02 JUL. 2022 «ELEUTERIOREN TXABOLEA» Zeanurik Eleuterio Goikoetxea omenduko du Egiriñaoko aterpearen mendeurrenean Ehun urte dira Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarrak Egiriñaoko (Gorbeia) aterpea inauguratu zuela. Datorren zapatuan, uztailak 9, gertaera hori gogoratu eta Goikoetxea omenduko du Zeanuriko Udalak. Gorbeiaren tontorretik hurbil, «Eleuterioren txabolea» Euskal Herriko lehen mendi ostatua izan zen. Xabier Izaga Arrabako larreen ondoan, Aldamin mendiaren magalpean eta Gorbeiaren tontorretik hur, Egiriñaoko pagadia dago. Aspaldi erreparatu zion Eleuterio Goikoetxeak paraje haren ederrari. Bertatik gero eta jende gehiago igarotzen zela ere konturatu zen eta, duela ehun urte, Egiriñaoko aterpea zabaldu zuen, Euskal Herriko lehen mendi ostatua. Datorren uztailaren 9an ospatuko dute aterpe-ostatu haren mendeurrena. Ospakizunaren egitarauaren zatirik handiena Egiriñaon bertan egingo dute, aterpearen parean, 12.00etan hasita, baina goizeko 9.00etan Zeanuriko plazatik martxa gidatu bat abiatuko da Egiriñaora joateko. Nahi duten guztiek parte har dezakete ibilaldi horretan. Mendeurrena ospatu eta haren sortzailea omentzeko ekitaldia Zeanuriko Udalak antolatu du. Besteak beste, gaur egun aterpearen jabe diren hiru mendi taldeen ordezkariek ere parte hartuko dute ekitaldian: Arnotegi Mendi Taldeak, Bilbao Alpino Clubek eta Juventus S. D. elkarteak. Mendi aterpe baten historia Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarra mendiko turismoaren aitzindari dela esan daiteke. XX. mendearen hasieran indar handia hartu zuen mendizaletasunak, mendi elkarteek gero eta txango gehiago antolatzen zituzten, batez ere uda aldean, Euskal Herriko eta inguruko lekuetako mendietan zehar. Garai hartako zenbait idatzik, gainera, kirol horren onurak nabarmentzen zituzten, alderdi fisikoari eta psikikoari dagokienez. Dirudienez, 1919an eraiki zuten Euskal Herriko lehen mendi aterpea Pagasarrin, egia esateko hura beste ezer baino gehiago askaldegia bazen ere. 1922ko uztailean Egiriñaon inauguratu zutena, berriz, benetako mendi ostatua zen. Gorbeiako mendiguneak eta bereziki Gorbeiaganak erakarrita mendizale ugari Arratiako tranbia hartu eta Zeanuri nahiz Areatzara joaten zirela ikusita, Goikoetxeak diru apur bat irabazteko aukera sumatu zuen. Hartara, duela 100 urteko uztailaren 9an zabaldu zuen Egiriñaoko mendi ostatua, 1.200 metroko altueran eta Gorbeiako gurutzetik hurbil. Handik igaroko ziren Pagomakurretik Arraban zehar igotzen ziren mendizaleak. Handik igarotzen dira gaur egun ere. Oso ezaguna da Euskal Mendizale Federazioa 1926an argitaratzen hasi zen “Pyrenaica” aldizkaria. Lehenengo alean Egiriñaoko mendi aterpearen berri ematen zuen iragarki bat zegoen, honako testu hau zeukana: «Refugio alpino del Gorbea (1.200 m.) (pensionado completo). Primera hostería-alpina en la Región Vasca. Dormitorios generales, literas sueltas y habitaciones separadas. Considerables rebajas en concurrencias numerosas. Domingos y festivos, misa en la gruta anexa. Pídanse catálogos: Propietario, Eleuterio Goicoechea. Ceanuri (Vizcaya)». Mende hasiera hartan Gorbeiako paraje ederrak ikustera joaten zen jende asko gizarteko «goi mailakoa» zen, halako ahalmen ekonomikoa zuena, alegia. Gorbeian egun bat baino gehiago igarotzeko aukera eskaintzen zien Goikoetxearen aterpeak; babesa, janaria eta ohea. Jose P. de Duñabeitia y Menchaca Mendi Federazioko lehen bazkideak honela zioen 1926an: «Gaur egun, Egiriñaoko aterpe-ostatuari esker, Gorbeian egun batzuk igarotzea oso atsegina eta erosoa da, janaria eroateaz eta gaua pasatzeko lehorpea bilatzeaz ez zara arduratu behar eta». 1924an aterpe-ostatua berriztatu eta handitu egin zuen Goikoetxeak. Haren itxura Antonio Ferrerrek azaldu zuen 1927an argitaratu zuen “Nuestras Montañas” liburuan: «Aterpeak gurutze itxura du eta honako zerbitzuak eskaintzen ditu: 16 ohe mendizaleentzat eta beste lau Diputaziokoentzat, jantokia, suitea eta beheko sua; hodi baten bitartez Lekuotzeko iturritik ekarritako ur edangarria edukitzeaz gain, dutxatzeko gela bat ere badauka, komun eta konketarekin». Kartzela eta aterpe zatitua 1936ko gerran aterpea kaltetu egin zen eta, are okerrago, Eleuterio kartzelara sartu zuten. Kartzelatik irtendakoan, deserriratu egin zuten. Herritik kanpo izan zen zazpi urteetan haren emazte Gillerma Uriarte eta seme-alabak arduratu ziren aterpeaz. 1942an Espainiako Mendi Federazioko Euskal Ordezkaritzak aterpearen atal bi erosi zizkion Goikoetxeari 10.000 pezetan, eta hurrengo urteko uztailaren 11n inauguratu zuen atal bi horiek berriztatuta zeuzkan aterpea. Goikoetxeak eta bere familiak beste atala kudeatzen jarraitu zuten 1956 arte. Urte hartan hil zen Eleuterio Goikoetxea, maiatzaren 1ean, eta 1957an haren familiak Bilbao Alpino Clubi saldu zion bere jabetzapean zuen atala. Salmenta eskriturak Gillerma alargunak eta Begoñe alabak sinatu zituzten. Urte berean, Mendi Federazioak bere bi atalak salgai jarri zituen, baita saldu ere, bat Juventus S.D. elkarteari eta bestea Iberduero Lan Taldeko Mendi Elkarteari. 35 urtean «Eleuterioren txabolea» izan zenak Egiriñaon jarraitzen du gaur egun, hiru ataletan banatuta, eta Arnotegi Mendi Taldea, Bilbao Alpino Club eta Juventus S. D. elkartea dira zati banaren jabeak. Aterpe-ostatutik hur baseliza txiki bat ere eraiki zuen Goikoetxeak, Elurretako Amarena, udako igandeetan eta jaiegunetan artzainek eta bisitariek meza entzuteko aukera izan zezaten. Zeanurin ere ospetsua Eleuterio Goikoetxearen aterpe-ostatuak ospe handia izan zuen mendizaleen artean, baina baita inguruko herrietan ere, batez ere Zeanurin, Goikoetxearen herrian, hain zuzen. Hantxe ipini zioten «Eleuterioren txabolea» izena. Ospe horren erakusgarri, lagunek parranda giroan abesten zizkioten bertsoak, oraindik Zeanurin oso ezagunak, “Joxe Migelen batela” kantu herrikoi ezagunaren doinuan intonatzen dituztenak: Eleuterioren txabolan gosea franko izango da, baita bere egarrie dalako gizon baragarrie. Eleuterio, Eleuterio, Eleuterio, Eleuterioren txabolan. Zeanuritik baraurik urtetan badozu, Gorbeiera orduko damutuko jatzu. Damutuko jatzu te damutuko jatzu, Zeanuritik baraurik urtetan badozu. ELEUTERIO GOIKOETXEA, ZEANURIKO ALKATE ETA MENDIKO OSTALARI Eleuterio Goikoetxea Goikuria Zeanurin jaio zen 1888ko urriaren 1ean Zubiate izeneko etxean. Etxe hura Rotaetxe familiaren jabetza zen eta Eleuterioren aita, Felipe Goikoetxea, familia haren administratzailea izan zen. Aitaren ardura hori hartu zuen gero Eleuteriok. Eraikuntzan eta finka tasatzaile moduan ere lan egiten zuen eta, hala berean, Bilboko portuko obra batzordeko enplegatua izan zen. Auzokideen artean pertsona errespetatua zen, eta sarritan gatazketan arbitraje edo bitartekari lanak egiteko deitzen zioten. 1915eko urtarrilaren 23an Guillerma Uriarterekin ezkondu zen eta hamar seme-alaba izan zituzten: Andoni, Iñaki, Karmele, Mikel, Arantza, Elisabete, Begoñe, Jon Aingeru eta jaio berritan hil ziren beste bi. Kultura munduan jarduna, Zeanuriko Dantzariak taldeko ordezkari izan zen. Baita Zeanuriko Junta de Acción Católicako idazkari ere, oso fededuna zen eta. Horregatik, ez da harrigarria 1922an Egiriñaon Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua zabaldu zuen gizonak eduki zuen kezka: Arrabako zelaietako baseliza jausi ostean, artzainek eta bisitariek meza entzuteko aukera edukitzea. Kezka hura zela eta, aterpetik hurbil, Egiriñaoko hormetan, mazela arrokatsu hartan sartuta, kanoi-ganga moduko eraikin txikia egin zuen, Elurretako Amaren baseliza. Eraikin horrek 3 x 2,25 metro ditu eta sarrerako atea inguratzen duen burdinazko hesi txiki batez itxita dago. Barruan, Gasteizko Udalak berrogeiko hamarkadan emandako irudia dago, eta gaur egun ere San Inazio egunean meza ematen dute Gorbeiako mendizaleen eta artzainen omenez. Abertzalea ere bazen Goikoetxea, EAJko kidea, eta 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan boto gehien hartu zituen hautagaia izanda, Zeanuriko alkate izendatu zuten. Udalbatza osatzen zuten hainbat ideologiatako hamar zinegotzietatik bederatzik haren aldeko botoa eman zuten eta batek boto zuria eman zuen. Hartara, II. Errepublikako lehen alkatea izan zen Zeanurin. 1936ko gerran faxistek atxilotu eta Larrinagako espetxean kartzelatu zuten. Hiru urte eman zituen han. Kartzelatik irtendakoan, deserriratu egin zuten eta Oñan (Burgos) egon zen. Guztira, zazpi urte eman zituen herritik kanpo. Frankistek Zeanuriko Udaletik Gobernu Zibileko Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintzialera bidali zuten txostenean honelako datuak eman zituzten Goikoetxearen gainean: «(...) durante el alzamiento desempeñó la alcaldia de Ceánuri y el cargo de Presidente del llamado Comité de Defensa que llevaba anejo el de Jefe de Orden Público. Fue separatista siempre y director de esta tendencia en su pueblo y por ello bien visto y consideradísmo en las altas esferas antiespañolas. La solvencia económica del mismo conocida consiste en la propiedad de una especie de Hotel de verano llamada refugio sito en el monte Gorbea que se estima unas 5.000 pesetas y otras 20.000 que se le suponen en metálico y esto aparte de los rendimientos que le dieran sus cargos de administrador de todos los Rotaeches y su empleo de la Junta de obras del Puerto de Bilbao». Eleuterio Goikoetxea 1956ko maiatzaren 1ean hil zen, 68 urte zituela, bihotzekoak jota. Uztailaren 9an zabaldu zuen Goikoetxeak Egiriñaoko mendi ostatua, 1.200 metroko altueran eta Gorbeiako gurutzetik hurbil. Handik igaroko ziren Pagomakurretik igotzen zirenak