14 MAY. 2022 Entrevista Odei Barroso Gomila Bertsolari eta raperoa «Akuilu bat da niretzako rapa egitea, terapia moduko bat» 2020an ezagutu genuen «Terapia» kantua, bideoklip ilun batekin aurkeztu ziguna Ødei rap abeslariak eta iluntasun horri nolabait ere eutsi dio izen bereko disko berria kaleratu duen honetan. Odei Barroso Gomila, Baionan (Guillaume FAUVEAU) Iker Gurrutxaga Zer den rapa eta zer ez desberdintzen kosta egiten zaigu batzuetan; izan ere, musika urbanoaren baitan dauden azpigenero guztiak kontrolatzea ez da erraza. Are gutxiago eboluzio azkar eta konstante batean dagoenean musikaren adar hori. Hobeto ezagutu nahi izan ditugu Odei Barroso Gomilak (Barakaldo, 1988) disko berrirako egin dituen hamabost kantak. Egun on, zer moduz zaude? Orain hobeki, diskoa aterata lan bat gainetik kendu izan banu bezala. Baina orain bigarren zatia hasten da, aurkezpen lanena, alegia. Hori da, baina prest gaude bigarren fase honi aurre egiteko. Astelehen buruzuri batean aurkeztu zenuen zure lana Iruñeko Laba sarean. Nolatan hautu hori? Aurretik Urruñan egin genuen, ostiralez. Gure agendak eta egutegiak kokatu beharrean ibiltzen gara eta ez da erraza izaten, ez bainaiz bakarrik, nahiz eta diskoa bakarrik egin dudan. Hala suertatu zitzaigun edo hala lortu genuen kokatzea, ostiral eta astelehen buruzuri batez. Baina biziki kontent, jendea etorri baitzen hala ere eta, beraz, eskertzekoa astelehen buruzuri batez jendea Iruñera hurbildu izana. «Jaso eman» kantuarekin irekitzen duzu diskoa. Hamabi urteko inozentzia, kritikak… halako kontuak aipatzen dituzu, baina familia, rapa eta euskara direla zure territorio libre bakarrak ere esaten duzu. Egur asko jaso duzu rapa egiteagatik? Kritikak zeri buruz ari dira? Nik rap frantses anitz entzuten dut eta gehien entzuten ditudan horiek beti ni-tik aritzen dira. Horrek eramaten zaitu zutaz aritzera eta batzuetan kutsu autobiografiko bat ere har dezakete kantuek. Nire bakarkako lehen lana denez, aurretik 2zio taldearekin hiru disko aterata, hau da zinez libre eta nahi dudana esan dezakedan lehenengo lana. Ez didate sekula erraza jarri rapa egitea, dela euskaraz ari naizelako, dela lapurtarra naizelako edo dela bertsotan ere aritzen naizelako. Batekoek bestekoa mesfidati begiratzen dute, ezta? Rap munduan tradizionalegia zarela eta bertso munduan modernoegia akaso. Baina, zorionez, dena aldatzen doa eta, zure kasuan, 2zio taldearekin bidea egin eta gero beste era batera ere begiratuko zaituzte. Babesa izan dut beti hurbileko jendearengandik eta zinez ezagutzen nautenek anitz lagundu naute nire bidea egiten eta erraten dut nire kantuetan ere jende horri esker hemen naizela. Denek inkontzienteki edo kontzienteki beren aletxoa eta bultzada ematen dute eta horrek anitz lagundu nau. Baina beste eremu batzuetan pasatu izan zait pasarte zailagoak izatea justuki, adibidez, bertso munduko helduren batek erratea «bertsoa ongi baina uztak rapa» eta gero klip batean agertu eta ikusi duela esan eta onarpena ematea. Aizue, begira, nik hau egiten dut eta maite dut eta jarraituko dut. Bertsoa maite duenak zure rapa maiteko duela iruditzen zait. Ez baitaude hain urrun zure idazkera eta bertsoarena beste rap sortzaile batzuenarekin alderatuta. Errima kontsonante gehiago erabiltzea asonanteak baino bada horren eragina. Hor izan dut justuki lan honetan aldatu dudana, orain arte egin ez dudan zerbait. Errima errespetu horretan mantentzen dut, baina haustera ere egin dut, multisilabikora egin dut salto. Oro har ez, baina tarteka nabarituko duzue errima moldearekin hausten dudala, gehiago frantsesez egiten diren errima multisilabikoetara joan naizela. Multisilabikoarekin erran nahi dut bost edo sei silaba errimatzera eramaten direla eta hori zoragarria da rapean eta hori anitz entzuten dut frantses rapean eta horrek indar handia hartzen du. Apurketa horiek egiten norberak hasi behar du eta asko ikasi behar da horretarako. Inertzia horiekin apurtu behar izaten da, eta nire lehen diskoa da bakarka, baina laugarrena ere bada rapean. Eta, orduan, nahi nuen inertzia horiek gelditzea eta hori kontzienteki egin behar da. Erran nahi dut, itxoin, pausa hartu eta horrela ez dudala errimatuko erabaki dut. Edo flowak aldatzen lan handia egin dut, hau da, lauko bat modu batean joatea eta ondoko laukoak hautsi egiten duela horrekin, gero itzuli eta joateko berriz ere. Nahi dudan flowan abesteko silaba kopuru mugatua dut eta bortxatu dut luma flowra ere. «Zinez» kantuan «rapero matxitoak» kritikatzen dituzu eta kultura ez dela lehia esaten duzu. Baten batek esango du, «Hara! Gero bertso txapelketetara joaten da, bada?». Mila esker hori esatearren, ona. Kultura ez da lehia eta elkarrizketaren batean edo bestean erran izan dut ni ez naizela lehiakorra. Egia da bertso txapelketara joan naizela, freestyle txapelketaren bat ere egin dela euskaraz eta lehia gabeko lehiak izan dira horiek, irabazlerik ezean. Baina, bertsotan uste dut bertsolari anitzek lehia baino beste zerbait bilatzen dugula. Batetik, zer tresna den bertsolaritzarentzat; Iparraldean, adibidez, lehiaz harago eta baten bati txapela jartzeaz harago, zenbat jende biltzen den euskararen inguruan. Hori ere badago bertsolaritzaren inguruan eta horrez gainera erakusleiho bat ere bada gero saioak izan nahi dituenarentzat. Zoritxarrez ez daude hainbeste erakusleiho gero plazak egin ahal izateko. Rapera ekarriz, biziki lehiakorrak ikusten ditut eta sistemak ekarri gaitu etengabe lehiatzera eta nor den onena eta nor noren gainetik dagoen ikustera. Nik, Red Bullen bataila horiek, adibidez, ez ditut maite eta hortik dator matxitoarena. Nonbait, bataila horietan homofoboa eta matxista izan behar dela dirudielako jendeak barre egin dezan eta oihu egin dezan zure alde. Horren kontra egon izan naiz beti, oso kontra, ez baitira nire balioak. Nik uler nezake rapero batek pertsonaia baten roletik hau edo bestea erratea eta egitea, baina muga batzuk ikusten dizkiot horri. Raperoa pertsonaia da, baina pertsonak sortutako pertsonaia. «Ni eta bera» kantuarekin jarraitzen duzu. Ez dakit zu eta zure barruaz ari ote zaren, baina aipatu dituzu euskalduntasun ereduak, odola, ahaztutako hiru lurralderen aipamena… Barne eztabaida bat entzun daiteke baina baita ahalduntze bat ere, zaren tokikoa izan eta dituzun jatorriak izatearen onarpen bat dagoelako hor. Hor izan dut aski borroka ene bizi guztian. Ni, ttipitan, lotsatzen nintzen nire gurasoez askotan, eremu euskaldunetan ibili baina aitak adibidez ez dakielako euskaraz. Extremaduratik etorria da gaztea zelarik eta, beraz, familia espainiarra edo euskaraz ez dakien familia bat dut. Ama ere zendu zen, baina euskaldun berria zen. Nora eta Barakaldora sortu nintzen, zazpi hilabete bete gabe, istripuz, amak familia Bilbon zuelako eta han harrapatu gintuelako. Baina, gero, Urruñara etorri ziren biziki fite eta ni bertan handitu naiz, Lapurdin egin dut nire bizia. Zer gertatu da? Bada, batzuentzat ez naizela edo nintzela Iparraldekoa, besteentzat Hegoaldekoa ez nintzela, batzuentzat frantsesa eta besteentzat espainola, euskaldunek ere gabatxo deitu izan naute, beste batzuek esan izan didate ‘baina ez zira hemengoa, r gogorra egiten baituzu’… Eta, beraz, hori guztia orain biziki erraz daramat, baina 15, 16, 17 urte nituelarik sufritzen nuen honekin. Orain gai naiz hau plazaratzeko eta errateko nire barneko tirabira izan dena. «Ez dut eskola zaharra ukatzen, dastatu nahi dut berria» esaldiari erreferentzia egin nahi nioke. Eskola zaharra diozunean, zertaz ari zara? Bi erreferentzia daude barnean. Bertsoa eta alde horri eskola zaharra esan nahi izan diot, baina baita rapeko eskola zaharrari ere, bumbapa eta halakoei. Ez dago bumbapik disko honetan, dena da erabat rapa eta drilla, nahiz eta orain arte erabat bumbapa egin nuen 2zio-rekin. Orrialde bat pasatzea da, baina aurretik egindakoa ukatu gabe, segitzen dut maitatzen eskola zahar hori, asko eman dit horrek, baina berria dastatu nahi dut orain. Sortzeko garaian eta idazteko garaian, zer da zailagoa: bumbapa edo drilla? Biziki desberdina da. Nik maite dut bumbapa gaur egun inprobisatzeko bereziki, freestyle egiteko edo inprobisazio ariketak egiteko. Baina, egia da idazteko-eta, hamabi urte hauetan itzulia egina nuen, bumbap anitz idatziak nituen eta trapak eta drillak askoz ere aukera desberdin gehiago ematen ditu edo eman dizkit behintzat egitura aldetik idazteko. Instrumentala ere nik egin dudanez, Jo Olascuagaren laguntzaz bada ere, ez dut bumbapik egin musikarik sortzerakoan, beraz, dena batera joan da eremu horretara. Birritan esaten duzu ez zarela karrikan handitu baina karrikak handitu zaituela. Nolabait ere musika urbanoak-eta duten lotura horretan, kaleak duen handitasun hori erakutsi nahi izan duzu? Erabat, bete-betean erran duzu. Nik entzuten dudan rap anitz, frantsesez ekoizten dena batez ere, karrikatik heldu da, auzo pobreetatik, ‘Ghettotan’ kantua haiei zuzendua doa erabat. Hemen, Baionan ere, badira bazterreko auzoak, jendea biziki errealitate desberdinetan bizi da bi espaloi urrunago, eta jende horrekin eta beste jende anitzekin gauza asko ezagutu dut. Etorkin desberdinekin egon naiz, batzuei musika ekoizten ere lagundu diet ahal dudan moduan. Ni ez naiz hor handitu, baina jende horrek anitz handiarazi nau, anitz errealitate ikusi ditut jende horrekin hitz eginez, egonez; hala, karrikak pertsona bezala handitu nauela uste dut. Nahiz eta ni ez naizen errealitate horretan ibili eta beste pribilegio batzuekin etorri naizen mundura. 64 zenbakia ere bi kantutan aipatzen duzu eta kulturen bidegurutze dela ere badiozu. Baionan bizi naiz eta kulturen bidegurutze da hau. Ipar Euskal Herria da mugen herri baina Baionan, adibidez, etxetik jaitsi eta zenbat errealitate eta aniztasun desberdin ikusten ditudan karrikan... Hau bai badela kulturen bidegurutze bat, badirelako herri latinoamerikarretatik datozenak, herri arabiarretatik datozenak, Afrikako beste kultura batzuetatik heldu direnak, euskaldunak, frantsesak... eta guztiaren nahasketa da Baiona gaur egun. Bestetik, «ene herria ez da 64» diot, Frantzian departamenduaren zenbaki hori duelako bizi garen tokiak, baina gu ez gara 64 horren parte sentitzen, ez delako gurea ez departamendu horren izendapena, ez muga eremua. Markatzen duten marrazkiak ez du kontuan hartzen Ipar Euskal Herria, ez ditu kontuan hartzen hiru lurraldeak soilik. Gaur egun ikusten dut asko difuminatu dela kontua eta 64ak alde guztietan ikusten ditugula, pegatinak eta abar. Hortaz, hau esateko modu bat da: ‘Ez dakizula zer den 64? Bada, otoi, begiratu eta ikasi zer den, guretzat anitz markatzen duen zerbait delako’. «Periferia» kantuan hortik ere bazoaz. Adibide bezala jar dezakegu nola telebista publikoan Iparraldeko udal hauteskundeek edo frantses Estatuko presidentzialek zer-nolako jarraipena izan duten. Hauteskunde gaurik ez behar den bezala telebistan. Bozkatzeari bai ala ez, horretan sartu gabe, udal hauteskundeetan biziki mindua sentitu nintzen euskaldun bezala, hemen izandako aldaketa ikusiz eta jakinda zeinen berri onak zeuden emateko, ETB piztu eta laugarren albistea ginela ikustean. Hori krimen bat iruditzen zait, onartezina dela. «Hegozentrismo h-rekin idazteraino» diozu eta arrazoi faltarik ez duzulakoan nago. Zuk aipatu duzun 64aren normalizazio horren ildotik, Hegoaldean, beste modu batean bada ere, alarma piztu behar zaigulako diot hori, Iparraldera joaten garenean «Frantziara noa» entzuten ari garelako gero eta gehiago hemen ere. Bai, bai, eta erraten dut momenturen batean ‘euskaldunek ere deitu izan naute gabatxo’. Ez dut jakin nahi niri Frantziara datozela erraten didaten horiei nik beren herrira joaterakoan ‘Espainiara noa’ erranen banie nola erreakzionatuko luketen. Festan izan ditut halako pasarte anitz eta nire lagun pila batek ere bai. Gaiez aldatuta, «Zer preziotan» kantuan aipatzen duzun afera euskal kostalde guztian gertatzen ari den zerbait da, nahiz eta kostaldetik barrura edo hiri eta herri handietara ere ari den zabaltzen fenomenoa. Batzuk bagoaz ogia erostera eta beste batzuk etxebizitzak erostera ateratzen dira. Ni kostaldekoa naiz, Baionan bizi banaiz ere urruñarra naiz, eta kezkagarria baino gehiago da, larria, beldurgarria, dugun egoera hau. Batetik, alokairuak garestiegi daudelako egiazko bizi mailari begira, baina ez gazteentzat bakarrik, helduentzat, familientzat… soldata arrunt batekin ezin baita gure Lapurdiko kostan bizi. Eta, bestetik, biziki kezkagarria da nola gertatzen ari den inbasio bat, barkatuko didate hitza baina hala sentitzen dut. Dirudunak bereziki Frantzia aldetik heldu direnak dira. Beste diru kopuru bat dute jartzeko mahai gainean eta, hemengo gaztea eta heldua babestu gabe, espekulatzen daramate urte gehiegi hemen. Autokritika bat egitera ere bultzatu nahi izan dut hemengo jende anitz, badagoelako pisua duena eta Air BnB bezalako plataforma batean hiru hilabetez alokatuz sekulako dirutza ateratzea nahiago duena gero urte guztian itxita edukitzeko. Hemen badaude etxeak eta apartamentuak, ez dagoena da alokairu normalik. Begietara jarri eta gauza asko baditugu konpontzeko beti gora begira ibili gabe, oso egoera larria baita. Denak dira ongietorriak hona bizitzera etorri nahi badute, baina egon dadila bertakoa babesten duen politika bat eta oinarri minimo batzuk, hau turismorako lurra bilakatzen ari delako eta nonbait Estatu frantziarrak ere interes politiko handiak ditu hori horrela izan dadin. «Zu» kantua beef moduan hartu dut. Ez duzu inor aipatzen, akaso ez duzu inor aipatu nahi. Beef bat da, ezta? Ni ez naiz biziki beef zalea izen-abizenekin doazenean, baina entzuten dudan rapero anitzek beefak botatzen dizkiote elkarri. Baina elkarri bota gabe ere, esaterako, Alpha One artistak, nik biziki maite dudan artistak, baditu estilo honetan eginikoak. Zu ni, ni zu, ez dakigu biziki ongi zein den zu hori, ni ote naizen, beste izen bat ote duen… Libre utzi nahi nuen horren interpretazioa entzulearentzat, diskoan ez baitago ia zu-rik, bigarren pertsona horretan oso esaldi gutxi doaz eta kantu bat horrela idaztean diskoan, inpaktua eragiten duen zerbait dela iruditzen zitzaidan eta bere funtzioa betetzen duela. Rapari berari eta raperoei egindako beef gisako bat da. Zuzeneko pare bat eman dituzu, baina aurkezpen biratxoren bat-edo izango duzu. Bai, orain hasiko ditugu kontzertuak. Orain arteko biak mintzatu eta hiru kantu jo ditugu, showcase gisako zerbait ziren bi emanaldi horiek. Hemendik goiti hasiko gara aurkezpen kontzertuekin, odei.alkimia.eus webgunean dago agenda. Maiatzean Donapaleu, Baiona, Oñati, Zarautz… bisitatuko ditugu eta gero gehiago etorriko dira. Gogotsu gaude zuzenekoekin hasteko. Azkena. «Terapia» da diskoaren izena, kantu berarekin ezagutu genuen hau guztia… Hau zuretzako terapia moduko bat izan da? Bai, bai, zalantzarik gabe. Nik beti erraten dut hitzez erratea lortzen ez dudan gauza anitz lortzen dudala raparekin erraten, ez dakidana aurrez aurre erraten gisa honetara erraten dudala. Orduan, terapia handi bat izan da niretzat, nire buruarentzat, emozionalki akuilu bat baita rapa idaztea eta egitea, on egiten dit, nire txutea behar dut, eta, horregatik, nire lehendabiziko lan hau ‘Terapia’ deitu dut. «‘Ene herria ez da 64’ diot, Frantzian departamenduaren zenbaki hori duelako bizi garen tokiak, baina gu ez gara 64 horren parte sentitzen, ez delako gurea ez departamendu horren izendapena ez muga eremua» «Aurretik 2zio taldearekin hiru disko atera arren, nire bakarkako lehen lana denez, hau da zinez libre eta nahi dudana esan dezakedan lehenengo lana» «Alokairuak garestiegi daude egiazko bizi mailari begira, baina ez gazteentzat bakarrik, helduentzat, familientzat… soldata arrunt batekin ezin baita gure Lapurdiko kostan bizi»