Gorka Zozaia
Kimikaria

Bakterioak ikusgai

Suitzako CERNek LHC azeleragailuaren motorrak berriz piztu behar zituela irakurri nuen atzo eta gaur, lerro hauek idaztean, dagoeneko partikula exotiko berriak antzeman ditu; pentaquark bat eta bi tetraquark. Gaia zirraragarria denik ezin ukatu, baina ez nituzke errepikatu nahi pasa den urtean “Berria eta erraza” artikuluan oinarrizko partikulen ikerketaren nondik norakoaz emandako azalpenak. Aurkikuntza nabarmenago baten berri izan dugu pasa den astean bizitzaren zientziaren alorrean, “Science” aldizkarian argitaratu denez, begi bistaz ikusten ahal den zentimetro bat luze den bakterioa aurkitu dutenean. Karibeko uretan egin dute aurkikuntza, Guadalupeko mangladietan, eta txundituta utzi ditu ikerlariak. Gaur arte ezagutzen zen bakteriorik handiena baino 50 aldiz handiagoa da hau, ohikoak baino 5.000 aldiz handiagoa, «Everesten tamainako gizaki bat topatu izan bagenu bezala», azaldu du tamaina arrakala Jean-Marie Volland ikerlariak. Thiomargarita magnifica izena ezarri diote filamentu itxura duen eta sufrea metabolizatzeko gai diren familiakoa den superbakterio honi.

Teorikoki bakterio batetik espero zen baino askoz handiagoa izateaz gain, uste zen baino konplexuagoa dela erakutsi du espezie honek. Bere genomak ohiko bakterioek baino hiru aldiz gene gehiago ditu eta bere DNA “pipita” deritzaten egitura edo organuluetan banatuta dago, mintz baten antza erakutsiz. Halako konplexutasunik ez da gaur arte bakterio batean antzeman eta, zientzialarien esanetan, bizidunen eboluzioaren eta biologiaren oinarrizko printzipio batzuk birplanteatu eta zalantzan jartzera eraman ditu aurkikuntza honek. Zehazki, mundu prokariotaren bertsio posibleak zabaldu ditu eta bakterioak sinpleak eta eukariotoak konplexuak diren ustea ezeztatu. Hori bai, ikertzaileek azpimarratu dutenez, zelula bakterianoaren kontzeptua desafiatzeak ez du esan nahi zelula prokarioto eta eukariotoen arteko katebegi galdurik aurkitu denik.

Bakterio batez ari gara, beraz. Lurrean agertu ziren lehen izaki bizidunak dira, eta egun habitat gehienetan aurki daitezke, baita 0 ºC azpiko zein 100 ºC-ko tenperaturetan ere. Mikra baten tamainakoak dira gehienak eta oso anitzak dira itxuran, irudian jasotzen denez. Bakterio gehienak ezezagunak zaizkigu, baina era berean, biomasaren gehiengoa osatzen dutela uste dute zientzialariek. Zatiketaz ugaltzen denez, bakterio bakar batetik munduko biztanleria adina bakterio sortzen ahal dira pare bat egunetan, eta hala, 40 milioi bakterio inguru topa liteke lurzoru gramo bakarrean, edo milioi bat ur mililitro garbi batean. Gure gorputzetan, adibidez, ditugun zelulak baino 10 bider bakterio gehiago topa litezke, gehienak digestio aparatuan. Lurrean 5x1030 bakterio daudela kalkulatzen da. Ikusgai dugu beraz, begiekin (ia) ikusi ezin dugun munduak bizitzaz eta materiaz zer berri ekarriko dizkigun. •