SOPHIE ISTILLART

Lapurdi eta Bizkaia hurbildu dituen jokalariaren agurra

Albistea astelehen arratsaldean ezagutu genuen Athleticek zabaldutako ohar baten bitartez: Sophie Istillart jokalari baionarrak futbola uztea erabaki du. Jakina zen erdilariak belauneko lesio larria izan zuela urte hasieran, urtarrilaren 16an Levanteren aurkako partidan, eta 26 urte izanda burura etorri zen lehen pentsamendua lesioarekin arazoren bat zegoela izan zen. Are gehiago kontratua ekainean amaituko zaiola kontuan hartuta.

Athleticek berak, ordea, lehen momentutik jakinarazi zuen osatze prozesua bide onetik zihoala eta erabakiak ez zuela harreman zuzenik belauneko lesioarekin. Egun bat geroago, asteartean, Lezaman emandako prentsaurrekoan jokalariak berak baieztatu zuen futbola uzteko erabakia aldez aurretik ere buruan zuela. «Denbora luzea neraman futbola uzteko erabakiari bueltak ematen. Eta bigarren aldiz belauna apurtu nuenean pentsatu nuen zelaitik urruntzeko garaia iritsi zela. Nire kirol ibilbidea osatu dudala uste dut», aipatu zuen Istillartek bere agurreko prentsaurrekoan.

«Sentitu nuen lesioa seinale bat zela. Futbola uztea aldez aurretik erabakita nuen, baina bigarren aldiz belauna apurtu ondoren sentitu nuen niregan pentsatzeko unea zela. Une horretan egin behar nuela pentsatu nuen. Kontua ez da ez nengoela pozik Athleticen, edo ez nengoela pozik futbolean jokatzen. Jokalariarena etapa bat izan da nire bizitzan eta orain beste zerbait egin nahi dut. Eta bestalde, denbora luzea daramat etxetik kanpora, eta uste dut garaia dela nire familiarengandik gertuago egoteko», gehitu zuen baionarrak kazetarien galderei erantzunez.

Muga bat apurtu zuen

Horrela amaitu da Athleticen jokatu duen Ipar Euskal Herriko lehen emakumearen ibilbidea. Izan ere, 2020. urteko udan talde zuri-gorriak Istillarten fitxaketa jakinarazi zuenean, horixe izan zen komunikabide gehienetan errepikatu zen titularra.

Futbolean lehen urratsak Hendaiako Les Eglantins taldean eman ostean –oso gazterik bertara bizitzera joan baitzen, juxtu futbol zelaiaren parera–, Irungo Mariño taldean jarraitu zuen bere futbol heziketa Istillartek. Ondoren Lebenne eta Blanquefort taldeetatik igaro zen, eta azken horretatik eman zuen jauzia Bordeleko Girondins talde ezagunera.

Bordelen egindako urte onak izan ziren Athleticek Istillart fitxatzeko arrazoi nagusia. Erdilari baionarrak bost denboraldi eman zituen Girondinsen, Frantziako Lehen Mailan 77 partida jokatuz, eta azken sasoian, 2019/2020 denboraldian, hirugarren postuan amaitu zuen Liga eta Kopako finalerdietara ere iritsi zen, Istillart bera kapitain zela Paris Saint-Germain indartsuaren aurka galduz.

«Ez nuen inoiz pentsatuko futbola nire lanbidea izan zitekeenik. Espainiar Estatuko txapelketak ezagutzeko grina izan dut beti, eta Athletic beti nire buruan izan da. Aukera atera da eta ez dut galdu», adierazi zuen Sophie Istillartek “Kazeta”-ri 2021eko apirilean emandako elkarrizketan. Futbolariak bertan gaineratzen zuenez, «duela hamar urte ez nuen pentsatuko nire pasioaz bizi ahal izango nuenik. Garaian gauez entrenatzen ginen, ez genuen aldagelarik eta zelaiak ez ziren benetakoak. Baldintzak ez ziren berdinak. Gaur egun ez zaigu deus falta. Gauzak asko aitzinatu dira».

Athleticen jokatzearekin batera Euskal Selekzioan debuta egiteko aukera ere izan zuen lapurtarrak 2021eko apirilean. Aurrez beheko mailetan euskal selekzioarekin aritua zen arren, maila nagusian Basque Country International Cup txapelketan jokatu zuen lehen aldiz, selekzioan aritzen den Ipar Euskal Herriko lehen jokalaria bilakatuz. Ez zen nolanahiko debuta izan, lehiaketa irabaztea lortu baitzuten euskaldunek Argentinari irabazi eta Venezuelarekin berdindu ostean. Aipaturiko elkarrizketan, Istillartek Euskal Selekzioaren elastikoa janzteak «harrotasuna» ematen ziola aitortzen zuen: «Nire baloreak irudikatzen ditu, nire familia, eta handitu naizen lurraldea. Espero dut beste aldi batez ere edo gehiagotan eramanen dudala».

Athleticen denbora luzez jarraitzeko asmoa ere aipatzen zuen orduan erdilariak –«ongi sentitzen naiz hemen eta espero dut luzerako izanen dela»–, baina bistan denez azkenean jokalariaren erabakia oso bestelakoa izan da, nahiz eta Bilbon egin dituen bi urteak ezinhobeak izan direla onartu agurrean.

Taldean oso maitatua

«Athleticen jokatzea plazera izan da, ohorea. Nire kirol ibilbideko esperientzia ederrena izan da, inoiz ahaztuko ez dudana. Klub handia delako hau, badakigu, baina batez ere jendea sekulakoa delako, sinestezina. Bizitza osorako geratuko zaidan oroitzapena da, eta espero dut hori ez aldatzea».

Ez dira hitz makalak Athleticentzat, eta Istillart klubean zer puntutaraino maitatua den konturatzeko agurreko prentsaurrekoan izan zuen babesa ikustea besterik ez dago. Taldekide guztiek eta Aitor Elizegi presidenteak berak ere bertan egon nahi izan zuten jokalaria txalotzeko. Gainera, egiari zor, Istillart Athleticen egon den bi denboraldiak ez dira errazenak izan taldearentzat. 2020/2021 denboraldian jaitsiera postuetatik gertu ibili ziren zuri-gorriak, bizkaitarrek inoiz ezagutu gabeko egoeran eta Angel Villacampa entrenatzailearen kargugabetzea ekarri zuena urtarrilean; aurtengo sasoian, Iraia Iturregiren esanetara, hobeto aritu dira, Europako postuen lehiara hurbildu dira une batzuetan, baina garai bateko loria ezagutu gabe.

Guztira 43 partida ofizial jokatu ditu baionarrak elastiko zuri-gorriarekin, baina behin jokalari ibilbidea amaituta Athleticen lanean jarraituko du. Izan ere, Istillartek jakinarazi zuenez, Ipar Euskal Herriko jokalarien kaptazioaren eta teknifikazioaren ardura hartuko du hemendik aurrera.

«Baditut ideia batzuk. Ni izan naizenez Iparraldeko lehen jokalaria Athleticen, nahi dut etorkizunean jokalari gehiagok urrats hori ematea. Badaude jokalariak Iparraldean maila ona dutenak eta neska horiek klub hau ezagutzea nahi dut, klub bikaina delako. Ahal den guztian lagundu nahi dut», izan zen bere lehen azalpena kargu berriaz galdetu zitzaionean. Lan mardula izango du aurretik, pozik egingo duena, Ipar Euskal Herriko beste jokalari batek Athleticen jokatzen duenean horrenbesteko harridura sortu ez dezan.