Antton Izagirre

Begien bistan dena ez da «dena»

Gertatzen ari denaz inongo zalantzarik izan ez dezagun etxeko sukalderaino sartu digute gerra. Hortxe bertan gertatzen ari da, geure sutondoan. Erosotasunetik irten gaitezen eskatzen digute. Putin gaizto horrek gure ongizateari ere eraso omen liezaioke. Ukraina jo ondoren, barrura ere irits omen daiteke eta... kontuz!

Nonbait, errealitatea bat da eta bakarra. Ez dago beste aukerarik, mundua bitan banatzen omen da: lagunak eta etsaiak. Garbi omen dago Putin etsaia dela eta Biden laguna. Bai ala ez? Edo zer? Geure begiekin ikusten duguna, ez al da, ba, errealitatea? Argi dago, ez da hala?

Gogoratzen dut nola haurtzaroan edo gaztetxo izanik igande arratsaldetan herriko zineman ematen zizkiguten filmak ia beti azken borroka batekin amaitzen zirela. Zintzoen eta gaiztoen arteko borroka horretan hasiera batean zalantzak izaten nituen noren alde jarri, ez nuen ongi bereizten nor zen gaiztoagoa. Nire alboko adin bereko ikusleek argiago izaten zuten eta oihuka eta txaloka hartzen zuten borrokatik irabazle suertatzea nahi zuten hura. Niri ere horrela erakutsi zidaten noren alde jarri. “Indio” eta “bakeroen” artetik bakeroek irabazi behar zuten. Txuri eta beltzen arteko borroka, berriz, txuriek. Eta horrela, pixkanaka errealitatearen jabe egiten joan nintzen.

Eskolan, historiako liburuetan erakutsi zidaten Atila basatia izan zela, bisigodoak ez zirela hain gaiztoak, feniziarrek gauza onak ekarri zizkigutela. Grekoek eta erromatarrek zibilizazioa; baina baskoiak ezin izan zituztela garaitu. Musulmanak bertakoekin nahastu omen ziren. Errege kristauek berriz lurraldeak birkonkistatzeko balorea izan omen zuten. Errege Katolikoak, lurraldeak batu Nafarroako Erresuma suntsituz. Karlistak eta liberalak, lagunak ala etsaiak? Mundu gerretan Aliatuak, lagunak? Espainiako gerran, Gernika bertakoek erre zutela sinetsarazi nahi izan ziguten. Konkistazaleak denak.

Gerora, lagunartean, frankisten eta haien sokakoen aurkako borrokaren alde jarri ginen. Oraindik orain, gertatutakoaren errelatoa eraikitzen ari gara, nor gailenduko.

Peter Berger eta Thomas Luckman soziologoek “La construcción social de la realidad” liburuan garbi erakutsi digute, edozein delarik ere gure aurrean ikusten duguna, errealitate horren gaineko ezagutza eraiki egiten dela. Kontua da nork eta nola eraikitzen duen.

Ukrainan izaten ari den gerra –ala operazio berezia da?– horretan, Putin etsaiaren gaiztakeriak begi aurrean erakusten dizkigute, bonba, txikizio, hildako, errefuxiatu, giza laguntzen... bidez.

Ematen ari diren errealitate horiei harriduraz begira gauden bitartean, Biden lagunaren kontrolpean beste errealitate ezkutua eraikitzen ari zaizkigu muturren aurrean. Botere ekonomiko nagusien interesen aldekoa, Europa militarizatua, kapitalaren eta gerra gizonen mesedetan.

Nire haurtzaroko filmetan bezala, aupada oihuak eta txaloak nori egin erakutsi nahi didatela jabetu naiz. •