07 MAY. 2022 RICARDO ALARCON DE QUESADA Argudioa arma nagusi zuen iraultzaile diplomatikoa GAUR8 Maiatzaren Lehenaren bezperan hil zen Ricardo Alarcon de Quesada, Kubako diplomazia prestigiotsuaren adierazle esanguratsuena, noiz eta munduko diplomazia makalaldi larrian dagoen honetan. Jardun horretarako ezinbestekoak diren hitzaren, elkarrizketaren, argudioaren maisu bat joan da. «Kubako iraultzailea, abertzale handia eta berebiziko diplomazialaria, bere obra pasioz eta argudio sendoz defendatu zuena», idatzi zuen Kubako Errepublikako presidente Miguel Diaz-Canelek Twitterreko bere kontuan kidearen heriotzaren berri izan zuenean. Ricardo Alarcon de Quesada Habanan jaio zen, 1937ko maiatzaren 21ean. 1954an Habanako Unibertsitatean sartu eta luze gabe borroka iraultzaileari lotu zitzaion, Jose Antonio Echeverria buru zuen Unibertsitateko Ikasle Federazioan (FEU). Direktorio Iraultzaileko kolaboratzailea izan zen eta 1955etik Uztailaren 26 Mugimenduko kide. Bertan, gazte brigadetako ikasle aparatuaren antolatzailea izan zen. Iraultzailea eta ordezkari politikoa Fidel Castroren gerrillen hiri hegaleko kidea izan zen, eta 1959an Fulgencio Batista boteretik kendu zutenetik, Kubako herriaren ordezkari gisa jardun zuen hamarkada luzez. 1962an, Filosofia eta Letretan graduatu ondoren, Raul Roa kantzilerrak eskatuta, Kanpo Harremanetarako Ministerioan sartu zen Latinoamerikako Zuzendaritzaren ardura hartzeko. Hiru urte geroago, Raul Roak Nazio Batuen aurreko misioaren buru izendatu zuen, 1978ra arte. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren bilera ugariren buru izan zen eta, aldi berean, Karibeko hainbat herrialdetan enbaxadore. Hurrengo hamar urteetan Kanpo Harremanetarako ministrorde izan zen, eta 1989an lehen ministrorde izendatu zuten. Garai hartan, 1988 eta 1990 bitartean, Afrikako hegoaldeko bake negoziazioetan Kubako ordezkaritzaren partaide izan zen. Elkarrizketa haietan eta oro har hainbat herrialde nahasi zituen gatazka gordinaren bilakaeran Kubaren parte hartze militar eta diplomatikoak izandako garrantzia gogoratu beharrekoa da. Gogoratu eta txalotu. Apartheid erregimena eta Mandela Gauza jakina da kontakizun ofiziala ez dela beti egiazkoa; maiz, oso maiz, egia erdiek eta are gezur osoek osatzen dute. Hegoafrikako apartheidaren amaiera «mundu libreari» esker lortutako garaipen gisa aurkeztu izan da; hala ere, Nelson Mandelak zituen Kubarekiko maitasuna eta mirespena ez zetozen bat kontakizun horrekin, nahiz eta hainbat urtez apartheid erregimena zuritu eta are sostengatu zutenek ez zuten begi onez ikusten haren jarrera. «Kubatarrak mediku, irakasle, soldadu, nekazaritza aditu bezala etorri ziren gure eskualdera, inoiz ez kolonizatzaile bezala. Inoiz ez dugu ahaztuko internazionalismo desinteresatuaren adibide paregabe hori. Lubakiak gurekin partekatu zituzten kolonialismoaren, azpigarapenaren eta apartheidaren aurkako borrokan. Ehunka kubatarrek eman zuten bizitza, literalki, gurea, ez beraiena, zen borroka batean», esan zuen Mandelak kubatarren gainean. Eta aitorpen hori zela-eta jasotzen zituen maiseoez, berriz, honakoa: «Hau egiten dut gure giza jokabideak, moralak, agintzen digulako ezin ditugula abandonatu gure herriaren historiako unerik goibelenetan alboan izan genituenak. Eta gure adiskideekin leiala izateagatik errieta egin didaten hegoafrikarrak, literalki, joan daitezela antzarak ferratzera!». Adiskide kubatar haietako bat Alarcon zen, bake elkarrizketetan parte hartu zuena, Angolako gerraren amaiera, Namibiaren independentzia eta apartheidaren gainbehera ekarri zituzten elkarrizketetan, hain zuzen. Negoziazioa erabaki zuen batailak, 1987 eta 1988 bitartean Cuito Canabalen Kubako eta Angolako soldaduek Hegoafrikako Armadaren eta Angolako matxinoen aurka lortutako garaipen erabakigarriak, eskualdeko indar korrelazioa aldatu zuela aitortu zuen Mandelak: «zapaltzaile zuriaren garaiezintasunaren mitoa suntsitu zuen». Lehen mailako diplomazialaria Lehen ministrorde zela, Alarconek NBEren aurreko enbaxadore jardun zuen berriro, 1990 eta 1992 bitartean, eta bi aldiz Segurtasun Kontseiluko buru izan zen. Gaur egun NBEren Segurtasun Kontseiluaren erreformaren aldeko eskakizunek oinarri dituzten ideia asko haren ekarpena izan ziren, eta 1991n NBEren Batzar Nagusian blokeoari buruzko ebazpen proiektu baten lehen testua idatzi eta aurkeztu zuen. 1992tik 1993ra Kanpo Harremanetarako ministroa izan zen, eta 1993an Herri Boterearen Asanblea Nazionaleko presidente hautatu zuten. Hogei urtez bete zuen kargu hori. Bere bizitza diplomatiko osoan, eta ondoren ere, AEBekin hainbat negoziaziotan parte hartu zuten Kubako ordezkaritzen burua izan zen, 1984ko, 1994ko eta 1995eko migrazio akordioak sinatzera eraman zutenak barne. 1994an, “Balseroen krisia” bezala bataiatutakoari amaiera eman zion migrazio akordioa negoziatu zuen Clintonen Gobernuarekin, eta zenbait urte geroago funtsezko papera bete zuen Elian Gonzalez haurra Kubara itzultzeko eta AEBetan preso hartutako Kubako “Bost Heroiak” askatzeko gudu diplomatikoetan. Zalantzarik gabe, Alarcon Kubaren eta AEBen arteko harremanetako aditu nagusia izan zen hainbat hamarkadatan, arerioek ere errespetatutako gizona, guztiek ere lehen mailako solaskidetzat hartua. Beti izan zituen harreman bikainak inguru akademikoekin eta atzerriko prentsarekin, baita AEBetakoarekin ere, entzun beharreko analistatzat jotzen baitzuten guztiek. 2013an utzi zituen Asanblea Nazionaleko Presidentetza eta Alderdi Komunistako Buro Politikoa; hala ere, herrialdeko diplomaziaren erreferente izaten jarraitu zuen. 2015ean, Obamaren garaian sortutako “urtze-aldian”, Kubak eta AEBek harreman diplomatikoak berrezartzea erabaki zutenean, Kubako ordezkaritza ofizialarekin izan zen AEBetako hiriburuko zeremonian, eta bere osasun makala aspalditik bidaide bazuen ere, aholkularitza lanetan jarraitu zuen hil arte. «Ricardo Alarcon de Quesada, gure belaunaldiko diplomazialarien maisuari begirune, miresmen eta maitasun amaigabea gordeko dizkiogu beti. Eskerrik asko haren dizipuluetako bat izatearen pribilegio eta ohoreagatik», idatzi zuen Kanpo Harremanetarako ministrorde Josefina Vidalek. Euskal Herrian Ricardo Alarconek Euskal Herriarekin ere izan zuen harremanik. Hitzaldi bat ere egin zuen 2005ean Hernanin, Alfonso Sastrerekin eta Josu Juaristirekin. Hurrengo urtearen hasieran, berriz, Mertxe Aizpurua GARAko kazetariak eta gaur egun Madrilen EH Bilduko diputatuak Kuban elkarrizketatu zuen Alarcon. “Zazpika” GARAko gehigarrian 2006ko urtarrilaren 26an argitaratutako solasean luze hitz egin zuen bere herrialdeaz eta oro har politikaz. Elkarrizketa mamitsu hartan, besteak beste, demokrazia eta kapitalismoa termino antagonikoak direla esan zuen, eta Kubako sistemaren gaineko kritikaz, ezkerreko zenbait sektorek egindakoa barne, kritika kolonialista dela: «Hau da, zuk nire antzik ez duzunez, nireak ez du balio. Eta nork esan dio herrialde garatuetako jendeari, ezkerrekoa izanda ere, eurak direla egiaren jabe? Nik ez diot inori esaten kubatarra bezalako sistema bat aplikatzeko, gure historia desberdina izan baita. Alderdikeriaren defendatzaile horiei ez diet eskatuko gurea bezalako sistema bat edukitzeko». Kubaren norabidea hizpide, honakoa nabarmendu zuen: «Berdintasuna lortu dugula esan dezakegu, baina gezurra litzateke, esklabo izandako baten seme edo bilobak ez zuelako nirearen pareko bizi-esperientziarik izan. Ez da gauza bera miserian, analfabetismoan edo pilaketan jaiotzea edo baldintza hobeetan. Kasu batean bestean baino gehiago aurreratuko da, eta jatorrizko desberdintasun horiek ezin dira lege edo erabaki makroekin bakarrik konpondu; beltzari laguntza gehiagarria eman behari diozu, beltza izateagatik desabantaila duelako zuriaren aldean; emakumeari, berdin, emakumea izateagatik diskriminatuta egon delako. Ez da nahikoa ‘denek ikas dezakete’ esatea, baizik eta kontuan hartu behar da emakume horrek, beltz horrek, borrokatu beharreko zama duela». Duela hamasei urte bezala egun ere indarrean den gogoeta. Maiatzaren Lehenaren bezperan joan zen eta biharamunean bere herriak omendu egin zuen Habanako Iraultzaren Plazan.