GAUR8 - mila leiho zabalik
MODA «ZIRKULARRAREN» LERRO ZUZENEKO BIDAIA

Jantzi gehienak, birziklatu beharrean, Afrikako zabortegietara botatzen dira

Mendebaldeko herrialdeek Afrikako eskualde behartsuetara egiten dituzten arropa erabilien esportazioak aprobetxatzen dituzte, jantziekin nahastuta, ehun hondakinak kanporatzeko. Ondorioz, ipar hemisferiotik milaka tona zuntz hondakin eramaten dira Kenya eta Tanzaniara, bertako ingurumena kutsatuz.


Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) argitaratu duen azken txostenak modaren industria ustez «zirkularrarengan» eta fast fashion ereduan jarri du fokua. Konkretuki, “Opari pozoituak” izeneko ikerketak ipar hemisferiotik hego hemisferiora egiten diren arropa esportazioak aztertu ditu, eta nola herrialde aberatsenek, Afrikako zenbait estatutan berrerabiltzeko asmoz esportatutako jantziekin nahastuta, milaka tona ehun hondakin kanporatzen dituzten. Afrikako herrialde horiek, Kenya eta Tanzania batik bat, ez dira ehun hondakinak kudeatzeko gai, eta, ondorioz, hondakinek bertako lur eta ibaiak kutsatzen dituzte azkenean.

«Modaren industria azkarrak (fast fashion) erabili eta botatzeko artikuluak bihurtu ditu jantziak. Erabilera bakarreko plastikoetara ohitu garen moduan, erabilera bakarreko modara ohitu gara», gaitzetsi du Celia Ojeda Martinezek, Greenpeaceko Biodibertsitate eta Kontsumo arduradunak.

«Ipar hemisferioko herrialde eta enpresek, saldu gabe edo baztertuta gelditzen diren arropa kopuru izugarriak kudeatzeko orduan, euren erantzukizuna saihesten dute, jantzietako askok konposatu arriskutsuak dituzten arren. Ekialdeko Afrikako jendartea bakarrik uzten dute esportatutako plastiko eta ehun hondakinen aurrean, horiek deuseztatzeko inongo azpiegiturarik gabe», deitoratu du Ojeda Martinezek.

Greenpeacek plazaratu duenez, modaren industria da atmosferara isurtzen diren berotegi efektuko gasen %10en ekoizlea. Gainera, sektore hau da, mundu mailan, ura gehien kutsatzen duena. Hortaz, eragile ekologistak moda ustez «zirkularra» jasangarria izatetik oso urruti dagoela sostengatu du. Kritikatu duenez, mundu osoko arropa markek «zirkularra» hitza erabiltzen dute «beraien irudia garbitzeko saiakera batean». Konkretuki, salatu du fast fashion delakoa, zerbait egitekotan, «abiadura hartzen» dabilela, eredu jasangarriago baten mesedetan balaztatu beharrean.

«Merkatuan agertzen ari diren Shein bezalako aktore berriak moda ultra arinaren negozio eredu bat ari dira sustatzen, zeina naturaren eta gizartearen esplotazioan oinarritzen den», arbuiatu du talde ekologistak.

Izan ere, ekoizten diren jantzien %1 soilik birziklatzen da arropa berrietan, eta pieza berrien produkzioa %2,7 hazten da urtero-urtero.

Afrikarako bidaia

Munduan ekoizten diren arropa gehienek hego hemisferioko garapen bidean dauden herrialdeetako lantokiak dituzte sorleku; fabrikatzaile nagusiak Txina, Bangladesh, Vietnam eta India izanik, ordena horretan. Beraz, herrialde asiar horietan arropak baldintza guztiz prekarioetan ekoiztu ostean, ipar hemisferioko herrialdeetara eramaten dira, bertan saldu daitezen.

Iparralde globaleko kontsumitzaile batek jantzi bat erostearen aldeko hautua egiten badu, jantzi hau berarekin joango da etxera. Alabaina, uneren batean, kontsumitzaileak jantzi hori gehiago erabiliko ez duela erabakiko du, dela neurriak jada ez diolako balio, dela modaz pasatu delako edo dela hondatu egin delako. Kontsumitzaileak gehiago erabiliko ez dituen arropak GKE bati dohaintzan emango dizkio, arropa marken birziklatze kutxetara edo udal birziklatze puntu batera eramango ditu. Ondoren, jantzi horien %90 birziklatze komertzialei eta ehungintzako merkatariei saltzen zaizkie, eta gainerako %10a, aldiz, jatorrizko herrialdeko bigarren eskuko dendetan berriz salduko da.

Zirkulartasunaren narratiba

Beraz, bigarren eskuko dendetara eraman ez diren jantzien %5 eta %10 bitartean zaborra da, ezin daiteke birziklatu, ezta berrerabili ere. Jantzien %25-50 artean deskonposatu egiten dute, eratorritako materialak berrerabiltzeko saiakera batean, eta jantzien %45-60 ekialdeko Afrikara esportatzen dira.

«Narratiba arruntaren arabera, arropa dohaintzan ematea arropa hondakinak tratatzeko bide zirkularra da, ekonomia zirkularra sustatzen duena; baina, zenbait kezkak kolokan jartzen dute teoria hau. Adibidez, merkataritzari "karitate", "birziklapen", "desbideratzea" bezalako terminoak erabiliz deitu izan zaio, eta orain askok "zirkular" deitzen diote; hala ere, etiketa horietako bat ere ez da zehatza. «Arropa leku batetik bestera eramate hutsak ez du zirkular bihurtzen. Hasieran, arropa honek Mendebaldeko zabortegietan amaitzen bazuen, orain Afrikakoetan», azaldu du Greenpeacek.

Mitumba azokak

Mitumba hitzak «fardo» esan nahi du swahiliz, eta bertatik dator mitumba azoken, hau da, bigarren eskuko arropen salerosketarako plazen, izena. Iparraldetik ekarritako jantziak 50 kilogramoko fardoetan batzen dituzte eta, ondoren, fardoak azoka hauetan zabaltzen dituzte, barruan zer dakarten jakin gabe. Paketeen edukiaren %30-40 bitartean ezin daiteke berriz saldu, eta, ondorioz, ehun hondakin hauek Kenya eta Tanzaniako zabortegietan pilatuta amaitzen dute, birziklatu ezinik.

Greenpeacek jakinarazi du, gutxi gorabehera, «150-200 tona ehun hondakin» eramaten dituztela egunero mitumba azoketatik zabortegietara. Jantzi hauen konposizioari dagokionez, ia %70 sintetikoak dira (poliesterrezkoak gehienbat); hortaz, ez dira biodegradagarriak. Azoka hauetan saldu gabe gelditzen diren jantziek patu berdina dute, horiek ere zabortegietan metatuta amaitzen baitute euren ibilbidea.

Mitumba azokak 1980ko hamarkadaren amaieran iritsi ziren Afrikara, bertako ehungintza industria loratzen ari zen unean; izan ere, une hartan indarrean zeuden muga zerga handiek lekuko jantzigintza eta beste jarduera batzuk babesten zituzten. Hala ere, 1990eko hamarkadako politika liberalek muga zergak merkatu zituzten, eta, horren eraginez, jaiotzen ari zen ehungintza industriari lehiakide berri eta merkeago bat aurkeztu zitzaion: bigarren eskuko arropen mitumba merkatua.

2000ko hamarkadako erdialdetik aitzina, “Global Fashion Agendas Pulse” ikerketak argitaratutakoaren arabera, Mendebaldeko batez besteko kontsumitzaileak bikoiztu egin zuen erosten zuen arropa kopurua eta, beraz, Afrikako mitumba azoketan amaitzen zuen arropa bolumenak hazkunde proportzionala izan zuen. Hori horrela, egun, 15 milioi artikulu iristen dira astero Ghanako Kamanto azokara.

AEBen mehatxua

Greenpeaceren aburuz, tokian tokiko ehungintza afrikarrak ezin izan zion lehiari eutsi ez zelako mitumbak eskaintzen zituen, eta afrikar kontsumitzaileek eskatzen zituzten, Mendebaldeko «tendentziak» erosleei opatzeko gai izan.

Garapen bete-betean zegoen ehungintza industria arriskuan egon zitekeela aurreikusita, 2016an, Ekialdeko Afrikako Komunitateko (EAC) estatuek 2019rako ipar hemisferiotik inportatutako jantziei zerga bat jarriko zietela adostu zuten. Dena den, AEBek EACren erabakia inpugnatu zuten, merkatu libreari eraso egiten ziola egotzita.

Horiek horrela, zigor komertzialekin mehatxu egin zuen; Afrikan ekoiztutako arropa AEBetara zergarik gabe inportatu ahal izateko aukera desagerraraztearekin, esate baterako.

Washingtonen pultsuaren aurrean, jarrera desberdinak hartu zituzten herrialde afrikarrek. Batzuek, Ruandak eta Ugandak bezala, beraien ekonomia propioak sustatzearen aldeko apustua egin zuten, debekuari eutsiz. Baina, txanponaren beste aldean, Kenyak jakinarazi zuen ez zuela debekua errespetatuko «eskari nazionala asetzeko eta ehunak esportatzeko gaitasunik ez» zuela argudiatuta.

Halaber, ukaezina da mitumba merkatuek herrialde inportatzaileen ekonomiari nolabait laguntzen diotela. Kenyako Estatistika Bulego Nazionalaren arabera, «mitumba azoketako merkatariak bigarren eskuko arropa eta oinetakoen industriaren baitan sartzen dira, eta herrialdeko eskulanaren %10 kontratatzen dute».

Gainera, iturri berak kalkulatu duenez, «bigarren eskuko arroparen inportazioek herrialdeko inportazio guztien balio monetarioaren %1 ordezkatzen dute».

Mikroplastikoak elikagai katean

Jantzi gehienak poliesterrez eta biodegradagarriak ez diren elementuz daude osatuta. Beraz, jantzi hondakinak zabortegietara botatzen direnean, ez dira deskonposatzen, eta mikroplastikoek ingurunean amaitzen dute. Azkenean, era batera edo bestera, mikroplastiko hauek elikagaien katean amaitzen dute, gizakienganaino helduz.

Zehazki, ehun hondakinak desagerrarazteko xedez erretzen direnean, mikroplastiko zuntzak airera askatzen dira. Ondorioz, Greenpeacek ohartarazi du azken ikerketek mikroplastikoen presentzia detektatu dutela gizakien digestio aparatuan, odolean eta biriketan.

«Plastikozko arropen hondakinak tokiko ingurumenean pilatuko dira, eta jada herrialde horietan existitzen den plastikozko hondakinen krisiari gehituko zaizkio, zeina ehun hondakinen kopuru izugarriak larriagotuko duen», aurreikusi du Greenpeacek.

Horiek horrela, Ojeda Martinezek jakinarazi du ez dela nahikoa jantzietako etiketetan «jasangarri» hitza jostea edo birziklapena bezalako «soluzio faltsuetan» oinarritzea; baizik eta «negozio eredua aldatu» behar dela. «Ehun hondakinen esportazioa debekatuko duen nazioarteko akordio bat behar dugu, diseinuak benetan birziklagarriak izan daitezen erregulatuko dituena eta ekonomia zirkularra sustatuko duena», aldarrikatu du Ojeda Martinezek.

Era berean, Greenpeaceko Biodibertsitate eta Kontsumo arduradunak sententziatu du ehungintza industriak ordaindu behar duela bere praktiken ondorioz kaltetutako lur eta ibaien garbiketa: «Ehungintza da hornidura katean zehar, hau da, produktuaren balio bizitza osoan, ingurumenari eta osasunari eragindako kaltea garbitzearen kostuaren erantzule finantzarioa».