30 ABR. 2022 IKUSMIRA PERTSONA OSOA IKUSTEKO BEHAR ZEN ERDIA Amagoia Mujika Musukorik gabeko astelehena izan da. Txikienen irakasleak «zein politak zareten» esan die. Nerabeenak, «zein itsusiak zareten». Adin bakoitzak konektatzeko bere sekretuak dauzka, sasoi batean ederra dena beste batean melenga bihurtzen baita. Denboraren joanean aldatzen joaten garelako, azalak kentzen eta berriak janzten, kameleoiak nola. Azalaren gainean azala jantzi beharra izan da bi urtez. Gelakideei hortzak erori zaizkie, zuloak egin, zuloak hortz berriz bete. Batzuei ilea ugaritu zaie ezpain gainean eta aknea etorri. Haurrek eta nerabeek sekulako pazientzia erakutsi dute, egoerara moldatzeko malgutasuna, okerrenean eusteko indarra. Ez zuten erraza, neurri murriztaileak erabaki dituztenek begirune gutxi izan dute haur eta nerabeekin. Begirune gutxi baino, ez diete begiratu eta ez dituzte ikusi. Eta zein pozgarria eta sendagarria den berriro ere aurpegi erdi horiek ikusi ahal izatea, pertsona osoa ikusteko behar den erdi hori. Amagoia Mujika Telleria