GAUR8 - mila leiho zabalik

Indarkeriak


Kuriosoa da azken egun luzeetan, gehiegitan, aktore ospetsu batek hartu duen protagonismoa. Halako ikusgarritasuna lortu du bere jarrera eta ekintza konkretu batengatik, zaplazteko bat emateagatik. Eta horrek milioika erantzun sortu ditu, akzioa-erreakzioa, bat-batean mundu guztiak gure iritziak zabaldu ditugu sareetan. Posizionatu egin behar dugu noski, indarkeria kasuetan erantzun egin behar dugulako eta munduari esan irmoki aurka gaudela, indarkeria txarra dela, azken erantzun posiblea. Hipokritak.

Erreakzio horiek zer pentsatua eman didate. Alde batetik, indarkeria mota desberdinek sortzen duten erreakzioen inguruan; ez dugu berdin erantzuten indarkeria fisikoaren edo hitzezkoaren aurrean, adibidez. Eta bestetik, indarkeriaren monopolioaz. Indarkeriaren erabilera legitimoa gutxi batzuena baita, oso ondo dakigun bezala, lagunok.

Zer esan sari hauek banatu ziren herrialdeari buruz, ezta? Bakearen herria... ja, ja, ja. Armak eraman ditzakete, propietate pribatua defendatzeko heziak dira, munduko beste herrialdeak suntsitzen jarraitzen dute, arrazakeria kaleetan, politika baztertzaileak legeetan... Bakearen ikur, bai, noski.

Zaplazteko baten aurrean erantzun bateratua eta publikoki zigortzen duena. Fenomeno. Beraiek oso ondo dakite zer den indarkeria eta ez dute inorekin konpartitu nahi. Pelikula bateko pertsonaia batek esango balu bezala, «nirea da, nire altxorra». Eta halaxe da, gutxi batzuen monopolioa da indarkeria. Ondorioz, indarkeria erabili edo azaltzearen ondorioak oso desberdinak dira guztiontzat.

Harreman guztietara egokitu dezakegu teoria hau. Orokorrean, botere gehien duenak erabiltzen du indarkeria eta horrela onartua dago; haur-heldu, ikasle-irakasle, emakume-gizon, langile-nagusi, manifestari-polizia... Horrela gertatzen denean, ez dugu ezta indarkeriatzat jo ere egiten, legitimitate osoa dutelako eta kito. Ondo legoke harreman hauei bueltatxo bat ematea, ezta?

Eta beste alde batetik, indarkeria desberdinek sortzen dituzten erreakzio anitzei erreparatu nahi nieke. Ostia bat ematen ikusten dugunean... onartezina! Bihotza gelditu ere egiten zaigu batzuei, zer fuertea. Aldiz, pozoiz beteriko hitzak entzutean... besterik gabe. Hitzak besterik ez dira! Zer sentibera zaren, jesus. Dramatika. Norbait ikusezin bihurtzen dugunean ere, zer? Normala da, ezta? Gorputz batzuei buruz barre egitea ere... indarkeria 0, ezta?

Ez da erraza indarkeriarekin zer egin asmatzea. Batzuek esaten dute gure espeziea ez dela agresiboa, sistemak egiten omen gaitu gaizto. Beste batzuek ordea, gure esentziaren zati dela, hori ere bagarela. Ni ez naiz puritanismoaren aldekoa, zentzu guztietan. Guztiaren eragina garela uste dut, beti egon dela indarkeria eta egoten jarraituko duela. Kudeaketan dago gakoa, nola ezagutzen dugun gure indarkeria propioa eta zer egiten dugun horrekin. Dena bezala, ez da ona edo txarra: da. Eta den heinean ederra izango litzateke honi buruz zintzotasunez hausnartzea. Morala zakarrontzira bota, zintzotasun dosiz eta arduraz hitz egitea. Zuk ere erabiltzen duzulako indarkeria. Edo ez? •