02 JUL. 2022 Denok neskame Itziar Elizondo - @itziarelizondo Harremanak Elkartea Ohartarazita geunden. Sinesgogorrenek ere behingoz onartuko dute fikzioak abisu eman zigula. Margaret Atwooden «Neskamearen ipuina» hementxe bertan dugu, ate joka. Ez bakarrik paperean (Txalaparta, 2020, Zigor Garrok euskaratua) edo pantailarako bertsioan (Netflixen). Munduko lehen demokrazia deitzen dioten leku horretan pistolek emakumeek baino eskubide gehiago dituzte jada. Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala indargabetu du, eta sarritan bertan gertatzen dena erreferentea denez Mendebaldeko gizarteetan, atera kontuak. Giza eskubideak hain dira ahulak, ezen eskubide horiek existitzeak gu guztion eguneroko konpromisoa eskatzen baitu. Ezer ez dago bermatuta, pribilegiatuen klubean bizi ez bazara behintzat. Ez baitu inork zalantzan jartzen Texas eta gainontzeko estatu kontserbadoreetan emakume gutxi batzuek diruak ematen dien askatasun osoa izango dutela beste nonbait abortatzeko. Izan ere, klase pribilegiatuek edonon, han eta hemen, ez dute gainontzekoontzat hil edo bizikoak diren eskubideen horrenbesteko beharrik. Haiek, aldiz, eskubideak baino gehiago neurrira eraikitako sistema judiziala behar (eta lortzen) dute, delitu ekonomikoak egitea egokitzen zaienean kartzela zigorra saihesteko. Eskubideak baino gehiago neurrira eraikitako sistema fiskala behar (eta lortzen) dute, beren ondare eta etekin ekonomikoak estatu lapurtzaileak ken ez diezazkien denon zerbitzu publikoak iraunarazteko. Eskubideak baino gehiago neurrira eraikitako sistema ekonomikoa behar (eta lortzen) dute, non finantza produktuen osasuna lan baldintzak baino garrantzitsuagoak den ekonomiaren egoera neurtzeko. Eta horrela dena. Bere burua sozialdemokratatzat duten gobernuak ez dira kapaz izan irtenbide ezkertiarra emateko 2008tik jarraian izan diren krisialdiei, eta ematen du 2022ko denbora-espazio honetan kapitalismoaren zulo beltzak bere atzaparretan hartuko gaituela bertatik ihes egin ezinik. Aldaketa klimatikoa, gerrak, mota orotariko biolentziak (politikoa, ekonomikoa, kulturala, emakumeen eta LGTBI+ pertsonen kontrakoa…) eragindako injustiziak, faxismoaren gorakada… Mehatxuen zerrenda luzea da. Eta zuk, demagun, gizonezkoa izanik –klase ertainekoa, zuria, hipoteka eta urtean behin oporrak ordain dezakeenetakoa, seme-alabak sistema publikoan eskolatuak, Osakidetzan mediku euskaldun batek artatua eta euskaraz bizi denetakoa– uste baduzu emakume beltz eta pobre batek Louisianan legez abortatu ezin izateak ez duela eraginik zure bizitzan zure eskubideak urratzen ez dituelako… ondo jaioa zaude! Giza eskubideen defentsan denok batera egon behar dugu, haien alde tokian tokikotik borrokatuz baina begirada globalarekin. Bestela, kontserbadurismo globalak denok egingo gaitu neskame. •