GAUR8 - mila leiho zabalik

Zer gara gu?


Ni» izenordainak beti egiten dio erreferentzia «ni» esan duen hiztunari. Horixe, hitzaren mekanismo sinple, zehatz eta zuzena. Hain denez sinplea, «ni» esaten dugunean, esan nahi duguna aldatu egiten da esaldiz esaldi. Munduan hiztunak dauden adina erreferentzia ditu «ni»k. Gisa horretako hitzei «indexiko» esaten diegu. «Orain» indexikoa da: esan nahi du «orain» esan den unea. «Hemen» ere indexikoa da: esan nahi du «hemen» esan den lekua. Horrela, «Ni hemen nago orain» esaldia tribiala da, hutsala, beti baita egia: «ni» esan duen hiztuna beti egongo da «hemen» esan duen lekuan «orain» esan duen unean. Edo tribiala zen, behintzat, harik eta erantzungailu automatikoak asmatu ziren arte.

«Gu» ere indexikoa da, baina ez dirudi horren mekanismo sinple, zehatz edo zuzena duenik. Hasieran, eman dezake «gu» esaten dugunean esan nahi dugula «gu» esan duen hiztuna eta beste norbait. Hori baino konplikatuxeagoa da.

Izan ere, batzuetan «gu» singularra da; alegia, hiztunari, eta hari bakarrik, egiten dio erreferentzia. Garai zaharretan errege eta aita santuek erabili ohi zuten «gu» beraien buruaz ari zirenean –«plural maiestatiko» esaten zaio horri–. Antzera, akademian, zenbait tradiziotan, ohitura dute guka idaztekoa, baita autore bakarreko lanetan ere –apaltasunezko plurala omen da, baina esango nuke gutxi duela apaletik, eta batere ez praktikotik–. Horien antzera, baina oso desberdin, euskaraz ere erabiltzen dugu «gu» nork bere buruari erreferentzia egiteko; ez beti, soilik gertuko kontuez ari garenean: gure ama, gure Ainara, gure etxean, gure herriak.

Baina, normalean, «gu» taldea da: etxea, familia, herria, auzoa, gela, belaunaldia, alderdia, generoa, arraza, kuadrilla. «Gu» batzuk aukeratu gabe etortzen zaizkigu, beste batzuk bilatu egiten ditugu; batzuk nahi gabe, besteak ondo kostata; batzuk erreibindikatu egiten ditugu, beste batzuek lotsatu egiten gaituzte. «Gu» batzuk mahaiaren bueltan zaintzen ditugu. Gure Nagorek, lagunarteko bazkarien ondoren, beti kontatzen du istorio bera (eta, kontatzen ez badu, kontarazi egiten diogu). Joan omen ziren Nafarroako herriren bateko kanpinera lagun batzuk, duela bospasei urte. Kanpinaren sarreran zerbait galdetu nahi, eta gertu ikusi zuten neska «moztaka» bati zuzendu zitzaizkion: «Barkatu, kanpinekoa zara?». Eta hark: «Ez, Brasilgoa naiz, baina hemen egiten dut lan». Buruz dakigu denok pasadizoa, eta hasterako badakigu nola amaituko den. Eta, hala eta guztiz ere, lehertu beharrean egiten dugu barre kontatzen duen bakoitzean. Eta beti kontatu behar du berdin, eta esan behar du neska «moztaka» zela, eta keinu bera egin behar du «barkatu» esaten duenean. Istorio hori kontatzeak, entzuteak, gogoratzeak eta barre egiteak egiten gaitu «gu» bazkaloste horietan.

Errelatoaren borroka da gure borroka.

Baina badaude, baita ere, murru diren «gu»ak. Ukrainako gerraren irudiak bereziki omen dira lazgarri, haiek gu bezalakoak direlako –alegia, zuriak–. Horrelaxe esan du batek baino gehiagok hedabideetan, esplizituki, publikoki eta lotsagorritu gabe. Ukrainarrak «gu» dira, eta horregatik hartu behar ditugu besoak zabalik. Badaude bizitza salbatzen dizuten «gu»ak, eta badaude Bidasoan hil zaitezen abandonatzen zaituzten «gu»ak. •