Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Pariseko bulegoetatik aliantza baten berri...

Maiatzaren 7 honetan abian emanen du Emmanuel Macronek bere bigarren agintaldirako bide orria. Konplexurik gabeko liberalak zamaz beteriko garaipena eskuratu zuen iragan apirilaren 24an. Orain bost urte, aldiz, presidentetzarako hauteskundeen ondotik heldu ziren boz legegileek tramite huts baten itxura hartu zuten. Eliseora heltzeko jasotako sostenguak eskertzeko baliatu zuen Macronek 577 barrutietan zerrendaburuak izendatzeko prozedura. Luze joko luke, ezker-eskuin fitxak banatuz orduan osatu zuen gehiengoak utzitako uzta aipatzeak.

Protokoloa zorrotza da presidentearen kargu hartzeari begira. Bestalde, Historiak hala aginduta, Bigarren Mundu Gerraren armistizioaren urteurrenak mandatu berriaren hasierako keinuak markatuko ditu. Horrela, maiatzaren 8an «desagertutako soldadua» oroitzeko zeremonian parte hartuko du bertze bost urtez estatuburu izateko baldintzapeko enkargua jaso duen mandatariak. Finean, Macronek berak behin baino gehiagotan aitortu duenez, sostengu parlamentario nahikorik ez duen presidenteak eskuak lotuak dituelako. Izan ere, azken hamarkadotan eredu presidentziala are presidentzialago bilakatzeko plantan eman ziren erreformek bazuten helburu argia: Eliseoko lehiaren irabazleari bere gobernuaren bizkarra zaintzeko funtzio nagusia duen gehiengo parlamentarioa bermatzea. Patu hori haustea xede, oso denbora gutxian gainera, bere karta-sorta aldatzeko parioa egin du ezker hexagonalak. Gauzak horrela, orainaldi ilunari argi izpia ezarri nahian batasun berria osatu du erlojuaren eta, bereziki, aspaldiko ezinikusien aurkako lasterketa libratu ondoren.

Behinik behin Frantzia Intsumisoa, Europe Ecologie-Berdeak, Alderdi Komunista eta Alderdi Sozialista aterpetuko dituen fronteak Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria izanen du lema. Basamortua aiseago igarotzeko, Historiaren iturriarekin egarria asetzeko hautua egin du aspalditik gainbeheran den frantziar ezkerrak. Ardatz politikoa eta mediatikoa inoiz baino eskuinerago dauden garaiotan, 86 urteko atzera begirada proposatu dute akordioaren sustatzaileek. Hain zuzen ere, 1936ko maiatzaren 3an, ezkerreko indarrak batu ondoren, hauteskundeak irabazi zituen Herri Frontearen eskutik heldu ziren aitzinamendu sozialak oroitaraziz.

Hauteskunde barrutien gaineko banaketari buruzko negoziazioaren amaieran, ezker hexagonalaren parametroetan marrazturiko mapa osatu dute aliatu berriek. Baita gutxieneko programa baten gaineko lerro nagusiak finkatu ere. Indarrak batzeko ahalegina formula arrakastatsu bilakatuko dela sinetsita, berehala akordioaren lurreratze faseari ekinen diote. Esperantza piztearekin batera abagune berria irekitzeko aukera baliatu nahi izanez gero, ordea, mapa mutu baten gainean aritzetik harago, lurraldeka dauden egoera ezberdinak eta, batez ere, berezko ibilbide eta agendak errespetatzea etapa saihetsezina dela barneratu behar lukete. Etxe berean energia nuklearraren alde eta eta kontra direnak elkartzeko gai den fronteak, Estatuaren barruan/pean dagoen kultur aniztasunaren eta dinamika politiko ezberdinen aurrean jokabidea eguneratzeko parada profitatuko du? Edo Pariseko moldea orokortzeko xedez Ipar Euskal Herrian ehundutako akordio zabaletatik at kokatuko du bere burua? Aurreiritziak zartatzeko garaia heldu dadila.