Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Zergatik ari zara behin eta berriz «Friends» eta «The Office» ikusten?

Askotan ez duzu mundu guztiak gomendatzen duen estreinaldi hori hasteko gogorik; aitzitik, nahiago duzu buruz dakizun komedia horrekin barre egin edota ondo sentiarazten zaituen telesail atsegin hori berriz ere ikusi. Fikzio horiek «Comfort TV» izena hartzen dute, onak ala txarrak izateaz harago, eroso, seguru sentiarazten gaituzten telesailak dira. Joera hori gero eta gehiago errepikatzen ari da; hain zuzen ere, fikzio horien bidez, inguratzen gaituen negatibotasunetik ihes egiten dugulako, eta neurri batean gure babesleku bihurtzen ditugulako.

BoJack Horseman” telesaileko protagonistak atal baten hasieran esan zuena datorkit burura: «Jende askorentzat, bizitza etengabe jasotzen dugun ostikada luze eta gogor bat besterik ez da. Batzuetan, egun luze bat ostikadak jasotzen pasatu ostean etxera iristen zarenean, elkar maite duen bikote bati buruzko istorio sinple bat edota besterik gabe pertsona jator batzuei buruzko saio bat ikusi nahi izaten duzu soilik, badakizu-eta, zer gerta ere, 30-40 minuturen buruan, dena ondo aterako dela».

Muturrera eramandako esaldia den arren, ziur zuetariko askok pentsatu izan duzuen esaldia dela; modako edukiak alde batera utzi, etxeko sofan eseri eta garuna erlaxatzeko zerbait besterik ez. Londresko analista politiko batek “The Guardian” egunkariari serieen kontsumo-ohiturei buruz emandako azalpen honek (https://labur.eus/YnNOy) ezin hobeto laburbiltzen du azken urte hauetan gehien aipatu den “Comfort TV” kontzeptu hau; pantaila gure babesleku bihurtzen dela dio, eta telesaila jada ezagutzen dugunez, konfiantzazko gune txiki bat sortzen dugula. Hau guztia hobeto ulertzeko aproposena adibideak jartzea denez, “Comfort TV” etiketapean sartuko nituzkeen izenburuak dira honako hauek.

The Office

NETFLIX eta AMAZON

Nielsen enpresak astero AEBetan argitaratzen dituen gehien ikusitakoen zerrendetan oso ohikoa da “The Office” beti Top 10ean ikustea. 2013an amaitu zen, eta pertsonaiekiko eta haien tramekiko etxekotasun horrek “leku zoriontsu” paregabe bihurtu du. Komediaren arloan inoiz egin den telesailik onenenetarikoa.

Halaxe da, irakurle maitea: bederatzi denboraldi eta 188 atal dituen eta 2005-2013 bitarte AEBetako NBC telebista katean eman zuten telesail honek, nire kuttunen kutxan, txoko pribilegiatua du. Dokumental faltsu formatuan grabatua, telesailak Dunder Mifflin izeneko papergintza enpresaren egunerokoa islatzen du. Tira, enpresarena baino, bertako langile xelebreena. Pertsonaia sorta zoragarri horien artetik, gainera, Michael Scott izeneko nagusiarena nabarmenduko nuke, Steve Carell aktoreak gorpuztua. Mundu guztiak nagusitzat izan nahi lukeen pertsona den arren, langile guztien amesgaizto bilakatuko dena. Andy Bernard, Dwight Schrute, Pam, Jim, Stanley, Angela, Kevin… Binge watching edota atalak bata bestearen jarraian irensteko, izenburu oso aproposa iruditzen zait, 30 minutu inguruko atal oso dibertigarriak eta arinak direlako, baina batez ere minutu horietan gertatuko zaizkien egoera surrealistek barrez lehertzeko gaitasuna dutelako.

Julia

HBOMAX

2022ko estreinaldien artean telesail eroso eta atsegin baten bila bazabiltza, “Julia” aukeratu behar duzu, hauxe izango baita zeure toki zoriontsu berria. Ez da bizitza aldatuko dizun telesaila, baina bai uneoro irribarre batekin ikusiko duzuna. Julia Child-en bizitzan oinarritutako telesaila da, eta zehazki berak sortu zuen “The French Chef” sukaldaritza saioan, aitzindaria izan zena. Telesaila geure burua berrasmatzeko ahalmenaren aldarrikapen zoragarria iruditu zait, dugun adinetik harago gure potentzialtasuna balioztatu eta gure berezitasunak gure bertute handienak izan daitezkeela ulertu beharrari buruzkoa. Nabarmentzekoa, nola ez, Sarah Lancashire (Happy Valley) aktorearen lan itzela, baita bere bikotekidea gorpuzten duen David Hyde Pierce (Frasier) ere: tandem zoragarria egiten dute biek.

Ted Lasso

APPLE TV+

Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan Ted Lasso izeneko futbol amerikarreko entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean zortea probatzea erabakiko du, baina haren eskarmentu ezak errezeloa eta mespretxua eragingo ditu jokalarien eta zaleen artean. Jason Sudeikisek azken urteotako pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina, garrantzitsuena, ez da batere nekagarria gertatzen. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duten ekoizpena dela, baina baita gainerako ikusleek ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola hori pantailaratzeko aitzakia baino ez delako.

Feel-good movie azpigeneroaren barnean igerian dabilen ekoizpen hau opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan bereziki gozatuko duzuna. Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, eta komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortu.

Downton Abbey, The Crown eta «garaiko dramak»

Beste meloi bat zabalduko dut: “garaiko dramak”. Alegia, iraganeko gizarteetan (XVIII. eta XIX. mendeetan), Europako herrialdeetan normalean –Ingalaterran, kasu gehienetan–, garatzen eta girotzen diren telesailak dira. Oro har, garai hartako gizarte-klaseak erretratatzen dituzte telesail hauek –aristokrazia, noblezia, herri xehea, eta abar–, eta garai hartako girotze xehe eta zehatza (jantziak, kokalekuak..) izaten dute ezaugarri nagusi. Zale armada nahiko ahaltsua duen azpigeneroa izateaz gainera –gure etxean, urrutira joan gabe–, askoren toki eta une zoriontsu faborito bilakatu dira ekoizpen hauek.

Asko aipatu ditzaket, baina “Downton Abbey” eta “The Crown” iruditzen zaizkit adierazgarrienak. Egia da azken hau ez dela justu aipatu ditudan garaietan kokatzen, baina erabiltzen duen estetikak, pertsonaien konposizioak eta narratibak multzo honetan sartzeko argudio nahiko ematen dizkidate. Peter Morganek 2016an Netflixentzat egina, berak idatzitako “The Queen” filmean eta “The Audience” antzezlanean ere jorratutako gaia hedatzen du: hau da, Britainia Handiko monarkiaren ibilbidea, Elizabeth II.aren erregealdian.

“Downton Abbey”, aldiz, 1912an girotuta dago, Ingalaterrako landazabaleko etxe batean, eta Lehen Mundu Gerratik 1920ko hamarkadaren hasierara arte iraun zuen aldi batean, komunitate korapilatsu baten istorioa kontatzen du. “Upstairs, Downstairs” telesail mitikoaren kutsua du ekoizpen horrek.

Friends

HBOMAX

Zer esan dezaket “Friends”-i buruz? Lehenik, “Comfort TV” kontzeptuari zentzua ematen dion telesaila dela. Hamar denboraldiak eta 236 atalak behin eta berriz ikusi ostean, buruz ezagutzen ditugun pertsonaiez, elkarrizketez eta sekuentziaz josiriko klasiko bilakatu den txokorik zoriontsu- enetarikoa. 1994- 2004 bitarte eman zuten telesail honek New York hiriko Manhattan-en bizi diren 30-40 urte arteko lagun talde baten gorabeherak azaltzen ditu: Rachel (Jennifer Aniston), Monica (Courteney Cox), Phoebe (Lisa Kudrow), Ross (David Schwimmer), Chandler (Matthew Perry) eta Joey (Matt LeBlanc).

Catastrophe

MOVISTAR+

Umore gehiagoren beharraz bazaude oraindik ere, hemen duzu beste proposamen dibertigarri bat. Rob Delaney (Amerikarra) eta Sharon Horgan (Irlandarra). Bien arteko “erlazio-motz” baten eraginez,  neska haurdun geratuko da. Ez dute apenas elkar ezagutzen, baina erlazioa mantentzeko saiakera egingo dute. Premisa ezin sinpleagoa da, agerikoa denez. Baina horregatik iruditzen zait, hain zuzen ere, telesail honen meritua goraipatzeko modukoa dela. Txikitasun horretatik, telesail bikaina lortzea oso zaila delako. Baina “Catastrophe”-k hasiera-hasieratik erakusten dizkigu karta guztiak: ez du inor engainatzeko intentziorik. Kontatu nahi digun ideiarekiko fideltasun osoa eskaintzen digu lehen minututik.

Nabarmendu nahi dut, dena den, modu zoragarrian landuriko beste alderdi bat: pertsonaiak. Zein garrantzitsua den gidoi edo istorio sendo baten barruan, tramarekin batera eskutik doazen pertsonaia landuak tartekatzea. Amazon-en ekoizpen honek muturreraino eramaten du teoria hori eta bi protagonista maitagarri eraikitzea lortu du. Lehen minututik maitatuko ditugun bi interpretazio/pertsonaia zoragarriei esker: Sharon Horgan eta Rob Delaney, esan bezala (aktoreez gain, telesailaren gidoilariak ere badira). Interpretazio aldetik sekulako erakustaldia eskaintzen digute, baina batez ere, etengabe darien naturaltasun horri esker, kimika harrigarria sortzea lortu dute bien artean.  Bilduma banaezin bat osatuz: biek elkarrekin zoragarri funtzionatzen dute.

After Life

NETFLIX

Zeinen gustuko dudan Ricky Gervais eta zeinen trebea den dramaren eta umorearen arteko marra horren gainean ikuslearen sentimenduak astintzen. “After Life” telesailean, tonu malenkoniatsua erabiliz, protagonistak, emaztea hil ondoren, jasaten duen min emozional guztia nola bizi duen kontatzen digu. Gervais ezagutzen duzuenok pentsa dezakezue bere ezaugarri diren iruzkin polemiko eta probokatzaileak jaurtitzeko erabiltzen duen beste ekoizpen bat izan daitekeela, baina ez. Doluaren esplorazio malenkoniatsu eta existentzial bikaina baita, bizitzarekin adiskidetzeko bidaia berezia. Asko hunkitu nauen telesaila da, asko gainera. Atal bakoitzak sentsazio berezi batekin utziko zaitu, eguneroko keinu eta xehetasun txikien aldeko aldarria egiten baitu. Gervaisek umorearen eta dramaren artean jolas egitea atsegin duela aipatu dizuet hasieran, baina telesail honetan une komikoek barrea eragingo dizuen arren, eztarrian korapilo bat jartzen zaizuen unean hura askatzea kostako zaizuela ohartarazten dizuet. Drama baita ekoizpen honen zigilu nagusia.

Bonus Track: Chef's Table (eta sukaldaritza saioak oro har)

Ez dakit zer duen gastronomiak, baina pantailan jendea janaria prestatzen –eta jaten– ikusteak erlaxatu egiten nau. Hipnotizatuta geratzen naiz platerak nola konposatzen dituzten ikusten dudan bakoitzean eta sukaldaritzarekin lotura duten ia saio guztiak irensten ditut. “Jiro Dreams of Sushi”, “Ugly Delicious”, “Salt”, “Fat”, “Acid”, “Heat”, “Street Food”, “Cooked”, “Sour Grapes” edota “Las crónicas del taco” datozkit boteprontoan, baina “Chef's Table” aipatuko dut, eskuragarrien dagoen saioa delako (Netflix-en) eta ikuserrazena eta ekoizpen mailari dagokionez ikusgarriena izan daitekeelako akaso. On egin!