Sugeak behatu, ezagutu eta identifikatu, errespetatzen hasteko lehen pausoa
Sugeak ez dauka izen onik. Gertaera eta kondaira askoren protagonista da eta orokorrean, beldurrez begiratzen zaie. Ezezagutzatik elikatutako joera da. #Sugebizi proiektuak bi urte daramatza sugeak behatzeko gonbidapena eginez; sugeak patxadaz behatu sugeei begiratzeko modua aldatzeko.
Sugegorria baino gaiztoagoa dela esaten da norbaiten zitalkeria nabarmendu nahi denean. Hernani inguruan, urrutixeago joanda, «subegorriya isatsian jota baiño gaixtuagoa da hoi!», esaten da. Dotore asko jasoak dituzte kontu horiek Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirre Goiak “Gure faunari eta florari begira” liburuan.
Sugeak ustez egindako aldrebeskeriek belaunaldiz belaunaldi egin dute bidea. Gertaerak edo kondairak diren garbi ez dagoen arren –kontatzen direnek pulamentu zientifiko eskasa daukate askotan–, egin duten kaltea egiazkoa eta bistakoa da: sugeak ospe txarra dauka.
Kontuak horrela, sugeak bere gain daraman kargaren ondorioa larria da: norbaitek suge batekin topo eginez gero, ohikoa da sugea makilaz akabatzea.
Pentsa norainokoa den sugearen izen eskasa, sugea bera erasoak edonondik jasotzeko prest egoten dela. “Gure faunari eta florari begira” liburuan suge gorbatadunaren inguruan jasotzen denez, «erasoak edozein tokitatik datozkio beraz, eta berak ere zerbait egin behar, eta prest izaten du zirikotea. Estu ikusten badu bere burua, usain ustela isuriko du, eta hura ahoan daraman piztiak askatuko du bai, mantsoagatik. Beste zenbait kasutan, gizakiekin tokatzen bada, hil-plantak egiten ere badaki, tripaz gora jarri eta miztoa kanpoan duela, esanez bezala: ‘ez hartu alferrikako lanik, seko nagok-eta!’».
Sugeak hobeto ezagutzea
#Sugebizi proiektuak bigarren kanpaina egin du aurten. Iaz jarri zuten martxan Aranzadikoek eta ekimen erabat interaktiboa da. Herritarrek Twitter sare sozialean jartzen dituzte sugeen argazkiak eta non eta noiz ikusi dituzten zehazten dute. Trukean, herpetologoek zein espezietakoak diren adierazten diete. Herritarrek bidalitako informazioa baliatuta, Aranzadik mapak osatu ditu astez aste, sugeak non agertu diren seinalatuz eta ikusiak izan diren suge motekin rankinga eginez. Aurtengo #Sugebizi kanpainan 136 parte-hartzaile izan dira eta 236 sugeren aurkikuntzaren berri eman dute; %78 bizirik eta %22, hilda.
Aranzadiko Ane Fernandez herpetologoak azaldu duenez, «sugea urte askoan pelikulako gaiztoa bezala ezagutu dugu. Kondairak, ipuinak... ospe txarra dauka. Gainera, haietako gutxi batzuek pozoia daukate eta horrek beldurra ematen digu. Baina berez animalia oso lasaiak dira eta ez dute erasotzen». Ez da erraza suge bat ikustea, «beren helburua ikusiak ez izatea delako». Beraz, oharkabean pasatzen dira askotan eta hori da maite dutena. «Narrasean ibiltzen dira lurretik, ez daukatelako hankarik. Edozein tokitan egon daitezke, baina asko gustatzen zaizkie errepide bazterrak, pistak, landaretza hazi den eremuak, eguzkiak jotzen duen tokiak, harrizko paretak… baina, aipatu bezala, edozein tokitan egon daitezke», esan du Fernandezek.
Ingurumenean betetzen duten funtzioaz galdetuta, zehaztapena egin du herpetologoak. «Askotan esaten da plagak kontrolatzeko balio dutela. Baina nahiago dugu bultzatu edozein animalia edo landare bezala, sugeak ere ekosistemaren parte direla eta horregatik baloratu behar ditugula, ez funtzio bat edo bestea dutelako. Azkenean funtzio horri garrantzia eman ohi zaio animalia horiek ez ditugulako hainbeste maite eta agian justifikazio bat topatu behar dugulako. Baina besterik gabe, funtziotik aparte, animalia horri balioa ematen, errespetatzen eta zaintzen jakin behar dugu».
#Sugebizi hain justu ezagutza eta sentsibilizazio behar horretatik sortu zen. «Sugeen inguruan dagoen ezezagutza horren ondorioz, askotan suge bat ikustean joera dago akabatzekoa, beldurragatik eta ezjakintasunagatik. Ez dakigunez sugea identifikatzen, joera dago makilarekin jotzekoa. Askotan aurkitu ditugu hildako sugeak. Horregatik bultzatu nahi dugu sugeen inguruko ezagutza, identifikatzen ikasteko, sugegorriak zeintzuk diren eta zeintzuk ez ikasteko eta suge batekin topo egitean nola jokatu behar dugun jakiteko».
Euskal Herri osoan hamaika suge espezie daude. Horietatik hiru sugegorriak dira, pozoia daukate, eta gainontzekoek, ez. Hona Euskal Herriko espezieak: eskailera sugea (Zamenis scalaris), Eskulapioren sugea (Zamenis longuissimus), sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei), Lataste sugegorria (Vipera latastei), aspis sugegorria (Vipera aspis), suge biperakara (Natrix maura), suge gorbatadun iberiarra (Natrix astreptophora), Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus), suge berde-horia (Hierophis viridiflavus), hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) eta iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca).
Suge bat ikustean, zer?
«Suge batekin topo egiten dugunean, ez diogu eraso egin behar eta ez diogu trabarik egin behar. Naturagune batean topatzen badugu, ulertu behar dugu hori dela bere berezko bizitokia, ez dagoela guri erasotzeko edo molestatzeko. Uneaz gozatu –ez da hain ohikoa suge bat topatzea– sugea behatu, baina ez trabarik egin», azaldu du Fernandezek. «Bestelako eremuren batean topatzen badugu, etxe inguruan edo molestatu dezakeen toki batean, horren eskumena basozainena da eta 112 zenbakira deitzea aholkatzen da. Hortik basozainei abisua pasatzen diete eta haiek arduratzen dira eremu natural batera eramateaz».
Pasa den maiatzean, Errenteriako San Markos inguruan, suge batek koska egin zion hiru urteko haur bati. Gurasoak larrialdietara gerturatu ziren haurrarekin, sugea ere tuper batean hartuta. «Suge batek kosk egiten badizu, lehen aholkua: lasai egon. Ez badakizu zein suge klase den, erietxera joan zaitezke. Sugegorri bat dela baldin badakizu seguru, orduan bai, erietxera joan. Bertan antihistaminiko bat jarriko dizute eta behaketan utziko zaituzte tarte batean, alergiarik baden ikusteko. Baina berez pozoi horrek ez du kalterik sortzen, ordu batzuetan hantura joaten da eta kito. Ez da pertsona bati kalte handia egiteko modukoa».
Hiru sugegorri espezie daude eta hirurentzat antihistaminiko bera erabiltzen da. «Ez da sugea larrialdietara eraman behar. Azkenean horrek zu arriskuan jar zaitzake. Sugea harrapatzen saiatzen bazara, berriro koska egiteko arriskua dago eta hori okerragoa izan daiteke. Penintsulan dauden hiru sugegorri horien kontrako tratamendua bera da», gaineratu du. Gerta daiteke koska egin dizun sugea sugegorria ez izatea. «Kasu horietan, ez da ezer gertatzen, zauri txiki bat da, garbitu eta kito».
Fernandezek nabarmendu duenez, sugearen helburua ez da inori eraso egitea. «Sugeak egiten duena ihes egiten saiatzea da. Askotan zapaldu egiten dugu konturatu gabe, erasota sentitzen da eta defendatzen saiatzen da. Baina ez da ohikoena, normalean ihes egiten du».
Egoera zehatza ezin jakin
Zein egoera bizi du sugeak Euskal Herrian? «Euskal Herriko katalogoan ez dago ezta suge bat ere sartuta, baina benetan ez dakigu zein den beren egoera, ez dagoelako daturik. Ez dago sugeen populazioaren eta haien joeraren daturik. Beraz, ezin dugu esan ondo edo gaizki dauden. Baina seguruen, eta dituzten mehatxu guztiak kontuan hartuta, ez du ematen oso ondo daudenik, baina ezin dugu ziurtatu, zientifikoki ez dagoelako daturik. Horregatik da garrantzitsua sugeen ikerketa desberdinak egitea eta horrelako kanpainen bitartez datuak ateratzea, sikiera banaketa pixka bat ezagutzeko», azaldu du.
Bide horretan, #Sugebizi proiektua arrakastatsua da, jende askoren parte-hartzea ekarri du eta hori garrantzitsutzat du herpetologoak, «batetik, oinarrizko informazio bat ematen duelako. Aipatu dudan bezala, sugeen inguruan ez dago daturik eta gutxienez haien banaketa ezagutzeko aukera ematen du. Baina horrelako kanpainetan laginketa ez da zientifikoki zorrotza, bere mugak dauzka. Baina guretzako oso baliagarria da jarraipen planak egin ahal izateko eta datu gehiago izateko. Bestetik, eta batez ere, gizarte mailan edo dibulgazio aldetik garrantzitsua da ekimena. Hori da helburu nagusia. Sugeak ezagutzeko eta maitatzen hasteko bidea izan daiteke. Maitatzen edo gutxienez errespetatzen. Eta ez da gutxi», esan du Ane Fernandezek.
#Sugebizik ikasketa interesgarriak utzi ditu. Batetik, sare sozialak, ondo erabilita, tresna erabilgarria izan daitezkeela. Bestetik, sugeen inguruko ikasketa natura behatzeko aukera dotorea dela. «Jendeari aitzakia eman dio mendira atera eta inguruetara zorrotzago begiratzeko. Ingurune naturala ezagutuz
ZERGATIK EMATEN DIGUTE BELDURRA SUGEEK?
Lilura eta beldurra kasik parte igualetan pizteko abilezia daukate sugeek. Aranzadik sugeen inguruan egindako informazio hari batean zehaztu duenez, «beldurra arriskutsuak direlako ematen digutela pentsatuko duzue, baina… hala al da? Ezagutzen duzu suge batek hozka egiteagatik hil den inor? Egia esan, galdera horrek gure portaerari buruzko zenbait galdera planteatzen ditu».
Izan ere, sugeen beldur izatea berezkoa da ala ikasitakoa? Vanessa LoBue eta Judy DeLoache psikologoak eta Lynne Isbell antropologoak gizakiok sugeei ez diegula berezko beldurrik aurkitu dute. Berezko gaitasuna dugu haien presentziaz ohartu eta berehala antzemateko. «Sugeen irudiei beste estimulu batzuei baino azkarrago erantzuten dieten neurona espezializatuak aurkitu ziren. Neurona horiek informazio bisuala zuzenean prozesatzen duen garunaren zatian daude, garun-kortexaren parte-hartzerik gabe (zati ‘arrazionala’). Sugeekiko beldurra gero azaleratzen da, informazioa gure garunaren zati arrazional horrek prozesatzen duenean, esperientzia negatiboekin edo ikasitako aurreiritziekin erlazionatzean. Alegia, beldurra bera ikasi egiten dugu, baina horretarako predisposizioa dugu», zehaztu dute aipatutako ikerlariek.
Beste ikerketa batzuek erakusten dutenez, inolako aurre-esperientziarik gabeko hilabete gutxiko haurrek ez dute inolako beldurrik erakusten suge baten aurrean, helduen izu edo kezka erreakzioez lagunduta datorrenean salbu. Era berean, ez gara sugeekiko berez erreakzionatzen dugun bakarrak. Ziur aski, gaur egungo primateekin komunean ditugun arbasoetatik jaso dugu ebolutiboki erreakzio hori; izan ere, primate horiek edozein sugeren alarmaren aurrean berehala erreakzionatzen dute.
Berezko aurretiko joera honek moldaeran du azalpena: gure espezieko arbasoek suge benetan arriskutsuekin partekatzen zuten habitata, eta horiek azkar detektatzeak istripuak saihesten zituen. Biziraupen kontua zen, alegia. Beste primate espezie batzuen kasuan ere hala da, baina, gaur egunean eta gure kasuan, oinarririk ba al dauka beldur horrek?