GAUR8 - mila leiho zabalik
MCDONALD'S ERRUSIARRA

Vkusno i Totxka hanburgesa jantokiak zabaldu dira, AEBetako sarea ordezkatuz

«Izena aldatu da, maitasunak bertan dirau». Lehen «McDonald's errusiarrek» lelo horrekin zabaldu dituzte ateak AEBetako janari lasterreko kateak Ukrainako inbasioagatik atzean utzi duen Errusian. Batzuen oroiminerako. Vkusno i Totxka («Gozo-gozoa eta kitto», errusieraz) da frankiziaren izen berria.

Vkusno i Totxka hanburgesa jantoki baten irekiera. (Leo CORREA | AFP PHOTO)

Moskun, ehun bat kazetariren aurrean, bertakoak zein atzerritarrak, zabaldu dituzte «McDonald's errusiarraren» lehen jantokiak. Logo berrian bi patata frijitu eta hanburgesa bat irudikatu nahi duten bi lerro laranja eta puntu gorri bat ageri dira.

«Ahal duguna egingo dugu gure bezeroek inolako aldaketarik sumatu ez dezaten, ez giroan, ez dastamenean, ezta ere kalitatean», ziurtatu zuen katearen zuzendari nagusiak, Oleg Paroievek. «Ez da txarragoa izango. Hori ziur. Aitzitik, lehengoa baino hobea izan dadin saiatuko gara», azaldu zuen bere ondoan zen jabe berriak, Alexandre Govorrek.

«Bezeroak galdu beharrean jende gehiago espero dugu hemendik aurrera, enpresa guztiz errusiarra izango delako».

Duela 30 urte baino gehiago herrialdera iritsi zenetik, errusiar batzuentzat zabaltzen zen Mendebaldeko lehen leihoetariko bat izan zen McDonald's. Hasieratik arrakasta handia lortu zuen eta Errusiako jantokiek talde estatubatuarraren mundu osoko negozio kopuruaren %9 egiten zuten.

Herrialdean zituen 850 jantokiak ixteko eta 62.000 langileak kalean uzteko erabakia hartu zuen McDonald's-ek Errusiak Ukraina inbaditzeari ekin zionetik. Ondoren, herrialdetik alde egin zuen. Errusiarrek gaizki hartu zituzten erabaki horiek.

«Errusiar erara»

«Fast food kate berriaren» sareak hamabost jantoki zabaldu zituen lehen egunean Mosku hiriburuan, zentro-zentroan dagoen Puxkin plazakoa tartean. Berau izan zen Errusian zabaldu zen lehen McDonald's-a eta Errusia Mendebaldera begira jarri izanaren eta Sobietar Batasunaren suntsiketaren ikur bilakatu zen.

Hurrengo egunean beste 50 bat jantoki zabaldu zituzten eta hilabete bukaeran 200 bat izango dira. Hortik aurrera, astero 50-100 jantoki zabalduko dituzte eta asmoa denera 1.000 bat zabaltzea da.

Bero galantaren pean, milaka errusiar bildu ziren ilara luzean Moskuko McDonald's enblematikoaren aurrean.

«Milioika bezerok aukera izango dute beren jantokirik estimatuenera etortzeko», oihukatu zuen Paroiev kate errusiarraren zuzendari nagusiak. Govor jabeak, bere aldetik, «parekorik ez duten hanburgesen itzulera» aldarrikatu zuen, jendearen txalo artean.

Rostovetik Moskura

«Rostovetik zuzenean etorri naiz», azaldu du Yaroslavek, McDonald's-ek bere jantokiak itxi eta hiru hilabetera janari laster horren bertsio errusiarra dastatu nahian.

«Ondo jatera eta lagunekin egun polita igarotzera etorri naiz». Lagunek baiezko keinua egin dute aurpegiarekin, ekaineko eguzki latzaren azpian.

«Oso gozoa dago, eta merke», txalotu du Olegek. 31 urte ditu, Logistikan aditua da eta langilea. Bera izan da menua jasotzen lehenengotarikoa. «Nik ez nuke nostalgia kontua dela esango, ohitura kontua baizik».

«McDonald's itxita zegoela uste genuenean, horra hor berriro ere ateak zabaldu dituela. Izugarria da!», dio Annak, 45 urteko kontulariak, esku artean duen patata frijituen paketeari akabera eman bitartean.

«Giro hau berriro sentitzera etorri gara, eta ikustera nolakoa izango den McDonald's berria... bueno, McDonald's izango ez dena», esan du Olesia ikasleak, autozuzenketa eta guzti. Aspalditik izan da kate estatubatuarraren bezeroa.

Ondoan duen Sasha bat dator, eta espero du «dena lehen bezala mantentzea: giro berbera, elkarrekin egoteko eta bazkaltzeko eremu bat».

Menu bertsua

Menua ez da ia aldatu, hanburgesak gaztarekin eta gazta bikoitzarekin, izozki eta postre aukera handia. Hori bai, Filet-O-Fish Fishburger bilakatu da, Royal Deluxe Grand Deluxe da eta «McDo» aurrizkia erabat desagertu da.

«Menuan hainbat eskaintza kendu behar izan dugu batzuk McDonald's-en jabetzari eta izenari lotuta daudelako, McFlurry izozkiak eta Big Mac kasu», azaldu du Paroievek.

Prezioak, hori bai, «pixka bat gora egin du», Ukrainaren inbasioaren ondoren Mendebaldeak Errusiari inposatu dizkion zigor ekonomikoek eragin duten inflazioaren ondorioz, «baina itxurazkoak dira», gaineratu du Vkusno i Totxka kate berriaren zuzendari nagusiak.

Paketatzeari dagokionez, «neutroa» behar du izan, «McDonald's gogoraraziko duen hitzik eta hizki bat bera ere ez», gaineratu du.

Horretaz aparte, oraingoz ez da sumatzen McDonald's-en eta Vkusno i Totxka-ren artean alde nabarmenik. Sarrera leporaino dago, bezeroek terminal elektronikoetan eskatzen dute menua eta langileak mostradoreen atzean presaka dabiltza gertu dauden eskaeren zenbakiak iragarriz.

Olegek janari lasterreko beste sare batean lan egiten du eta honen inauguraziora etorri da, «momentu historiko hau bizitzeko, nolakoa den ikusteko, zein den menua. Eta berdina dirudi».

Petroliotik gastronomiara

Alexandre Govorrek 2015. urtetik talde estatubatuarraren 25 lantoki ustiatzen zituen Siberian eta McDonald's-en firma erosi zuen pasa den maiatzean.

Hori bai, gutxienez bi urtean zuzeneko 51.000 langileak mantentzeko konpromisoa hartu behar izan zuen, aurretiko baldintza berberekin. Frankiziaren mendean lan egiten zutenek ez zuten lana mantentzerik izan.

Petrolioa fintzeko Neftekhimservice enpresaren sortzaileetarikoa da Siberiako hegoaldean dagoen Novokouznetsk-en jaioterria duen 62 urteko enpresaburua. Gastronomiara jo zuen 2014an eta asmo handiko proiektuak ditu. Izan ere, salerosketa kontratuak berak 2022. urtean 7.000 milioi errublo (100etik gora milioi dolar) inbertitzeko konpromisoa du eta McDonald's Errusiara itzultzea ez du inola ere baztertzen.

Duela 32 urte

Sobietar Batasunaren lehen «McDo» jantokia Puxkin plazan zabaldu zuten 1990eko urtarrilean, «sozialismo errealaren» esperientzia suntsitu baino bi urte lehenago. Lehen egunean 30.000 bezero izan zituen, munduko errekorra. Hanburgesa bat erosteko grinak eragin zuen izugarrizko ilara kondaira bilakatu zen.

Ez da errekor bakarra izan. 30 urtean 140 milioi bezero hartu ditu, &hTab;Errusiako populazioa bezainbeste. Mundu osoan bisitatuena izan da.