23 ABR. 2022 { analisia } Errusofobiaren erro sakonak Errusofobia ez da fenomeno ideologikoa. Etsaia den herrialde batekiko gorroto sentimendu primarioa da. «Barneko frontea» zaintzeko omen da. Kultura oso bat deabrutzea, baina patetikoa da, umekeria oso arriskutsua. Mikel Zubimendi Adibide bat: Italiako unibertsitate batek Fiodor Dostoievskiren inguruko literatura ikastaroa bertan behera utzi du, «Putinen inbasio basatiaren kontrako autobabes neurria» delako. Dostoievski handia, jeinua eta maisua, Nietzscherentzat «zerbait irakatsi didan psikologo bakarra»; Freud-ek "Dostoievski eta Parrizidioa" entsegu ikonikoa eskaini zion. Dostoievski, Putinen idazle gustukoena. Ezabatu Dostoievski literaturatik, deserriratu letren unibertsotik, eta Danteren Infernuaren atarian kokatuko gaitu denok. Beste adibide asko: Valery Gergiev bezalako orkestra zuzendariak debekatu egin dira. Cannes-eko zinema jaialdiak Errusiako filmak ez dituela gehiago emango aurreratu du. Londresko National Gallery-k Edgar Degas pintorearen “Dantzari errusiarrak” koadroaren izena “Dantzari ukrainarrak” izenaren ordez aldatzea erabaki du. Errusiar produktu kulturalen aurkako boikota antolatu da ia Europa osoan, errusiar jatorriko bezeroak jazartu egiten dira. AEBetan, Eric Swalwell edo Ruben Gallego bezalako kongresukide demokratek «herrialdetik ikasle errusiar guztiak kanporatzea» proposatu dute, ikasleok «Errusiako aberatsen seme eta alabak direlako». Lindsey Graham senatari errepublikarra areago joan da, «Ez al dago Errusian Brutus bat?» Twitter bidez zabalduz, Putin hiltzera deituta, Ukrainako tragedia gerarazteko bide bakarra delakoan. Publikoki barkamenak eskatu eta Putin salatzera behartzen dituzte kulturgileak eta kirolariak. Erru guztia Errusiarena da. Maila guztietan. Sputnik txertoak ez zeukan oinarri zientifikorik. “Russia Today” bezalako komunikabideak itxi egin dira, izotz-hockeyko jokalari errusiarrak jazartu eta kanporatu dituzte. Nazioarteko Katuen Federazioak Errusiako katuak txapelketetan parte hartzea debekatu du. Deabrua eta aingerua Errusofobiak historia luzea du. Errusiarrak «besteak» dira, errespetua merezi ez duten barbaroak, beren identitateari, kulturari eta historiari mespretxua zor zaie. Beste behin, berriz ere, “mundu librearen” lehen etsai bihurtu dira. Errusiarren aurkako beldur, nazka, gorroto edo diskriminazioa, estereotipo eta klixe hauek haizatzeak, gainera, ez du gerra bukatzen batere laguntzen. Aitzitik, injustizia handi bat den heinean, gorroto eta ezinikusi berrietarako baldintzak jartzen ditu, etorkizuneko harreman sozial eta politikoetarako trabak, eta gerra berrietarako suak pizten ditu. Errusiarren kontrako sentimenduak erro sakonak ditu, bai. Bere boterea asmo gaiztokoa da beti, bere ekintzak gaizto-gaiztoak dira, ez dago orekarik analisian, Errusiaren kezkak eta arrazoiak ez dira ulertzen edo ulertu nahi. Deabruaren eta aingeruen arteko irudi bat proiektatzen da, oro har, gerra guztietan egiten den bezala. Baina Errusiaren kasuan, deabruen komandante gorena da. Eta horrela jokatuta, krisia sakondu egiten da eta erabat konponezin egiteko errezeta da hau. Ukrainaren inbasioa jende askok gaitzetsi du munduan. Normala da, justifikaezina eta basatia baita herrialde subirano bat inbaditzea. Gaitzespena, baina, erraietatik sortzen den gorroto batekin dator (Errusiako presidentea, edo gobernua, edo ekonomia, erasotzearekin aski ez eta kultura, eta kirola, eta identitatea jo puntuan dituena). Hiru arrazoi nabarmendu daitezke. Aurrenekoa, nagusitasun morala. Autokonplazentzia ariketa bat da lehiatzen ari garen taldea baino hobeak sentitzea. Bigarrenik, arrazismoaren adierazpen onargarria dago, diskriminazioaren txakurrak askatzeko argi berdea eman da, txakur-talde amorratu bezala erasotu dezaten. Hirugarrenik, erresumina dago, ezkutatu samar den gaitzondoa. Izan ere, finean, AEBek eta oro har Mendebaldeak azken hamarkadetan herrialde subiranoen inbasioen eskuliburua idatzi dute, eta orain errusiarrak liburu hori kopiatzen ari dira. Eta hori gehiegizkoa da, ia-ia egile eskubideen urraketa delako; edo okerrago, identitatearen usurpazioa. Erlijioaren zisma Testuinguru historikoa behar da, histeria hau guztia oso aspaldikoa baita, errusiarra ez den beste inperialismo batzuk justifikatzeko erabili izan dena. Bere estigmatizazio eta ostrazismoa justifikatzeko, Errusia despotismo, traizio, azpijoko, zabalkunde inperial, jazarpen eta bestelako gaiztakeriekin lotzea ez baita Ukrainako gerrarekin hasi. Diskurtso errusofobikoaren jatorria ulertzeko Erdi Aroan katolizismoa bitan partitu zuen zisma handira jo beharko genuke. Karlo Magnok inperio erromatarraren enperadore koroatu zutenean liturgia kristaua aldatu zuen. Inperio bizantziarreko Eliza ortodoxoak erreforma horien aurka egin zuen. 1000. urteko Karlo Magnoren Europak ekialdean “etsaia” behar zuen batu ahal izateko; berdin 2000. urteko Europarekin: Errusia etsaia behar omen du. Karlo Magnok bultzatu liturgia berriak Italian eta mendebaldeko Europan Bizantzioren eragina ahultzea zuen helburu. Hurrengo mendean, zisma erlijioaren eremutik politikara pasatu zen. Bizantzio eta Errusia «zesaropapistak» ziren, ekialdeko estiloan itxuratutako despotismoaren adibide, Mendebaldeko gobernu demokratiko ustez ilustratuekin zerikusirik gabekoak. Errusiak Europa mendebaldeko herrialdeak desafiatu zituen, beren aginduetara ez zen makurtu. Britainia Handian ziren bereziki errusofobo, egunkarietan jarrera histerikoak zabaltzen zituzten, askotan espedizio militar handietan abiatu baino lehen. Estereotipo orientalista honen beste adibide bat Bram Stokerren “Dracula” nobelan aurki dezakegu, pertsonaia nagusia Ivan Izugarria tsarrean inspiratu baitzen. Naziek diskurtso errusofobikoa areago eraman zuten, erraietako antiboltxebismo eta antisemitismoarekin nahastuta. 1960ko hamarkadetako Alemaniako testuliburu-etan errusiarrak «primitiboak, krudelak, gaiztoak, gizagabeak eta oso tenkorrak» bezala aurkezten zituzten. Eta zer esan Hollywoodeko filmetan! Estereotipo berberak, bereziki KGBkoek. “Equalizer” 2014ko filmean, errusiar doilor nagusiaren izena Vladimir Pushkin da: errimaren kasualitatea? Azken urteetan Putin difamatzen duten artikuluak ohikoak egin dira komunikabide handietan. Krimen izugarri guztiak leporatu dizkiote: turistez lepo zeuden hegazkinak bota ditu, aurkariak pozoitu, herrialdeak inbaditu, hauteskundeak manipulatu… denetarik. Horikeriaz blaitutako kazetaritza bat gailendu da. Propagandaren politika. Ez diguna oinarrizkoena ulertzen uzten: Errusiaren onena gizateriaren onena dela.