14 MAY. 2022 Kontzientzia kolektibo mingarri eta minduaz Mikel Zubimendi Berastegi Minkide kuttun bat badut errusiarzale peto-petoa dena baina Putinekin erabat amorratuta dagoena. Ukrainako gerraren errua Lenini botatzea ez dio barkatzen, ezta barkatuko ere, hildakoak bake-bakean uztearen oso aldekoa baita. Aurrekoan geratu ginen kafe baten bueltan eta gerraren partea eskatu nion, zein doan irabazten, zein galtzen, edo denok galtzaile edo… zer kristo ari den gertatzen ulertu nahian. Harritu ninduten bere erantzunek, eta eskertu nituen, horizontea sakontzeagatik. Aipatutako batzuk hemen konpartituko ditut. Momentu kultural kurioso batean bizi garela ziostan, begirada eszeptikoak nagusi direla, nihilismoak sarriegietan bisitatzen gaituela, gure mundumira bera mikazteraino. Kontzientzia kolektiboa mingarria eta mindua dugula, ezkortasuna eta heriotza gutarragoak egin direlako agian, eta zentzua, giza zentzua, susmagarriagoa. Eta aipatu zidanez, ez zaio bakarrik ezker politikoari pasatzen, orokortu egin dela joera: kontzientzia azterketak ugaritu egin dira, trikimailu zahar guztiak ezagutu eta nahikoa izan dugulako ustea zabaldu da. Hainbeste kontu hainbeste aldiz txalotu ditugula, egia gezur bilakatzen hainbeste aldiz ikusi dugula, eguneroko ogi eginda, ze ezkortasuna giro egokitu egin zaigun, zabaltzeko aitzurraren beharrik ez duen ildo. Horiek horrela, nola ez da izango zinikoa bizi dugun garaia? Izango ez da, ba! Eta parrastadan jarri zizkidan adibideak: iseka egiten digute, aurpegira; den-denek, dauden eta ez dauden guztiek: munduak ziria sartzen digula, eta natura bera ama eta ama gaizto bezala aurkezten zaigula. Gezurra esaten digutela eta zoria burlatia dela guretzat. Bai, egia dela osasunaz hitz egiten denean denok jartzen dugula belarria pronto, eme eta ar, gazte eta zahar, pobre eta aberats, baina osasunaren faltan gaudela, gaixotuta dagoela mundua, gizartea eta dena. Eta betikoa dela lege: adina pasatu egiten zaigula, eta ongia urrundu eta gaizkia presaka datorrela. Bere umore partikularrarekin horrela ziostan, «c'est comme ça: urteak badoaz, denborak hegal egiten du, eta heriotzak atrapatzen gaitu, bai ala bai. Eta hilobiek irensten gaituzte, lurrak tapatzen, eta usteltzeak desegingo gaitu. Ahanzturak akabatu egiten gaitu eta atzo pertsona izan zena gaur hautsa da, eta, bihar, ezer ez». Patu krudela hori dela, kreatura guztiona. Lasai utzi nion nahi zituen denak botatzen, denetarako baitzeuzkan hitzak. Euskal eskolaren inguruko hitzarmena? Pozik, baina irakaskuntzan gailentzen ari dela katekesi «dysneifikatu» bat; gure gazteek, gure maisu-maistrek, ez dituztela peluxezko hartztxoak behar, parte emozionalaren gaindosia dagoela eta hobe dugula xalotasun horretatik, anputatzen gaituen inozentziatik ihes egitea gure arima «macdonaldsifikatuko» ez bada. Ez esateko gezurrik gure gazteei, egia direla ez erakutsi, Jainkoa zeruan eta munduan marabilla bat dela esaten. Arrazoiz, ez dituztelako diskurtso horiek erosten. «Erakutsi diezaiegun oztopoak, tristura handiak, une latzak daudela, joango diren lan merkatua oso krudela dela. Zoriontasunaren prezioa ezagutzen ez badute ez direlako inoiz zoriontsu izango». Denetarako zuen: zein den etorkizuneko zientzia? Filosofia. Zein punta-puntako teknologia? Pospoloa. Noiz den herri bat garaiezin? Literatura erosten duenean, krisi gordinenetan bereziki. • «¿ Cuál es la ciencia del futuro? Filosofía. ¿Qué tecnología más puntera? Cerilla. ¿Cuándo un pueblo es invencible? En la compra de literatura, especialmente en las crisis más crudas»