Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Euskal curriculumak egingo gaitu euskaldun

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Elkar Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak elkarrekin antolatu zuten «Euskal curriculuma: Egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak» jardunaldia ekain hondarrean Donostiako San Telmo museoan. Hainbat lekutatik begiratu zioten adituek eta arituek euskal curriculumari, euskalduntzeari eta euskaratzeari. Zer pentsatu eman ziguten begiradek.

Jardunaldian entzun genuen guraso euskaldunei gaztelaniaz zuzentzen zaizkien haur eta gazteen kasua. Hizlariaren aburuz, guraso horiek ez zieten beren seme-alabei esango «gu euskaldunak gara». Ondorioz, horra hor, bizitzen ariko ginatekeen identitate transmisioaren etenaren adibideetako bat. Oharkabean gertatzen ari diren galera horiek guztiek urgenteki eskatzen dute euskal curriculumaren gaia, beste batzuekin batera, Hezkuntza eta Hizkuntza Politiken mahai gainetan jartzea. Berandu baino lehen.

Bien bitartean, ekain hondarrean, Larraineko (Zuberoa) eskola publikoa okupatu dute euskarazko murgiltze sistema eskatzeko. Era berean, Nafarroa Beherean, eskola elebidunek euskara indartzea eskatu dute.

Eta zer-nolako lezioa eman diguten azterketak euskaraz zuzendu ditzaten eskatzeko borrokan ari diren ikasle, guraso eta irakasleek. Izan ere, aspalditik ari dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleen matematikako eta historia-geografiako azterketak euskaraz zuzentzen. Ez, ordea, zientzietakoak.

Urte osoan euskaraz ikasitakoaren azterketa euskaraz erantzun eta euskaraz zuzendua izatea eskatzen dute. Logikoa. Ikasturte honetan 252 ikasle izan dira horiek; ia denek baxoa euskaraz egiteko hautua egin dute. Garbi dago, ikusi nahi duenarentzat noski, logika irizpidearen aurretik beste hamaika aplikatzen direla, eta gehienak pedagogiarekin eta hezkuntzarekin zerikusia ez dutenak, gainera.

Txalogarria iruditu zait gure hizkuntza ofiziala izatera ere iritsi ez den lurralde horietako hezkuntza komunitateko kideek abiatu duten borroka. Euskararen aldeko aldarriaren azpian, eta harekin bat, identitatearen eta kulturaren eraikuntzan ari den komunitatearen adibide bikaina bilakatu baitira.

Euskararen normaltasunaren paradisutzat dugun EAEn, baina, urruneko eltzeak urrez, iritsi eta lurrez. Izan ere, euskararen normalizazio legea 40 urte betetzeko zorian den honetan, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Hezkuntza Sailak berak gaztelania hutsa darabilte lanerako zabaltzen dituzten txosten askotan. Pentsa, oraindik orain erabaki du Hezkuntza Sailak irakasleen lan hitzarmenaren euskarazko testuak izatea lehentasuna gaztelaniazko testuaren aurrean. Bazen garaia.

Etorkizunean euskaldun gisa aukerak izan nahi baditugu, euskal curriculuma gure eskoletako eta ikastoletako curriculuma izatea nahi badugu, borrokarako metxa piztu beharrean gaude.

Isiltasuna nagusitu da heziguneetan jada. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garai eta Behereko eta Zuberoako ikasle guztiek amaitu dute ikasturtea. Baita Euskal Herri osoko hezkuntzako langileek. Kito. Ongi merezitako oporrak opor izan daitezela guztientzat! •