura narratiboak, eta ikuslearen arreta mantentzeko hainbat baliabide ere erabiltzen ditu. Arthur Conan Doylek edo Charles Dickensek erabiltzen zituztenen oso antzekoak. Metaforak, elipsiak ala gaur egun hain modan dagoen “cliffhanger” delakoaren erabilera (atal konkretu baten azken eszenan ikusi edo sentitu daiteke normalean, baita film edo liburu baten azken uneetan ere. Gugan sortzen duen sentimendua, zirrara, egonezina, suspensea eta, batez ere, hurrengo atala ikusteko irrikan egotea da).

Baliabideak aipatzen hasita, autore jakin batzuen eragina erakustea ere interesgarria iruditzen zait. Lotura hau argiago ikusteko, bi bereizketa egingo nituzke. Alde batetik, generoak.

Zientzia-fikziozko edozein telesail ulertzeko, adibidez, edo distopia tartean dagoen edozein kontakizun, Ray Bradburyren eragina saihetsezina da. George Orwell, “Black Mirror” ulertzeko adibidez, edo nola ez Shakespeare. Drama klasikoetan ageri diren obsesio guztiak (familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua…) “Succession”, “Peaky Blinders”, “The Sopranos”, “Breaking Bad”, “Sons of Anarchy”, “Gomorra”... telesailetan ikus daitezke argi eta garbi.

Bereiziko nukeen beste alderdia kokalekua da. Telesaila non kokatzen den, horren arabera, egile konkretu baten eragina antzeman baitaiteke sarritan. AEBetan girotzen den istorio batean, Stephen King-en kutsua antzeman dezakegu askotan –“Stranger Things”, adibidez–. Baita Edgar Allan Poe edo Mark Twain-ena, zergatik ez. Edo herrialde nordikoetatik datozkigun “Forbrydelsen”, “Bron/Broen” edo nordic noir generoa ardatz duten izenburuak Henning Mankell, Stieg Larsson eta Jo Nesbø bezalako idazleei zor dizkiegula esan daiteke. Ingalaterran, berriz, aipaturiko Doyle eta Dickens, Jane Austen, Agatha Christie eta abar.

Berrelikatzen dire bi mundu

Katalogoa handitzeko gosez dauden hainbat plataforma digital tarteko, ez da harritzekoa liburuen egokitzapenak areagotzea. Trama nagusia eta pertsonaiak garatuak dauzkan eduki bat moldatzea eta hori ekoiztea errazago izan daiteke hutsetik hasitako gidoi batekin lanean hastea baino. Etxean babestu ginen koronabirusarengatik, eta albistegi ezkorretatik ihes egiteko asmoz streaming plataformetara bidaiatu genuen.

“Bridgerton” edo “Queens Gambit” telesailen arrakasta itzelak susmatzen nuena berrestera etorri ziren: supersalmenta literarioen egokitzapenek hobeto funtzionatzen dute pantaila txikian (maila ekonomikoan) orrialdeetan baino. Moldaketek ez dute hutsera jauzi egiten: izenburu ezagunak ekoiztea negozio errentagarri bihurtu da.

Liburuek beti eman diote lehengaia Hollywoodi, baina ugaritzen joan dira plataformen materialaren beharrak bultzatuta. Argitalpen negozioaren barruan, eduki literarioaren egokitzapena sektore bakanetako bat bihurtu da, pandemian benetan azkartu dena. Etxean denbora gehiago egoteak eta, 2020an bereziki, ekoizpenak eta filmaketak murriztuta ikusteak pantailarako eduki eta inspirazio iturria bilatzera behartu ditu industriako exekutiboak. Argitaletxeak dibisio berriak sortzen hasi dira ikus-entzunezko eskubideen salmentak kudeatzeko, ekoizleak plataformei proiektuak aurkezteko eta literatura katalogoak mugitzen dituzten enpresa berriak ere sortzen ari dira. Harrigarria dirudien arren, “eleberri bilatzaileak” izeneko postuak ere badaude ikus-entzunezkoen alor desberdinetan –enpresa erraldoietan jakina–. Scouterrak –euskaraz, esploratzaileak–, funtsean, etengabe irakurtzen aritzen diren pertsonak dira. «Bila iezazkidazu duela gutxi argitaratu diren komedia erromantikoak» esan eta bilaketan hasten dira egokitzea interesgarriak izan daitezkeen izenburuak arrantzatzeko.

Pentsa noraino iristen ari den moldaketen kontua, 2022an soilik, 20 libururen egokitzapenak estreinatuko direla; “Conversations with Friends” (Sally Rooney), “Daisy Jones & The Six” (Taylor Jenkins Reid) edo “The Son” (Jo Nesbø), besteak beste. Ezin ahaztu jakina, Jon Arretxe idazleak iazko udaberrian eman zuen albistea: Toure detektibeak literaturatik pantailetara egingo duela jauzi. Zazpi liburu ditu jada detektibearen inguruko sailak, eta telesail bat ari dira prestatzen. David Perez Sañudo ari da gidoiak idazten, zortzi atal izango ditu eta filmazio Bilbon, Ipar Euskal Herrian eta Parisen egingo dute.

Berrelikatzen diren bi mundu direla jarri dut lerroburuan, hain zuzen, alderantzizko kasuak ere badaudelako. Alegia, jada argitaratuak egon arren apenas irakurlerik ez zituzten liburuak, telesail formatura jauzi egin ostean paperezko formatuan sekulako salmentak izan dituztenak. Adibide argiena “The Handmaid's Tale”. “Neskamearen ipuina”, Margaret Atwoodek 1985ean argitaratua, oso hedatua zegoen arren, pantaila txikiaren moldaketari esker mundu mailako fenomenoan bilakatu da, eta eleberriaren ospe maila hamarkoiztu egin da azken urteotan, baita idazleak berak idatziak zituen beste hainbat istorio ere (“Alias Grace”, esaterako). “Lupin” telesailaren arrakastari esker beste hainbeste gertatu zen Arsene Lupin-en liburuekin. “Outlander”, “Fariña”, “Unorthodox”… adibide ugari.

Eta irakurketarekin zer?

Pantaila Txikian izeneko atalean idazten dudala kontuan izanik, eta nire pasioa zinema eta telesailak direla, zaila egiten zait argudio hau defendatzea, baina hala pentsatzen dudanez, badoa: telesail gehiago ikusten ditugunetik, liburu gutxiago irakurtzen ditugu. Ez dut kultur kontsumoari buruzko datu ofizialik bilatuko, begi bistakoa iruditzen zaidan argudioa delako. Ez dakit zenbatekoa den galera literarioa telebistaren irabaziaren aurrean, baina balantzea hori dela eztabaidaezina iruditzen zait. Gero eta argiago daukat eta nire bizitzan horrela esperimentatzen dut: lehen irakurketari eskaintzen nion denboraren zati handi bat –osoa ez esatearren– orain telesailei eskaintzen diet. Kito.

Dena den, lerro hauek idazten ari denaren iritzi apalean, irakurketak ez luke zertan beste aisialdi mota batzuen aurka lehiatu, guztia lehentasun kontua besterik ez dela uste baitut, eta erabat bateragarria izan daitekeena. Pantaila txikiko istorioak geure egunerokoan txertatu diren arren, irakurtzea benetan maite duen horrek, gutxiago bada ere, irakurtzen jarraituko du. Gaua iritsi, sofan eroso eseri, eta “Squid Game” telesailaren bost atal irentsi beharrean, atal bakarra ikusi eta mesanotxean duen liburuko hiru pasarte irakurri, adibidez.

Gainera, eta honekin amaituko dut, egun estreinatzen diren telesail guzti-guztiak ikusteko ideia baztertu behar dugu behingoz, hori ezinezkoa baita. “Telesailak toxikoki irensten” artikuluan idatzi nuen moduan, irakurketarekin gertatzen den bezala, alderdi atsegingarria ez galtzeak ezinbestekoa izan beharko luke. Istorioak ikusteko desiratzen baino, ikusi ditugula kontatzeko gogoz gaudela dirudi. Ezer ez galtzearen obsesioa gailentzen ari da eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortzen du.

Twitterren ere partekatu nuen galdera, hona emaitza: