Amaia Nausia Pimoulier

Erritu konpontzaileak

Kultura eta herri guztiek, historiako momentu ezberdinetan, urtean gertatutako gaitzak, oztopoak, tentsioak ateratzeko erritu ezberdinak erabili izan dituzte. Esate baterako, Ghanan heriotza batek ematen duen mina ateratzeko dantza egiten dute hildakoaren gorpua garraiatzen duten bitartean. Indonesian, aldiz, heriotzarekin jarraituz, Sulawesi irlan, asteetan zehar festa erraldoia egiten dute hildakoaren bizitza ospatzeko. Hemen ere izan ditugu horrelakoak, heriotzari lotuak, eta ez bakarrik horri.

Oso interesgarriak suertatu zaizkit beti taldearen edo herri oso baten ezinegonak edo haserreak ateratzeko erritualizatuak dauden gertakariak. Adibidez, orain dela mende asko gure herrietan xaribariak, zenzerradak edo matrakak ospatzen ziren urtero. Ez zegoen garai zehatz bat, baina inauterien modura, jendeak erabiltzen zituen barne ezinegona ateratzeko, arauak apurtzeko, herrian gertatutakoa salatzeko, edo taldekide baten jokabide txar bat salatzeko. Askotan autoritateen kontra jotzen zuten, besteetan taldeko kide ahulenaren kontra jotzen zuten. Gizon gazteak izaten ziren batez ere salatariak, mozorrotuta, inork ezagutu ez zitzan –nahiz eta jakina izan nortzuk ziren– herriko kaleetatik ibiltzen ziren koplak abesten eta euren “biktimen” kontra irainak botatzen.

Neskatxa gazte batekin zebilen apezaren kontra, alkate ustelaren kontra edo bigarren aldiz ezkontzen zen alargunaren kontra. Berdin zion, urtean zehar pilatutako ezinegona exorzizatzeko modu bat zen, gatazkak kudeatzeko modu onartu bat, biolentzia bideratzeko erritu bat. Sistemak disidentzia seinale txiki horiek onartzen zituen, gaitz handiago bat saihesteko.

Protesta modu erritualizatuek pilatutako tentsioen ihesbide gisa balio dute. Presio eltze baten balbula bezalakoa da, lurruna dena lehertu gabe ateratzea ahalbidetzen duena. Gure herrian, non bi aldiz errepikatzen den guztia tradizio bihurtzen den, ondo ezagutzen ditugu erritual konpontzaile hauek. Iruñean San Ferminekin lotutako hainbat adibide ditugu. Lehenengoa “Riau riau”-an gertatzen zen, uztailaren 6an, alkateak eta zinegotzi guztiek osatutako udal segizioak La Pamplonesa udal bandari kaleetan laguntzen zionean Astrainen balsaren erritmoan. Jendeak gogoz itxaroten zuen politikariei gustatu ez zitzaiena kantatzeko eta aurpegiratzeko erritualean arauak urratzea baimenduta zegoen okasio hura. Baimendutako indarkeria mota bat zen, erritu konpontzaile bat, non klase politikoa eta herria banatzen dituzten hierarkiak hausten ziren. Baina 1992an ezabatuta, Iruñeko herria bere erritu konpontzaile nagusietako bat gabe geratu zen.

Horra hor Curia kaleko errituaren jatorria, “Riau riau”-a desagertuta, jendea 7ko prozesioaren eguna aprobetxatzen hasi zen boterearen kontra jotzeko. Prozesioaren azken txanpan, katedraleko igoeran, jendeak apezak eta politikariak itxaroten zituen urteko barne haserreari irteera emateko. Egia da sanferminak berak badirela ihes balbula handia; dantza eta festaren bidez ezinegonei irteera ematen diegu iruindarrok. Baina garai politikoen arabera, batzuetan ez da nahikoa, edo batzuentzat behintzat ez da nahikoa eta erritu konpontzaile oldarkorragoak bilatzen dituzte. Beste azterketa interesgarria bat, bestalde, genero ikuspegiak emanen liguke, izan ere, bai matraketan bai Curia kaleko kasuan protagonisten generoa ez da kasualitatea. Edozein kasutan, eltzeak presio gehiegi duenean lurruna nonbaitetik atera behar da. •