07 MAY. 2022 IKUSMIRA Gelak itxita eta eskolak erasopean Ukrainan Ainara Lertxundi Irudia Kharkiveko metro geltoki batean aterata dago, apirilaren 3an. 41 urteko Yuliia Kruhlaia boluntarioak soinketa tailer bat antolatu zuen bertan ezkutatuta asteak daramatzaten umeekin. Gerraren ondorioz, jada 7,5 milioi haurrek utzi behar izan dituzte beraien etxeak Ukrainan. Asko lur azpian, bunkerretan, babestu dira. Geltoki honetan bezalaxe, beste askotan ere irakasleak, psikologoak eta asialdiko teknikariak gerraren gordintasuna arintzen saiatzen dira. «Pandemiak ekarritako murrizketak eta gero, ikasturtea esperantzaz beteta hasi zuten haurrek, baina modu tragikoan amaituko dute. Ehunka ume hil dira. Eskolak berriro itxita daude, eta kontuan izan behar da krisi egoeretan funtsezkoak diren segurtasuna eta normaltasun apur bat ematen dietela haurrei», esan du Murat Sahinek, Unicefeko ordezkariak. Nazio Batuen agentziak salatu duenez, «Eskola seguruak» programaren barruan martxan ipinitako 89 azpiegituretatik 15ek kalteak jasan dituzte. Ainara Lertxundi