Amaia Nausia Pimoulier

Sorgin ehiza ikertzea zor historikoa kitatzea delako

Nafarroako Gobernuak ez du ikertuko XVI. eta XVII. mendeetan gure lurraldean egindako sorgin ehiza. Pena da Nafarroako Gobernuak, urte hauetan, Parlamentuaren 2019ko agindua bete ez izana. Aukera bat galdu da gure arbasoen oroimena berreskuratzen aitzindari izateko. Gure ahizpa katalanak aurreratu zaizkigu: han “Ez ziren sorginak, emakumeak ziren” kanpaina jarri dute martxan, mugimendu feministak eta ikertzaileek bultzatuta (Nuria Morelló laguna, besteak beste) eta Generalitateak babestuta.

Agian hemen ez dugu jakin akademiatik eta mugimendu feministatik behar adina presio egiten. Edo agian han erakunde eskuzabalagoak aurkitu dituzte.

Gogoan dut 2019an, Iruñeko Katakakren, Sorginen Ehizaren Historiaren Nazioarteko I. Kongresuaren ondoren, Laura Perez (orduan Ahal Dugu Nafarroako bozeramailea Parlamentuan) gerturatu zitzaidala, Parlamentuan proposamena aurkezteko egun gutxi falta zirela. Kongresu hartan, Nafarroan gertatutako sorgin ehizaren historiari buruzko hitzaldi bat eman nuen eta Parlamentuaren aurrean eginen zuen aurkezpena egiteko azken orduko aholku batzuk eman nizkion Laurari. Orduan, orain bezala, oso ideia ona iruditu zitzaidan, eta poza hartu nuen jakin nuenean proposamenak aurrera eginen zuela. Partida bat ere esleitu zen, hainbat lerrorekin hezkuntza arloan haurrekin lan egite aldera. Bada ordua eskoletan honen inguruko lanketa bat egiteko eta gure ihauterietatik, adibidez, sorginaren figura desagertzeko behingoz. Bada ordua ikerketa gehiago bideratzeko emakume horien memoria berreskuratze aldera. Baina erabakia joan den legealdiko azken batzarrean izan zenez, gobernu aldaketarekin eta legealdi berriarekin ahaztuta gelditu omen zen. 

Aste honetan, 2019an onartutako proposamenaren inguruan galdetu du Adolfo Araizek: ia zergatik ez den ezer ere egin orain arte. Gaiak ez omen du zerikusirik memoria historikoarekin, Ana Olloren departamentuarekin, memoria historikoaren lan eremuak 1936tik aurrerako garaiari begiratzen diolako. Arrazoi du: gauza bat da memoria historikoa eta bestea ikerketa historikoa.

Ados nago, baina, nire ustez, zor historikoa dugu oraindik sistema eta testuinguru historiko baten biktima izan ziren emakume haiekin, XVI. mendeko feminitatearen idealarekin bat ez egiteagatik sorgin bezala salatuak eta zigortuak izan zirenekin. Izan ere, sorginak emakumeak izan ziren: salatutakoen artean %90, hain zuzen.

Beraz, nahiz eta 36tik oso urrun egon, frankismoak “bide okerra hartutako” moduan jo zituen emakumeen aurka erabilitako zigor logikek XVI-XVII. mendeetako sorgin ehizan dituzte sustraiak.

Horregatik, espero dut emakume hauekin dugun zorra kitatzeko adinako maila izatea gure erakundeek. Eta bestela, kaleak geratzen zaizkigu, historialari eta ikertzaileen talde-lana eta historiak lapurtu zien lekua itzultzeko herri-borondatea. •