Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Jendea

Bai, baina» esaten dugunean «baina» esaten dugu «bai» baino gehiago. Edozein baikortasunen ondoren etortzen den “baina” hori; aurretik esandakoa zalantzan, mahai ertzean erori edo ez erori dudan egoten den kristalezko edalontziaren gisan jartzen duen “baina” hori.

Garai txarrak omen dira baikortasunarentzat. Beti da errazagoa poz kolektiboan pitzadura txiki bati begira jarri eta norbera ere hortxe ezkutatzea; bultza eta bultza pitzadura zulo bilakatzea eta zuloa erreten.

Korrikak Euskal Herria zeharkatu eta euskarak haragi bihurtzen diren hitzak behar dituela gogoratu dugu, eten luze baten ondoren. Jendea ikusi dugu furgoneta elurretatik ateratzen, goizeko ordu txiki hotzetan errepide galduak zeharkatzen eta eguerdiko sargoritan Donostia gainezka jartzen. Jendea sentitu dugu gurekin igurtzian, gure ilusioak bizitzen, amets bati gorputza ematen. Eta, asetasun hori pasata, oraindik egiteko dagoenari begira jarri gara: erakundeetatik egin ez den apustuari, kalean lotsatzen den gure mihi diglosikoari. Eta hortxe lanbrotu dira gure pozak.

Aberri Egunak ere halaxe jarri gintuen, gorputza gorputzaren kontra, aspaldiko partez. Eta astelehenak gogorarazi zigun egunak badauzkagula baina herria daukagula eraikitzeko. Bai, baina. Aste Santuko oporrak hartzen ditugun ateook zerbaitetan sinesteak izutu egingo bagintu bezala. Beti izan da inteligenteagoa mezu baikorretara biltzen den jendea baino, ondotik bainaka aritzen dena.

Eta halako batean irratian entzun dut notizia: poesia liburu bat argitaratu omen dutela, adimen artifizialak sortua eta itzultzaile neuronal batek euskarara ekarria. Makinak gai omen dira guri emozioak sortzeko, beren baitan dauzkaten milioika poemak oinarri hartuta. Adimen artifiziala kapaz omen da Bukowskiren poemekin bereak sortzeko. Ez dakit makinak gizatiartu diren, edo gu ari garen makinengana hurbiltzen.

Makinaren funtzionatzeko eraren inguruko azalpenak entzun eta izutu egin bainaiz, gurearen antza hartu diodanean. Gure baitako artxibo batean gordetako emozio, liburu, film eta elkarrizketetatik sortu. Nire baitako algoritmoak nola funtzionatzen ote duen galdezka hasi naiz; nire artxiboa betetzeko, ez ote ditudan nire iritzi aurrez finkatuekin bat datozen liburu, film eta elkarrizketak irensten. Ez ote naizen, nire antzera pentsatzen dutenengandik elikatu eta elikatu, nire iritzietan are eta gehiago gotortzen ari. Garaiaren iluntasun eta ezkortasunean gero eta gehiago iluntzen eta ezkortzen ari.

Bai, baina. Genez eta jendez osatua nagoela gogoratu dut azken asteotan. Zalantzan jarriko nauen jendea, emozioak partekatzeko gai den jendea eta elkarrekin zerbait eraikitzeko gai den jendea. •