07 MAY. 2022 Anita Parker Ana Elosegi Serna Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Orain dela 25 urte ezagutu genuen elkar Azpeitiko gaztetxearen bueltan. Baina gure arteko harremana –hartu eta emana– Hernanin kozinatu zen. Ni lanean hasi berria nintzen Donostian eta Hernanin bizitzen nengoela izan nuen zu ezagutzeko aukera. Kuadrilla polita geneukan kontuak esateko, afari eta gaubeila ederrak, sagardotegi eta bertso saioak. Zuk esaten zenuen moduan ilustratu asko gure artean! Astean behin, astero-astero, gelditzen ginen elkarrekin bazkaltzeko, kontuak esateko, zuk esaten zenuen moduan, «neskazarkeien ingo al dinau pixket?»; han eta hemengo berri jakitea gustuko zenuen. Bazkariak terapia bihurtzen ziren, batzuetan nire alde, hurrena zure alde. Gogoratzen naiz hasieran zurekin flipatu egin nuela, askotan entzun eta ez nuen ondo ulertzen; zer ari da hau esaten, zer hausnarketa dira horiek… beti mugan. Beti tentatzen, arrapaladan pentsatzen zenuena esaten, beste asko ausartzen ez ginena idazten! Anita Parker deitzen ninduzun: «Anita Parker, zer moduz?». Badakizu zu hil eta gero begiratzen egon naizela zein ote den Anita Parker? Zergatik deitzen zenidan horrela! Urte ederrak izan ziren, parranda, barre eta denetarako denbora izaten genuen. Zenbat bazileo zure hiztegien inguruan, «nun hijue orain Ogro, H edo I? Hi bizi haiz hi, 10 urte hiztegi bat sortzeko…». Apirilaren 15ean hil zinen, eta badirudi jende asko gelditu dela zuri gauza asko esan nahian, ordutik artikulu ugari atera dira-eta zu agurtuz. Egia esan zaila da zu ahaztea, arrastoa uzten duen pertsona horietakoa zara, bizia, sentibera, azkarra! Denbora askoz urrutiratuta egon gara, ni nirean eta zu zurean. Tarteka topo egin, barre batzuk bota zure burutazioak entzunda eta, agurrerako orduan, «Anita, kafe luze bat hartu behar dugu…». Konfinamendu garaian edo ondoren, ez naiz oso ondo gogoratzen noiz, zuen irrati saioak entzuten hasi nintzen; asko gustatzen zitzaidan zure okurrentziak entzutea, interesgarriak, eroak zirelako… Egun batean deitu eta, «Anita, zurekin akordatu naiz, psikologo bat behar dugu dolua lantzeko irratian, animatzen al zara?». Segituan baietz erantzun nizun. Luze egon ginen hitz egiten, kide batek igual bide berria egingo zuela, lur jota egonda, nola landu hori, ez zuela egingo... eta saio bat egin nahi zenuela heriotzaren eta doluaren inguruan. Saio hori prestatzera gerturatu eta azkenean zure kidea ez zen joan eta irrati saioek aurrera egin zuten! Hementxe GAUR8n idatzitako zerbaiten harira egon ginen beste behin, eta orain dela denbora bat zuk pasatutako depresio sakon horren pasartea kontatu zenidan. Barruak hustu eta orduan igarotako zerbait bezala kontatzen zenuen, bazenekiela zer zen infernu horretan egotea. Eskertu nizun kontatzea eta elkar trukatzea. Besarkada handi batekin agurtu ginen! Faltan botako zaitugu, zure burutazioak, jardunak, neskazarkeriak, zu zeu, zure pertsonaia, zure ekarpenak! Ez nintzen joan azken agurrera, kanpoan nengoelako edo barruak astindu zitzaizkidalako, ez dakit, agian biak… baina beharra sentitu dut zuri idazteko, agian irakurriko duzulakoan. Agur Ogrue, bidaia on!! •