11 JUN. 2022 BI IGEL GILTZARRI Bi igel dira Ekuadorreko meatzaritza proiektu bat geldiarazteko azken aukera Duela urte batzuk, desagertutzat jotzen zuten igel espezie bat, «Atelopus longirostris» delakoa, eta Ectopoglossus generoko espezie berri bat atzeman zituzten Ekuadorreko biologoek. Alabaina, bi espezieen habitatean meatzaritza proiektu bat abiaraztea aurreikusten da. Beraz, proiektua geldiarazteko azken esperantza bihurtu dira bi igel hauek. GAUR8 Enbor astunak jaso eta harrien artean miatu ondoren, Andrea Teranek, Jambatu anfibioen ikerkuntza zentroko biologoak, azkenik, «eureka!» oihukatu du. Bere esku artean Ekuadorreko meatzaritzaren aurkako borrokaren zurrunbiloaren erdian dauden bi igel espezieetako bat dauka. Ur jauzi garden batetik erortzen den ur izoztuarekin blai eginda, Teran biologoak “erresistentzia” suziri igelaren (oraingoz ez du izen zientifikorik) eta arlekin igel muturluzearen (Atelopus longirostris) bizitza hauskorrak ikertzen ditu. Azken horrek 30 urte desagertuta zeramatzala uste zen duela gutxi berriz atzeman zuten arte. Horiek horrela, duela urte batzuk 4 zentimetrorainoko neurria izan dezaketen bi anfibio hauek aurkitu izanak pozarren jarri zituen bai zientzialariak eta bai ekologistak. Era berean, aurkikuntza lurralde horretan aurreikusita dagoen 4.829 hektareako meatzaritza proiektu bat geldiarazteko argudio nagusia bihurtu zen. Proiektua itxura prehistorikoko zuhaitzez jositako baso batean dira egitekoak, Juninen, Imbabura eskualdean, Quitotik hiru ordu eta erdira autoz, gutxi gorabehera. Lehenengo, arlekin igel muturluzea agertu zen 2016. urtean. «Igel hori heriotzatik itzuli zen», adierazi du Teranek. Alabaina, meatzaritza proiektuak igelaren ekosisteman eragin ditzakeen kalteen beldur da biologoa: «Ura kutsatzen bada, azken populazioa gal daiteke». Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) zerrenda gorriaren arabera, arlekin igel muturluzea desagertuta dago. Halere, zientzialariek berriro lokalizatu zuten Llurimagua proiektu kupriferoari emandako baso batean. Kobrea erauzteko proiektua Meatzaritzaren Enpresa Nazionalaren (Enami) eta Kobrearen Korporazio Nazional txiletarraren (Codelco) esku dago eta 2024rako aurreikusten dute bertatik kobrea erauzten hastea. Testuinguru honetan, Teranek basoaren ustiapena geldiarazteko kereila bat aurkeztu zuen 2020an. Lehen instantziako epaileak arrazoia eman zion arren, epaiketa galdu zuen apelazioan. Ekuadorren, gaur egun, gutxienez hamabi meatzaritza proiektu daude fase aurreratuan. Grupo Spurrier kontsultoraren kalkuluek diotenez, proiektu horien erreserbak honakoa dira: 43,7 milioi urre ontza, 20.936 milioi kilogramo kobre eta 183 milioi ontza zilar. Erresistentzia Jambatu zentroko zientzialariek espezie berriarekin topo egin zutenean, hasieran, beste espezie batekoa zela pentsatu zuten (Ectopoglossus confusus). Baina, azkenean, bere mingainaren berezitasun anatomiko batek eta ikerketa genetikoek Ectopoglossus generoko espezie guztiz ezezagun bat zela baieztatu zuten. Keinu optimista batean, “erresistentzia” izendatu zuten igel marroixka. «Bere bizi baldintzak bakarrak dira; ur jauziaren zaratarekin ez dakigu zeintzuk diren bere komunikazio mekanismoak, ez dakigu nolakoa den bere biologia erreproduktiboa», aitortu du Teranek. Ekologistek eta zenbait bizilagunek bigarren saiakera bat egin zuten proiektua geldiarazteko. Oraingoan erabilitako argudio nagusia ingurumenaren eraginari buruzko txostenean atzemandako akatsak izan dira. Mario Mocayok, proiektua geldiarazteko plataformaren abokatuak, zehaztu duenez, txostenetan bi igel espezieen babes eta kontserbaziorako plana falta zen. «Naturaren eskubideak urratzen dira, ez da ingurumen kontsultarik egin eta, gainera, dokumentuak ez zitzaizkion bertako komunitateari era egokian inoiz aurkeztu», gaitzetsi du Mocayok. Erabaki «superarduratsuak» Esparru juridikoan, bi aldeak azken apelazioari buruzko epaiaren zain daude. Ekuadorreko Konstituzioak azpimarra berezia egiten du naturaren babesean. Izan ere, Hego Amerikako herrialde honek 650 igel espezie baino gehiago ditu erregistratuta, eta ia %60 desagertzeko arriskuan daude. «Superdibertsitatea duen gune batean gaude eta, hortaz, hartzen diren erabakiak superarduratsuak izan behar dira», defendatu du Teran biologoak. Igelen azala bereziki sentikorra da ingurumenaren aldaketekiko, eta beraz, bioadierazleak dira. Ekosistemak aldaketaren bat jasaten badu, anfibio hauek desagertzen has daitezke. Ekuadorren 650 igel espezie baino gehiago daude erregistratuta, eta ia %60 desagertzeko arriskuan daude. Superdibertsitatea duen gune bat da, eta erabaki superarduratsuak behar dira «Erresistentzia» suziri igelaren mingainaren berezitasun anatomiko bati eta ikerketa genetikoei esker, aurretik inoiz ikusi gabeko espezie bat zela baieztatu zuten zientzialariek