30 ABR. 2022 Kafea gauza serioa da Oihane Larretxea de la Granja Unibertsitario nintzela Italian eman nuen garaiaz oroitzapen onak gorde ditut, baina bereziki bi irakaspen ekarri nituen. Lehenengoa: pasta egosi eta gero ez da ur hotzetan busti behar. «Zertan ari zara?», galdetu zidaten nire pisu-kide italiarrek, barreari ezin eutsi. Egosi, xukatu eta saltsa edo dena delakoa erantsi. Listo. Bigarrena: kafetera erabili eta gero ez da sekula xaboiaz garbitzen. Hemen bai, ur hotzetan pasa eta kito. «Pixkanaka kafetera joango delako erabileraren zaporea hartzen, eta horrek emango diolako kafeari izana, nortasuna, gorputza», azaldu zidaten. Kafea gauza serioa da. Hogeita bigarren urtebetetzean Veneziatik gertu oparitu zidaten kafetera txikia erabiltzen segitzen dut goizero. Metalezko azala erabat belztuta du behealdean, eta distira guztia aspaldi galdu zuen. Kirtena ere kaltetuta dago, sugar batek erre zuen. Zahartzen ari da ene kafetera, baina sasoiko dago. Kafeterarekin bidaiatzen hasi naiz. Mania baino, ohitura bat. Sakelakoaren kargagailua eta hortzetako eskuilarekin batera, bidaiatzeko ezinbestekoa suertatzen zait. Zoazen lekura zoazela, hantxe dago panpox diseinuzko kafetera bizkor horietako bat, kapsula gorriak, moreak, berdeak eta horiak dituen kutxatxoa alboan duela. Ba al da gauza absurdoagorik? Noiztik kabitzen da kafe ona kapsula batean? Gero belarritako birziklatuak egiteko? Ez, mesedez. Kafea momentuan hartzeko momentuan egiten da. Aurreko egunekoaz sobera gelditu dena gosaltzeko berotzea, edo meriendatzeko… arren. Sua piztu, eta pixkanaka ura nola berotzen doan sentitu, eta entzun goiko zulotxoetatik kafea isurtzen ari dela borborka… Ia egina dagoela zelatatzen du txistu-hots batek. Mmmm… Milioika saldu arren, George Clooneyk zer gosaltzen duen jakin nahi nuke. Nirekin ados balego, iruzurra egin du; soberakina berotzen duen horietakoa bada… ma che cazzo fai?! •