Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Adam Ikatz kalean

Donostiako Ikatz kalean irudikatu zen talkaren atzean bi kontu bereziki argigarri egiten zaizkit. Bata horizontala da, geografia politikoarekin du zerikusia. Bestea bertikala, adinari lotua. Baga; ezker abertzalearen barruan askok liskar hori zatiketa gisa hartzen duten bitartean, Mugimendu Sozialista deiturikoan askorentzat ez dago lotura apurtu izanaren sentsaziorik, eta are gutxiago dolurik. Biga; gurasoek seme-alabak nostalgikotzat jotzen dituzte, zinez deigarria, nostalgia helduen ajea izan beharko lukeelako.

Bigarren paradoxatik hasita; zein da bi sektoreen arteko aldea? Ez dago adinean, baina bai Euskal Herrian gertatutakoaren kontzientzian. Herri honen askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka ez da hutsetik abiatzen, lotura bat dago mende hasierako langile borroken, 1936ko guda antifaxistaren, 60ko hamarkadako berpizte politiko eta kulturalaren, borroka armatuaren eta egun pazientzia estrategikoa ardatz duen ildoaren artean. Askotan GKS eta ondoko egiturei egozten zaien bizi-izan-ez-denaren-nostalgia baino gehiago, Mugimendu Sozialistan adamismoa da gakoa, hau da, «jarduera bat abiatzean aurrekoa kontuan hartu gabe hasteko joera».

Ez da harritzekoa, berez gizarte adamista batean bizi garelako, memoria gutxikoa eta perspektiba eskasekoa, orainaldia baino baloratzen ez duena. Denok bat etorriko gara esatean egungo gazteek aurrean dutena «no future» bat dela –aurreko belaunaldiko Sex Pistols-ek jada salatu bezala–, baina beren azterketan iraganik ere ez da. ETA historiaurrea da haientzat, jakina, baina ziklo aldaketa ere bai, bere sakontasun osoarekin, eta azken hau ere ulergarritzat hartu beharko, ordutik hamarkada bat, askoren bizitza erdia, igaro baita.

Beste paradoxa are arinagoa da. «Quieres identificarme, tienes un problema», abesten zuen La Polla Recordsek duela hiru hamarkada eta abesten dute gaurko gazteek ere. Erakunde desberdinak egotea ez litzateke larria izan beharko, jada pilatutako letra-zopa guztioi nahiko astuna egin arren, helburuak berdinak edo antzekoak badira. Bestalde, ez da albiste txarra XXI. honetan gazteen birpolitizazioaren loratze bat gertatzea. Argiago esateko: Ernaiko gazteak Ernaiko ez balira GKSkoak izango lirateke akaso, baina GKSkoak GKS-ko ez balira segur aski ez lirateke mobilizatuta egongo.

Beste garai batean ez, baina ETAren osteko agertokian ohituak gara «ezberdinen» arteko gutxieneko kontsentsuak eta sinergiak lantzen. Batzuen ildo iraultzaile/utopikoak eta besteen jardun eraldatzaile/pragmatikoak ez lukete elkarren aurkakoak izan beharko, ortzi muga bererantz egiten badute. Hortik aurrera, denborak arrazoiak eman eta kenduko dizkio norberaren jardunari, nola ez. Oraingoz ezker abertzaleak bere lorpenen eta gabezien balantzea aurkez diezaioke bere herriari; MSrena egiteko dago (edo ez egiteko).

Donostiako talka negargarria errepika ez dadin, lasaitasun eta elkarrekiko kontzientzia hartze dosi batzuk beharko dira. MSk errespetuz jokatu beharko du; ez bereziki ezker abertzalearekiko, batez ere herri honen historiarekiko baizik. Eta ezker abertzaleak traizio sentimenduak alboratu eta Arnaldo Otegik Podemosi Anoetan luzatu zion interpelazioa berrerabil lezake: «Zuen estrategiak funtzionatzen ez badu, geure prozesu eratzaileetara etorri, posible baita». Orduan ere beste Adam batek zerua asaltatu behar zuen, baina bidezidorretatik gutxitan heldu da tontorrera; ohikoagoa da indarrak xahutu eta noraezean bueltaka bukatzea. •